GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Posizionatzeari buruz

Kai Nakai, mikroa eskutan, Bizipoza elkartearen aurkezpen ekitaldi batean. (Jon URBE | FOKU)

Artista bera eta artistaren lana bereizi behar direla, bereizi beharko genituzkeela, bereizi daitezkeen... Iritziak entzunda, pentsa dezakegu posible dela artista baten obraz gozatzea. Baina beharrezkoa da artistaren izanak eta eginak ezagutzea ere, obra bere osotasunean baloratzeko. Batak ez du bestea kentzen.

Aurreko goizean Kai Nakairen gaia atera zuten irrati publikoan eta gainetik aipatu zuten artistaren eta obraren arteko harremanaren auzia. Ez zuten gehiago sakondu, irratsaioaren tonua beste bat baita. Gasteizen azkar hedatu zen notizia hori joan den astean, azken urteotan EiTBk gehien sustatu duen politikariaren podcast batean parte hartu baitzuen gasteiztar abeslariak.

Agian hedabide propagandistikoek ez dute beren lana uste bezain ondo egin eta Kai Nakaik, zorionez, ez zuen ezagutzen Beatriz Artolazabal. Gaitz erdi. Sare sozialetan finkatuta dagoen gorroto zuzenaren inertziak ere ez du askorik laguntzen. Boterearen erabat adierazgarri den alderdi batekin pozik agertzeak sareetan zenbait ondorio eduki zitzakeela ez zen aurreikusten zaila.

Zer esanik ez, noranzko guztietan gertatzen dela sareetako gorroto gordin dinamika hori. Jakin badakite emakumezko aktibistek, haien pribilegioak mehatxatuta ikusten dituzten gizonengandik egunero jasotzen dituzten hamarnaka mezuekin: zoroak, itsusiak, erridikuluak, gaizki-txortatuak, erresuminduak… Oso presente eduki behar dugu halakoak ere emakumeen aurkako biolentzia buklearen eta dinamiken parte direla. Ez ditut Kai Nakaik jasotako mezu guztiak errepasatu, baina ez dut uste zentzu horretan interpretatu behar direnik, horiek gustatu ala ez.

Hala eta guztiz ere, sistemaren txistelari fin den Andoni Ortuzarrek zuzenean lotu ditu abeslariari eginiko kritikak eta ezker abertzaleak gizartea kontrolatzeko omen dituen matoi-praktikak. Agian tradizio kristauan ezinezkoa zaie ulertzea hamarkada luzez Euskal Herriak izan duen eraldaketa. Haien ikuspegian, ezkerreko abertzaleok ezingo gara jatorrizko bekatutik inoiz askatu (dena delakoa ere), Jesukristoren mezua -barkatu, jeltzaleen mezua- gure egiten ez dugun bitartean.

EH Bilduren hauteskunde zerrendek ere, espainiar prentsaren arabera, ezin diote uko egin jatorrizko bekatuari. Kondena luzeak beteak dituzten eta herritarren erabaki demokratikoekin erabat konprometituta dauden hamarnaka pertsonek ez omen dute zilegitasunik beren herrietako udaletara aurkezteko.

Oso modu arraroa dute kristau tradizio kontserbadoretik datozenek eskubide zibilak ulertzeko. Boterearen alde agertzea adierazpen eskubidearen frogarik behinena bezala ulertzen dute. Andyk eta Lucasek sekula ez zutela EH Bilduk antolatutako ezertan parte hartuko esan zutenean ez zuten halako harrabotsik sortu jeltzaleek. Egia esan, niri ederki iruditzen zait. Posizionatzea badute artistek, nahi duten bezala. Gero ez dezatela artista eta obra erabat bereizi behar direla defendatu. Bakoitzak bere hautuak egin ditzala. Horiek gaizki iruditzea ez da totalitarismoaren adierazgarri. Hori ere adierazpen askatasuna da. Askatasuna vs. totalitarismoa dikotomian geratu dira. Gerra Hotzak dirau oraindik… •