GAUR8
AHANZTURA ONKOLOGIKOA

Minbizia izan dutenek trabak topatu ohi dituzte aseguruak edo maileguak kontratatzerakoan

Minbizia izan duten pertsonen minak eta ezinak ez ditu gaixotasunak bakarrik ekartzen. Behin sendatuta, historia medikoak haien bidea zaildu egin dezake finantza-erakundeetara edo aseguru-etxeetara joaten direnean. «Ahanztura onkologikoa» legez babestu beharreko eskubidea dela jarri dute mahai gainean.

Minbizia pasatu izana, nahiz eta sendatuta egon, kaltea izan daiteke aseguru bat edo kreditu bat eskatzeko orduan.
Minbizia pasatu izana, nahiz eta sendatuta egon, kaltea izan daiteke aseguru bat edo kreditu bat eskatzeko orduan. (GAUR8)

Minbizia izan duten pertsonek trabak izaten dituzte askotan mailegu, aseguru edo kreditu bat kontratatzeko orduan, finantza-erakundeek eta aseguru-etxeek beren historia medikoa kontuan hartzen dutelako. Hortaz, “ahanztura onkologikoa” deiturikoa aldarrikatzen dute, beren osasun historiak ez dezan beren bizitzan eragin. Europako herrialde gehienetan legez arautua dago minbizia gainditu duten pertsonek hipoteka bat, kreditu bat edo osasun aseguru bat kontratatzeko garaian inolako diskriminaziorik ez izatea. Malta, Islandia eta Estatu espainola dira salbuespenak.

Europako Parlamentuak ahanztura onkologikorako eskubidea sartu zuen 2022ko ebazpen batean. Ebazpen horretan, 2025. urtea ezarri zuen muga gisa herrialdeek haien legerian sar dezaten. Helburua da Europako paziente guztiei ahanztura onkologikoa izateko eskubidea bermatzea tratamendua amaitu eta hamar urtera. Diagnostikoa 18 urte bete baino lehen egin zaienen kasuan, gehienez bost urtera. Europako Parlamentuak ulertzen du diskriminazioa ematen dela eta horrekin amaitzeko neurriak hartu behar direla.

Diskriminazio hori berresten duten datuak ere badaude. Josep Carrera Fundazioak Estatu espainolean egindako ikerketa baten arabera, odolean minbizia izan duten 18 eta 35 urte bitarteko gazteen %80k eragozpenak izaten dituzte banku-produktu bat edo aseguru bat kontratatzerakoan.

Adituek garbi daukate: «Sistemak susmagarritzat jotzen zaitu eta desberdin tratatzen zaitu horregatik».

Antoni Baena Kataluniako Oberta Unibertsitateko (UOC) Osasun Zientzien Ikasketen irakaslea da. Bere hitzetan, «minbizia gainditu duten pertsonei gizarte gisa ematen zaien erantzuna oso defizitarioa da, eta horrek biktimizazio bikoitza eragiten du. Ezin da onartu minbizia gainditu duen pertsona bat bigarren mailako herritar bihurtzea».

Gaur egun, minbizitik bizirik atera diren eta gaixotasunetik pasatzeagatik hipoteka, kreditu edo osasun-aseguru bat ukatu zaien pertsonentzako irtenbide bat justiziari erreklamatzea da, haien izaeragatik diskriminatuta daudela argudiatuta. Bide horren desabantailetako bat da normalean oso geldoa izaten dela; «bide luzea eta garestia», adituen hitzetan.

Beste aukera bat Datuak Babesteko Espainiako Agentziara jotzea da, eta finantza-erakundeek edo aseguru-etxeek beharrezkoa ez duten informazio-eskaera salatzea, adibidez, datua minimizatzeko printzipioan oinarrituta. «Legez ezin dituzu eskatu pertsona bati buruz nahi dituzun datuak. Eskuartean duzun helbururako gutxienekoak eta ezinbestekoak direnak eskatu behar dituzu. Eta gaixotasun bat gaindituta badago, zaila da zehaztea zenbateraino eska daitekeen pertsona bati buruzko informazio medikoa», zehaztu du UOCko irakasle laguntzaile Sergio de Juan-Creixek. Bere ustez, gaixotasuna argi eta garbi gainditu duen pertsona batek libre izan behar du -finantzaketa edo aseguru bat ematerakoan arriskuak baloratzeko informazioa eskatzen dion erakundeari informazioa ezkutatzen ari zaiola sentitu gabe- «ezer ez duela esateko, benetan ez baita minbizia duen gaixo bat». Bere garaian, aseguruen legeak GIBa zuten pertsonak diskriminaziotik apartatzeko neurriak hartu zituen, baina ez ziren kontuan hartu minbizia pasatu duten pertsonak.

Adituen arabera, minbizia duten pertsonak babesteko eta berriz biktimizatzea saihesteko legeak egitea ez da gainditu gabeko gai bakarra. Ongizate emozionalari ere arreta gutxi eskaintzen zaio. Antoni Baenak azaldu duenez, sendatze prozesuan zehar pertsona bakarrik geratzen da eta abandonatuta senti daiteke. Horregatik uste du, finantza-erakundeen aurrean babestuko dituen legedia ezartzeaz gain, prozesu osoan psikologoen presentzia nabarmen handitu eta luzatu beharko litzatekeela, modu intentsiboan hasieran, baina epe luzean irauteko. Izan ere, tratamendu psikologikoaren beharra askotan handiagoa da gaixotasuna gainditu denean eta bisita klinikoak edo ospitaleratzeak murriztu direnean.