GAUR8 - mila leiho zabalik

Donostiako langile-elkarteen federazioa

(RICARDO MARTIN. PHOTO CARTE FUNTSA. KUTXATEKA.)

Donostiako langile-elkarteen federazioak hainbat ekitaldi antolatu zituen 1922ko maiatzaren 1erako. Bezperan, Antzoki Zaharrean, aktore afizionatuek antzeztutako obra bat eta Remigio Peña baritonoaren errezital bat izan ziren, pianoan Secundino Esnaola Berrondo Donostiako Orfeoiko zuzendariak lagunduta. Maiatzaren 1eko goizean, mitina egin zuten Antzoki Zaharrean, gainezka zegoela. Besteak beste, Sergio Etxeberria donostiarrak eta Mediavilla eta Bengaray sindikatuetako ordezkariek hartu zuten parte. Irutxulo musika bandak girotutako eta milaka lagun bildu zituen manifestazioa ondoren egin zen eta hiriko kale nagusiak zeharkatu zituen. Okendo kaleko Gobernu Zibilera iritsi zenean, batzorde batek gobernadore zibilari dokumentu bat eman zion, Gobernuari egiten zizkioten eskaerekin. Besteak beste, Sobiet Errepublika errusiarraren onarpen ofiziala, preso politiko eta sozial guztientzako amnistia eta Marokoko Gerra berehala uztea eskatu zioten Gobernuari. Era berean, agiri hartan, protesta egiten zuten soldata jaisteko eta zortzi orduko lanaldia bertan behera uzteko patronalak egindako erasoagatik. Irudian, manifestazioaren une bat, San Martin kaletik igarotzen.