Asier AIESTARAN

Alkoholaz hausnarketa bat

Ikasturte amaierako jaialdiaren harira atera da gaia guraso talde batean. Bidezkoa al da eskola eremuan eta eskola komunitate osoarentzat pentsatutako festa batean alkohola saltzea eta alkohola kontsumitzea -helduez ari naiz, noski-? Zer eragin dauka, baldin badu, alkoholaren presentziak/normalizazioak jaialdi horretan parte hartzen duten gaztetxoen artean?

Hasieratik onartuko dut erantzun borobilik ez daukadala, baina galdera egiteak berak eta hausnarketarako tarte bat hartzeak aurrerapausoa suposatzen duela esango nuke. Fokua apur bat zabalduz, herri eta auzoetako jaiak bata bestearen atzetik lehertzen hasiko diren honetan, antzeko eztabaidak sortu daitezke gure jai ereduaren inguruan. Zer zilegitasun dugu gurasook, eta helduok oro har, gazteei alkoholari -edo beste droga batzuei- buruz hitz egiteko garaian?

Erabateko debekuak ez dirudi irtenbide burutsuena, horretan gehiengoa ados dagoela esango nuke, eta jarrera hedatuena erabilera “egokia” bideratzen saiatzea da. “Egoki” kontzeptuari neurria hartzea ez da erraza, ordea, eta hortxe hasten dira katramilak.

Ertz ugari dituen gaia da, ikuspuntuaren arabera galdera berriak eta kezka larriagoak sortzen dituena, baina berriz ere hasierako ideiara itzulita, uste dut gakoetako bat norbere ardurak onartzea dela. Gaztetxo horiei zer esango diegun bezain garrantzitsua dela norbere jokabideaz hausnartu eta izan ditzakeen ondorioak asumitzea. •