APR. 29 2023 Zazpi desberdintasunak Miren AZKARATE BADIOLA Jolasa Elorriora iritsi baino lehenago hasi zen autopistan gindoazela. Mugikorretan begira ari ginen zein irteeratan atera behar genuen Topagunera joateko; nire lagunari 42. irteera jartzen zion eta niri, aldiz, 43.a. Eta horretan ari ginela, autopistako seinale argiztatuak, duela 22 urteko topagunearekin alderatuz, lehen desberdintasuna aditzera eman zigun. Seinaleztatuta zegoen: «Topagunea 42. irteera». Ezin sinetsirik eta barre algara artean hartu genuen, beraz, esandako irtenbidea. Nire anaiak, bien bitartean, aurreko edizioan amak gidatzen zuen kotxean mendiz nola iritsi zen kontatzen zigun. Aurretik, bagenituen antzemanda beste desberdintasun batzuk; hala nola, irrati publikoak kuña jartzea edo telebistako eguraldiko gizon ezagun batek bertaratzeko animatuz sare sozialetan bideoa zabaldu izana. Herrian aparkatu eta berehala izugarrizko ilara ikusi genuen eta, harrituta, zer izango zen elkarri galdezka hasi ginen. Harridura handitu zitzaigun dutxarako ilara zela jakin genuenean! Gaur egungo gazteen gurasoei mezua: garbi-garbiak, ondo heziak. Eta gure garaian? Kar, kar... Plaza erdian zegoen txosna-barran aurkitu genuen hurrengo desberdintasuna; atzealdean entxufe pila ikusi genituenean aho bete hortz geratu ginen. Harategian bezala, gerturatzen zenari zenbaki bat ematen zioten eta, trukean, mugikorra kargatu! Hamaika ikusteko jaioak gara, bai horixe! Seigarrena tailerretan topatu genuen: edozein tailer zela, edozein ordutan zela, beteta zeuden guzti-guztiak! Bejondeizuela! Eta zazpigarrena (gehiago zeuden e!), eta nire anaia “traumatizatua” utzi zuena, herriko plazako terrazan ikusi genuen: sei gizonez osatutako kuadrilla bat, gu bezalako gazte beteranoak, eguzkitako krema ematen! Bada aldatu ez den zerbait: gazteen borrokarako grina eta irribarrea! •