Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
{ KOADERNOA }

Hauteskunde bezperako hausnarketa, arbolatik

Egunero bezalatsu, lanera iritsi nintzen, atzo beharbada burua ohi baino kargatuago eta praka barrenak lokaztuago, hauteskunde kanpaina zela eta. Kaskoan hazka egin eta hautagai bat harrapatu nuen ezkerreko hezur parietalaren eta tenporalaren artetik hanka egin nahian, ez dakit nire botoa nahi zuelako edo ez zuelako nahi. Esan nion bertan geratzeko, isilik mesedez, gaur erabaki behar nuela, hausnarketa eguna denez gero.

Iritsi nintzen lanera eta ez nuen lankiderik ikusi. Goiz samar zen artean. Berandu gabe hasi ziren iristen, baina ez lankideak, nik ezagutzen ez nituen pertsona batzuk baizik. Eta txakur bat. Sartu ahala, denak begira geratzen zitzaizkidan, niri ezer esan gabe baina euren artean keinuka nor arraio nintzen galdetuz, okerreko lekura sartzeagatik kargu hartzen bezala. Goiz osoan ez ziren konturatu okertu zirela, eta berriketan jardun zuten gogotik.

Eguerdian, ostiralero bezala, bazkaltzera jaitsi nintzen lantokiaren pareko tabernara. Aldatuta zegoen. Atzo jakin nuen janari begetarianoa ematen dutela. Bazkari normala ere ematen dute, ordea. Tira, ni ez nago barazkijaleen aurka; are gehiago, lagun begetariano bat daukat, egia esateko arraro samarra baina errespetatu egiten dudana.

Kontua da nire lanera ez dakit zertara sartu ziren horien bidez jakin nuela Valentzia futbol taldearen zaleen artean, Estatu espainoleko futbolzaleen artean eta mundu osoan arrazakeria arazo bat dagoela.

Futbol talde guztietan daude tximinoak (beltzak, zuriak eta kolore guztietakoak), marikoiak, putazaleak, lapurrak... eta futbol zelai guztietako harmailetan, gorila ugari. Horrelako irainak beste taldeetakoei esaten zaizkie, jakina, horretarako dira, eta ez atzo goizetik. Beraz, zaharrak berri.

Vinicius Jr. delako batek futbol zelaietako belarrak harrotu ditu. Iraindu egin dute, eta ez da lehenbizikoa izan, talde txiki edo pobreetako jokalariei mespretxuz begiratu eta iseka egiten dien zelai gehienetan iraindu izan dute. Nire sasi-lankideek esan zutenez, bere taldeak Osasunari gola sartutakoan, futbolari horrek, lagunekin ospatu beharrean, aurkariei iseka egin zien. Batek esan zuen horrek ez duela justifikatzen bera iraintzea. Txakurrak ez zuen txintik esan. Nik ere ez.

Arazoa ematen duena baino handiagoa da, ordea. Egunkari batean irakurri dudanez, arrazismoak, Espainiako arrazismoak, 2030eko Mundialerako hautagaitza eragotz lezake. Hori bai arazo larria.

Europa -eta mundu osoa- Estatu espainolari begira dagoela diote. Arrazismo kontuetan oso zorrotz eta sentibera omen da Europa. Pentsa, Mediterraneotik edo Atlantikotik Europara iritsi ezinik bizia uretan uzten duten milaka pertsonak errespetu osoz tratatzen ditu; ez die «tximino» esaten, alegia. Beraz, tipo aberats bat klub arteko lehian (lehia sanoan) iraindu dutelako neurriak hartu beharko lituzke.

Eta horrenbestez, nire auzoko tximino, gorila, marikoi, puta eta miserableon izenean, hausnarketa egun honetan neure esker ona erakutsi beharko diot dagoeneko nire arbaso guztiek eta nik mendeetan irabazi dugun guztia baino gehiago irabazi duen tipo horri, futbolariek jasan behar duten hain problema larriaz mundua jakinaren gainean jartzeagatik. •