MAY. 06 2023 INDARKERIAREN OSTEAN Gurutze Gorriak Mexiko eta Erdialdeko Amerikako balantzea aurkeztu du Iaz, 58.137 migratzailek laguntza medikoa jaso zuten Mexikon eta Hondurasen, zortzi laguntza gunetan, eta doaneko 32.602 dei eta 7.820 internet konexio eskaini zitzaizkien migratzaileei eta presoei senideekin harremanetan jartzeko Guatemalan, Hondurasen eta Mexikon, besteak beste. Forentseak, banda batek hildako bi gazteren gorputzak kentzen, Tegucigalpan. (Orlando SIERRA | AFP) GAUR8 Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak (GGNB) apirilaren 13an aurkeztu zuen Mexikoko eta Erdialdeko Amerikako 2022-2023ko balantze humanitarioa. Bertan, indarkeria armatuarekin lotutako ondorio humanitario sakonak daudela ohartarazi du; hala nola, desagertzeak, hilketak, barne-lekualdatzeak eta migrazioak. Jardueren urteko eskualde-txostenak erakundeak egindako lana azaltzen du eta eskualde-testuinguruan kokatzen du. Mexiko eta Erdialdeko Amerikaren kasuan egoera bereziki konplexua da, estatuen, gizarte zibilaren eta erakunde humanitarioen arteko lankidetzarik gabe konponbide oso zaila duen indarkeria armatuaren presentzia iraunkorra delako. Txostenaren aurkezpenean kalte eta ondorio horiek ekarritako giza sufrimendua larritasun «sakon eta mingarrietara» heldu dela ohartarazi zuen erakundeak, eta hori «aitortzea, artatzea eta prebenitzea premiazkoa» dela gaineratu zuen. Ricardo Lagunes eta Antonio Diazen irudiak: Mexikon desagertu ziren urtarrilean. Olivier Duboisek, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen Mexikoko eta Erdialdeko Amerikako ordezkaritzaren buruak, Efe-ri eskainitako elkarrizketan esan zuenez, haien kezka nagusietako bat Mexikon eta Erdialdeko Amerikan itxaropenik ez izatea da, ondorio oso konplexuak dituen indarkeria armatuaren testuinguruan. «Itxaropenik ezak kezkatzen gaitu; urteetan zehar indarkeria armatuaren presentziatik eratorritako zailtasunekin lan egiten ari gara eskualdean. Bizitza hipotekatuak dira», esan zuen adituak GGNBk Mexikon egindako 2022 eta 2023ko balantze humanitarioa aurkeztu zenean. Zehazki, GGNBren arabera, 2022an eskualdeko migrazio-fluxuak handitu eta birkonfiguratu egin ziren. Hondurasko Nazioarteko Migrazioen Behatokiak argitaratutako datu ofizialek diotenez, Hondurasen ospitaleratze-erregistroak %974 igo ziren 2021. urtearekin alderatuta. Iturri beraren arabera, Mexikon egonaldi eta migrazio guneetan dauden migratzaileen kopurua %43 igo zen aurreko urtearekin konparatuta. Gainera, lehen igorleak ziren herrialdeak -Honduras, adibidez- orain AEBetara doazen pertsonentzako igarobide dira. Bestalde, Mexikotik igarotzen diren Karibeko eta Hego Amerikako herrialdeetako pertsona kopurua Erdialdeko Amerikako herrialdeetakoa baino handiagoa izan zen 2022an, eta aurtengo lehen hilabeteetan asilo-eskaera gehiago ere izan dira. Batzordeak dioenez, horrek esan nahi du herrialdeek ahalegina egin behar dutela pertsona horien eskubideak ezagutzeko eta errespetatzeko; batez ere, arrisku eta kalteberatasun handieneko pertsonenak. Duboisek Efe-ri zehaztu zionez, 2022an hamalau migrazio-gune bisitatu zituzten eta Mexikon 120 daude. «Ezin gara toki guztietan egon, baina egindakoa gure eta erakundeen arteko elkarrizketaren parte da, eta arazo batzuk konpon daitezke», adierazi zuen. Lekualdatu behar izan diren pertsonekin eta migrazioaren eragile garrantzitsuekin hitz egin ondoren, indarkeriari lotutako ondorio humanitario nagusiak eta migrazio-politiken aldaketak hobeto ezagutu ditu nazioarteko batzordeak. Bildutako informazioak erakusten du ibilbidean zehar arrisku handia dutela istripuen biktima izateko, pertsonen trafiko-sareen biktima izateko, lapurretak eta estortsioak sufritzeko eta desagertzeko, baita zerbitzu humanitarioak eskuratzeko aukera txikiagoa izateko ere. «Migrazio-kontrolak indartzeak, eskualdean migrazio politikak ezartzeak eta desinformazioak gero eta bide arriskutsuagoak bilatzera bultzatzen dituzte pertsonak, agintarien kontrola saihesteko, eta, askotan, zorigaiztoko ondorioak izaten dituzte», azaldu zuen Olivier Dubois ordezkaritzaren buruak txostena aurkeztu zuenean. Diotenez, laguntza-premiak asetzeko eta migratzaileen eskubideen babesa bermatzeko erantzukizun nagusia estatuena da. Hala eta guztiz ere, GGNBk onartzen du eskubideak eskuratzeko aukera bermatzea «erronka handia» dela, gero eta pertsona gehiago baitaude egoera horretan. Batzordeak modu konfidentzialean hitz egiten du agintariekin, oharrak eta gomendioak partekatzeko eta, horrela, haien osotasuna eta duintasuna errespetatzen eta babesten laguntzeko. Desagertutakoen senideak bilaketa batean, Tijuanan, Mexikon. Desagertutakoak Gatazka armatuen beste ondorio garrantzitsu bat desagertutako pertsonen fenomenoa da: iraganeko gatazketan desagertu ziren pertsona askok agertu gabe jarraitzen dute, eta migratzaile batzuk bidean desagertu eta hiltzen dira. GGNBk bere txostenean dio 2022an Mexikoko eta Erdialdeko Amerikako herrialdeek ahalegin handia egin zutela arazo hori aitortzeko eta neurriak hartzeko, baina oraindik ere erronka handiak dituztela alor horretan. Erakunde humanitarioak agintariekin lan egin zuen instituzioen eta familien gaitasun teknikoak hobetzeko, haien beharrei erantzuteko eta haien eskubideen ezagutza indartzeko, bai eta eskualde-mailako laguntza-sareak osatzeko ere. Zehazki, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak desagertutako pertsonen 1.632 senideri laguntza eta haien eskubideei eta bilaketa-prozesuei buruzko aholkularitza eman zien iaz. Olivier Duboisen arabera, «bilaketa, lokalizazioa eta, bizirik ez daudenen kasuetan, identifikazioa agintariei dagokie, eta erregistro zentralizatuak eta eguneratuak izan behar dira, erakundeen eta herrialdeen arteko informazio-trukea ahalbidetzeko eta familiek beren kasuen berri izateko mekanismo iraunkorrak edukitzeko; erantzun humanitarioan funtsezkoa da, behar bezala jarduteko, giza baliabide nahikoak izatea». Presoak Bestalde, GGNBk munduko 80 herrialdetan askatasunik gabe dauden pertsonak bisitatzen ditu. Joan den urtean Nikaraguan, El Salvadorren, Hondurasen eta Guatemalan ere egin zuen jarduera hori. Azken horretan, zigor legearekin gatazkan dauden gazteei bisita egin zien. Ondoren, bisita horietatik ateratako ondorioak eta gomendioak modu konfidentzialean partekatu zituen agintariekin. Horrela, 78 bisita eta laguntza-jarduera egin zituzten 35 atxilotze-leku eta espetxetan, Mexikoko hamalau migrazio-gune barne. Horrekin, askatasunik gabe bizi diren 104.078 pertsona baino gehiagori lagundu zieten, batzordearen arabera. Zehazki, erakunde humanitarioa lanean ari da preso daudenen edo askatasunaz gabetutakoen eskubideak errespeta daitezen lortzeko, oinarrizko zerbitzuetarako sarbidea eskainiz eta senideekiko kontaktua erraztuz, besteak beste. Agintariekin ere lan egiten du, askatasunaz gabetzeaz eta erregimen murriztaileez bestelako aukerak ere aintzat har ditzaten. Balek Tegucigalpako polizia-etxe batean utzitako arrastoa. Ikusten ez diren ondorioak Ageriko ondorioez gain -desplazamenduak, heriotzak eta desagerpenak-, beste batzuk ere badituzte indarkeriak eta gatazka armatuek, komunitate-dinamikak hausten dituztenak eta oinarrizko zerbitzuak eskuratzea eragozten dutenak. Batzordearentzat ondorio horiek kalkulatzea askoz zailagoa den arren, talde armatuak dituzten komunitateetan mugimenduak murrizten dira, osasun mentalean eragina izaten da eta osasun-zerbitzuetarako edo hezkuntzarako sarbidea ere zailtzen da. Halaber, egoera horrek haur eta gazte askoren etorkizuna hipotekatzen du, eta komunitateen kalteberatasuna areagotzen du. «Segurtasunik ezaren testuinguru horretan, arrisku eta ahuldade handien duten pertsonak babesteko, haiei laguntzeko eta haien duintasuna errespetatzeko lan egiten dugu. Funtsezkoa da indarkeriak eragindako pertsonak erantzun humanitario ororen erdigunean egotea» adierazi zuen ordezkaritzako buruak. Indarkeria armatuaren beste ondorioetako bat gorputz-adarrak galtzea da. Lekualdatzerakoan, mugimenduan dabiltzan trenetara igotzerakoan, gertatzen diren istripuen ondorio izan ohi da. Horren aurrean Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak anputazioren bat jasan duten edo desgaitasuna duten 168 pertsonari protesiak, ortesiak eta terapiak eman dizkie Hondurasen, Guatemalan eta Mexikon 2022an. 160 URTEKO LANA 1863. urtean sortutako erakunde independente, neutral eta inpartzial bezala definitzen du bere burua Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak. Munduko ehun herrialdetan, gatazka armatuen eta beste indarkeria-egoera batzuen biktimei babesa eta laguntza humanitarioa eskaintzen die, 20.000 kolaboratzaileren lanarekin. Gurutze Gorriaren eta Ilargi-erdi Gorriaren Nazioarteko Mugimenduaren, munduko sare humanitario zabal eta zaharrenaren, parte da eta, hain zuzen ere, bere lana zabaltzeko, herrialde bakoitzeko Gurutze Gorriko kideekin aritzen da. Mexikon eta Erdialdeko Amerikan, batzordea presente egon da eta oraindik ere badago Guatemalan, El Salvadorren eta Nikaraguan izandako barne-gatazka armatuetan, baita Mexikon eta Hondurasen ere, pertsonen bizitza eta duintasuna babesteko. «Migrazio-kontrolak indartzeak, eskualdean migrazio politikak ezartzeak eta desinformazioak gero eta bide arriskutsuagoak bilatzera bultzatzen dituzte pertsonak» Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak desagertutako pertsonen 1.632 senideri laguntza eta haien eskubideei eta bilaketa-prozesuei buruzko aholkularitza eman zien iaz