Ia 25 urteko ibilbide arrakastatsua, Irun eta Bidasoa bihotzean
Gaur ipiniko dio amaiera Julen Aginagalde eskubaloi jokalari irundarrak ia 25 urtez luzatu den ibilbide profesional arrakastatsuari. Jokalari bezala irabazi daitekeen ia dena irabazi du azken bi hamarkadetan eta, orain, kirol zuzendari moduan jarraituko du Bidasoa Irunen, bere bihotzeko taldean.
Emaitza ikusgarriekin batera, horixe izan liteke Aginagalderen ibilbidea berezi egiten duen beste ezaugarria: edozein kirolarik amestutako zirkulua ixteko aukera izango du horren kuttuna duen Artalekuko kantxan. Apenas 17 urterekin etxeko taldean hasi zuen abenturak Europako talde onentsuenetara eraman zuen Julen, baina agurraz berriz ere etxeko epelean gozatzeko aukera izango du gaur.
Taldeak ere ekitaldi bereziak antolatu ditu larunbat honetarako, 18.30ean Puente Genilen aurka jokatuko duten denboraldiko azken partida baliatuta. Alde batetik, AEBetan egiten den moduan, Aginagaldek bere ibilbidean erabili izan duen 13 dortsala erretiratzea erabaki dute irundarrek, eta Artalekuko horman zintzilikatuta geratuko da betiko. Bestetik, Julenen omenez propio diseinatutako elastiko berezi batekin jokatuko du taldeak azken partida. Ondoren, enkantean aterako dira elastiko horiek, 13 dortsala erabili zuen Bidasoako beste izen handi bati laguntzeko: endekapenezko gaixotasun bat duen Fernando Boleari.
Asobal ligaren azken distirak
Hasiera-hasieratik ikusi zen Julen Aginagaldek eskubaloi munduan gauza handiak egiteko aukera izango zuela. Bidasoako lehen taldera oso gazterik iritsi arren, 1,95 metro eta 100 kiloko piboteak -lehen lerroan jokatzen hasi zen, baina berehala egokitu zen sei metrotan jokatzera- lehen unetik lortu zuen taldeko jokalari garrantzitsuen artean leku bat egitea. Gurutz anaiak bazeramatzan urte batzuk taldean ordurako atezain lanetan eta bere babesarekin azkar bilakatu zen aldagelako erreferentzia nagusietakoa.
Hala ere, ez ziren urte errazak izan Irungo taldearentzat. 1986ko Liga tituluarekin hasi zen urrezko aroa amaitu ostean (Europako Kopa 1995ean, Europako Errekopa 1997an, Errege Kopa 1991n eta 1996an, eta Asobal Kopa 1993an "Chocolates Elgorriaga" izenpean), taldearen mailak behera egin zuen urtez urte, estutasun ekonomikoek bultzatuta. Beste izar gehienen bidea jarraituz, Julen Aginagaldek taldea uztea erabaki zuen 2006ko udan, irundarrak Ohorezko B Mailara jaitsi baino denboraldi bat lehenago, hain juxtu.
Leongo Ademarren izan zuen lehen esperientzia Irundik kanpo, eta bertan emandako hiru denboraldiak goi-mailako jokalari bezala garatzeko oso garrantzitsuak izan ziren. Ciudad Real eta Bartzelona ziren garai hartan bi talde nagusiak, eta horietan izan ohi den presiorik gabe Asobal Kopa bat (2009) irabazteko eta beste hainbat final jokatzeko aukera izan zuen.
Gorengo mailara behin betiko jauzia 2009ko udan iritsi zela esan liteke, garai hartan Europako talde onena zen Ciudad Realek fitxatu zuenean. Gaztelarrak Txapeldunen Liga bi urtez jarraian irabaztetik zetozen eta faborito moduan irteten ziren parte hartzen zuten lehiaketa guztietan. Aginagalderi Rolando Urios handiaren lekukoa hartzea egokitu zitzaion, erronka benetan zaila baina bikain bete zuena.
Ciudad Realen egin zituen bi urteetan eta talde haren oinordekotzat har daitekeen Atletico Madrilen jokatu zituen beste bien artean garaipen zerrenda amaigabea pilatu zuen Julen Aginagaldek: Asobal Liga bat (2010), hiru Errege Kopa (2011, 2012 eta 2013), Asobal Kopa bat (2011), bi Espainiako Superkopa (2011 eta 2012), bi Kluben Munduko Txapelketa (2010 eta 2012)...
Espainiako selekzioan ere jokalari nagusietako bat bilakatu zen eta 2013an Bartzelonan irabazitako Munduko Txapelketan zer esan handia izan zuen Julenen lanak. Urte erdi lehenago Londreseko Olinpiar Jokoetan gertatu bezala, pibote onenaren izendapena jaso zuen lehiaketa amaieran.
Txapeldunen Ligako bi final ere jokatu zituen, 2011koa Ciudad Realekin eta 2013koa Atleticorekin, baina Europako garaikur nagusia irabazi gabe itxi zuen bere lehen aroa Estatuko taldeetan. Izan ere, urte horietarako nabarmena zen Asobal Ligako taldeen krisi ekonomikoa, eta izar gehienek Europako beste herrialde batzuetarako bidea hartu zuten. Julenen kasuan, pena handiz bizi izan zituen Ciudad Real eta Atleticoren desagerpenak, Poloniako Kielce taldearekin fitxatu zuen 2013ko udan, eta beraz, beste abentura bat ipini zuen martxan bere ibilbidean.
2016ko azken penaltia Kolonian
Kielcera iritsi zenerako Europako izar distiratsuenen artean zegoen Julen Aginagalde, ez zeukan ezer erakutsi beharrik, baina bere ibilbideko une gogoangarrienak Poloniako egonaldian iritsi ziren ziur asko. Zazpi urte izan ziren, 2013tik 2020ra, eta oroimenean betiko iltzatuta geratu den unea 2016ko Txapeldunen Ligako finala da.
Kielcek Hungariako Veszprem taldearen aurka jokatu zuen final hura maiatzaren 28an, Kolonian, eta amaierarako minutu gutxiren faltan 28-19 galtzen ari ziren poloniarrak. Hala ere, azken txanpa ikusgarri batean markagailua 29-29 berdindu eta luzapena behartu zuten. Luzapena ere 35-35 amaitu zen, eta finala penalti jaurtiketetan erabaki zen. Azkenengoa jaurtitzea Aginagalderi egokitu zitzaion eta irundarraren golak eman zion historiako lehen Championsa Kielceri.
Zazpi denboraldi horietan urtero-urtero Poloniako Liga irabazi zuen Kielcek, sei Kopa ere bai, eta selekzio lehiaketei dagokienez, Espainiarekin emaitza bikainak kateatu zituen Aginagaldek: Europako txapeldun 2018an eta 2020an, bigarren 2016koan, hirugarren 2014koan...
Jada beterano paperean sartuta, kapitain lanak egiten ere bikain moldatu izan da irundarra eta aldagelan jokalari estimatua bilakatu da. Halaxe ikusi izan da behin baino gehiagotan sare sozialetan zabaldutako argazki eta bideoetan, eta oso argi geratu zen 2020an Polonia utzi eta Bidasoara itzultzea erabaki zuenean ere.
Kielceko zaleek eskaini zioten agurra gogoangarria izan zen. Pandemiaren erruz Liga bertan behera utzita zegoen arren, hamarnaka zale bere etxera hurbildu ziren, bengala eta guzti, eskerrak ematera. «Dziekujemy Julen» («Eskerrik asko Julen») zioten mezuak hartuta, ikurrinen bat ere bai tartean, eta musika topera, hunkituta amaitu zuen.
Itzulera Bidasoari laguntzeko
Hainbat urtetan distantziatik Bidasoari maitasun keinu ugari zuzendu ostean, Julen Aginagalde 2020-2021 denboraldian itzuli zen etxeko taldera. Gurutz anaia 2018an aukeratu zuten klubeko presidente eta bere eskutik, garai zailenak erabat ahaztuta, irundarren loraldian parte hartzea erabaki zuen. Bidasoak bigarren amaitu zuen Asobal Liga 2019an eta 2021ean, hirugarren 2022an, Europan jokatzeko ohitura berreskuratu du, Txapeldunen Liga jokatzeko aukera ere izan zuen...
Azken denboraldi honetan jokalari -minutu kopurua nabarmen jaitsiz- eta kirol zuzendari lanak txandakatu ditu, eta datorren denboralditik aurrera bulegoetako lanera mugatuko da, hainbeste urtetan pilatutako esperientzia Bidasoaren mesedetan jartzeko. Kudeaketan jokalari bezala izan duen arrakastaren erdia lortzen badu, etorkizun oparoa du aurretik Bidasoak.