Iker BARANDIARAN
{ KOADERNOA }

Egin OFF!

Nire bi lagun handik ez daukate whatsapp ezta internetdun telefonorik. Sakelako telefonoa badute justu-justu, eta ez dute gailu hori berritzeko inongo asmorik: hitz egiteko edo deituak izateko baliatu, eta nahiko.

Gainerako lagunoi harrigarria egiten zaigu eta tarteka -kasu puntualetan- haiekin asaldatu ere egiten gara, baina agian barren-barrenean gehienok bi horiek daramaten bizitza erritmoari inbidia puntua diogu.

Ditxosozko aparatu hauek internet leihoa une oro zabalik izanik, haiei begira egoteko denbora mugagabea eskatzen dute, eta hala ibiltzen gara itsututa gehienetan, denbora barra-barra galduz. Izan ere, aipatutako bi lagunek zein sakelakoak tamainan erabiltzeko gaitasuna eta batez ere borondatea dutenek denbora hobeto baliatzen dute gauzak osotasunean egiteko. Ez da egia gaur egun tematuta ibiltzen garela hainbat gauza batera egiten, denbora «ez galtzearren» akaso? Eta, seguruenik, horrela jokatuta galtzen dugun gauza bakarra da zerbaitez gozatzeko kontzentrazioa eta asebetetzea.

Joan den astean izan dut aukera lagun horien bizitza erritmoa kopiatzeko, oporrak baliatuta eta testuinguru zeharo desberdinean, gainera: Istanbulera bidaiatzeko aukera izan dut eta hiri horretan internet konexioari eusteak ahalegin berezia eskatzen zidanez, leiho horri uko egin diot. Egunaren hasieran eta bukaeran -lo lekuan, alegia- wifi-ra konektatu naiz, baina hortik kanpo ezer ere ez. Eta halaxe bisitatu dut hiria, aurretik zehaztutako eta bete beharreko plangintzarik gabe, erreferentzia eta lokalizaziorik ez, kaleetan eta auzuneetan galduta, eta behar izan dudanetan jendeari galdetuz, hizkuntza oztopo izanik, baina jarrera on eta jakin-mina gehituta zailtasun hori saihestuz.

Ez naiz ni -zoritxarrez- bidaiari amorratua izan eta ez naiz munduko bazter guztietan ibilitakoa, baina bidaiatu dut, beti gozatuz, eta aspaldian faltan bota izan dut -oraintxe ohartu naiz erabat- bidaiatzeko lehen genuen modua: herri eta kaleetan galdu, ezeren bila joanda espero ez zenuenarekin topo egin eta, zergatik ez, bertako jendea bizi den eta mugitzen den lekuetan ibiltzea.

Hori guztia bizi ahal izatea eta berreskuratzea erraztu dit egun osoan zehar internetera ez konektatzeak; paradoxikoa ezta? Alajaina, unean unekoa deskubritu eta disfrutatzea, inongo gidoi eta presiotatik kanpo. Zein ederra! Bai, erabili dut sakelakoa argazkiak egiteko eta te bat gozatuz tarteka irudi horiek ezabatu eta errepasatzeko. Besterik ez!

Bestalde, aitortu behar dut ez dela erraza halako lurralde batean, adibidez, disko dendak zein kontzertu aretoak bilatzea; zer esanik ez halako hiri erraldoi batean, non biztanleek alboko kaleen izenei ere erreparatzen ez dieten… Kar, kar. Baina, hala ere, eta gehiago kostata (eta pasarte xelebre-gogoangarriak zirela medio), aurkitu ditut! Hortaz, bada bizitza Google Maps-etik kanpo ere, zorionez.

Horrez gain, lehen egunetan, lo lekura bueltan, ohartu naiz erritmoa azkartu egiten nuela egun osoan pilatutako mezuei erantzuten. Hori ere bada sarriago off egiteko beste arrazoi bat.

Esandakoa: herrialde zoragarria eta esperientzia bete-betea, internet gabeko egonaldia izateko hautuak lagunduta. Egin proba! Ez zarete damutuko.

Bukatzeko, bueltako hegaldietako bat atzeratu zenez, bi lagun horietako batek etorri behar izan zuen nire bila aireportura patxada osoan; besteak lanpetuegi zeuden. •