GAUR8 - mila leiho zabalik

Donostiarrek argazki-imajinarioan gordeta duten geltokia

(LEON&LEVY. BIRTAGI FUNTSA.)

Argazkigintza gure oroimenaren zati bat da, gure oroitzapenena; batzuk hurbilekoak eta beste batzuk, ahaztuak. Argazkiak gertakari historikoetara hurbiltzen gaitu, jada existitzen ez diren espazioetara eramaten gaitu. Donostiak 1864an harresiak galdu zituen: gure argazki-imajinarioan baino ez daude. Urte horretan bertan, eraikuntza berriak zeuden, trena ia erdiguneraino iristen zen, paduretan geltoki berri bat zegoen, eta ia parean, Amara auzoa eta San Bartolome gaina. Zezen-plaza, egurrez egina, geltokiaren atzealdean zegoen; bigarren karlistaldian su hartu zuen plazak. Geltoki berriak bidaiariak, beste herri batzuetatik etorritako jendea eta etorkinak hartu zituen. Horrela, eraikin hura familia, lagun eta kideen elkargune izan zen, eta gerren, agurren, zaurituen nahiz preso ohien harreraren eta berrelkartzeen lekuko izan zen. Baina, batez ere, donostiarren eraikina izan zen, enblematikoa eta belaunaldiz belaunaldi bizirik iraun zuena. Hiriak zulatzen dituzten eta arkitektura eta gure ondare hurbilena suntsitzen duten makinek eraman dute. Geltokia gure oroimenean baino ez dago, gure argazki-imajinarioan, 1864an eraitsitako harresiak bezala. Artikulua ilustratzen duen argazkia 1864an sortutako Leon&Levy argazkilari frantsesen enpresak egin zuen.