GAUR8 - mila leiho zabalik
{ DATORRENA }

Beti errebelde


Maiatzaren 18an tokiko hauteskundeak izan ziren Irlandako iparraldean. Sinn Feinek berriz ere irabazi zituen eta Irlandaren batasunaren aldeko beste aurrerapauso bat egin zuen, beraz. 25 urte bete dira 1998ko apirilaren 10ean Ostiral Santuko bake akordioa sinatu zenetik. Biolentzia politikoaren erabilpenari amaiera jarri zitzaion, gatazkaren arrazoi eta ondorioei konponbide politikoa emanez. Akordioaren inplementazioa ez zen erraza izan eta 25 urte hauetan akordio berriak behar izan dira, konplexuak eta zailak guztiak. Oraindik ere bide horretan jarraitzen dute.

1998ko Irlanda eta gaur egungo Irlanda ez dira herrialde berbera. 1998ko Sinn Fein eta gaur egungo Sinn Fein ere ez dira berak. Sinn Feinen 25 urteko trantsizioa eta Irlandarena eskutik doaz. Nazio askapen mugimendu errebelde eta errepublikano bezala sortu zenak ez du bere arima galdu. Horiek dira egun ere bere ezaugarri nagusiak. Azken urte luzeetan sektore eta pertsona berri asko erakarri ditu. Bere herrialdeko instituzio nagusi gehienak gobernatu ditu. Eta hori ez da lortzen, ez dago aurrera eramaterik, alderdiaren estrukturak eta programak itxiz. Ez dago arima saldu eta establishment bilakatzeko beharrik ere. Hori da, nire ustez, Sinn Feinen lorpen nagusietako bat. Bere burua indartu eta handitu du, gero eta instituzio gehiago modu eraginkor eta progresistan gobernatu ditu eta bere printzipioei eta izaerari eutsi die. Eta, esan bezala, gaur egungo Sinn Fein oso ezberdina da, asko handitu da, pertsona berri asko bere proiektura gehitu dira, eta pertsona horiek proiektura gehituz proiektua bera aberastu dute. Baina, hala ere, Sinn Fein berriak errebelde eta errepublikanoa izaten jarraitzen du. Ez da establishment bilakatu. Nazio askapen mugimenduaren izaera mantentzen du. Nahiz eta gehitu diren askok ez izan jatorri edo tradizio hori. Arima eta printzipio nagusiak galdu edo ahazten badituzu, establishmentarekin jolasean, establishment bilakatzen bazara, zureak egin du. Posible da zure alderdiak momentu jakin batzuetan emaitza onak eskuratzea, baina ez duzu askapen nazional eta sozialean aurrerapauso nabarmenak egiteko gaitasuna izango.

Pepe Mujikak dio bide luzeena izaten dela maiz laburrena. Programa erradikalagoa plazaratzeak ez ditu aldaketa sakon eta estrukturalak bermatzen. Izan ere, norberak momentu historiko jakin batean duen indar harremanak erabakiko du aldaketaren sakontasuna. Eta norbere burua indartzeko bidean, Fronte Zabala gero eta zabalagoa bilakatzeko bidean, beti bilatu behar da izendatzaile komun txikiena. Elkarlana ezin da norbere prosizio propiotik bakarrik eraiki. Elkarlana interes komunetan oinarritzen da. Eta horrek bidea luzatu dezake, baina hori egin gabe ez dago biderik. Kontrakoa pentsatzeak norbere mundu eta ghettoan bizitzera kondenatzen gaitu, mundu horren aldaketa sakonik burutu gabe. Joseba Sarrionandiak ederki adierazi zuen: iraultzaile batzuek iraultza egin nahi izaten dute; hau da, egitura politikoak aldatu nahi izaten dituzte. Beste batzuek iraultzaile izan nahi izaten dute, hau da, iraultzaile izatearekin nahikoa zaie.

Sinn Feinek zertan asmatu du gehien nire ustez? Bide pragmatiko, errealista eta eraginkorra garatu du, aldaketa jendearekin egin behar dela ulertuz, horretarako gero eta sektore eta jende gehiago lortu behar dituela ulertuz, horren mesedetan bere programa eta egiteko modua moldatuz, gero eta instituzio gehiago gobernatu, gero eta botere gehiago kudeatu, baina arima eta printzipioak indartsu mantenduz. Errebelde eta errepublikar. Hori da nire usten Irlandaren batasunerako bidea. •