Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea / Redactor especializado en internacional
IKUSMIRA

Militarrek zer erantzun zain, hori da sudandarren patua

AFP
AFP

Sudandarrek Omar al-Bashir presidentea kargutik kentzeko eskatu zioten Armadari ia urtebete iraun zuen matxinadan. Ehunka hildako eta desagertu utzi ondoren, militarrek amore eman zuten 2019an, baina trukean trantsizio politikoa behatzen gelditu ziren. Sudandarrek boteretik alde egiteko exijitu zioten orduan Armadari. Militarrek estatu kolpe batekin erantzun zieten 2021ean. Urte honetarako agindu zuen Armadak trantsizioari berreustea. Baina, horra hor, akordioa sinatzear zirela, bi buruzagi militar gorenek elkarren aurka borrokatzeari ekin diote. Bata Armadaren burua da. Bestea, paramilitarren buruzagia. Antza, ez dira gai biharamunean nork aginduko duen adosteko. Benetako kontraesana. Ulertezina baita horrenbesteko tema, trantsizioaren ostean Armadak gobernu zibil baten esanetara egon behar badu. Benetako kontua ondorengoa da, ordea: ez batak ez besteak ez dute boterea, eta horrek dakartzan ondasun ekonomikoak, alde batera uzteko inolako asmorik. Ezta pentsatu ere. Sudandarrak liskarrak amaitzea eskatzen ari dira, eta ihesi dabiltza Khartum hiriburutik eta herrialde osotik. Ehunka hildako eta desagertu ondoren, militarren erantzunaren zain daude. Hobe, agian, erantzunik ez eskatzea.