GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Errespetagarritasuna eskuz aldatzen ari da

Ilustrazioa: JONBI EGURTZEGI

Irakurketa feminista gehitzeari esker, historiako garaien inguruko irakurketak izugarri aberastu dira azken hamarkadetan. Esaterako, emakume historialariak XIX. mendeko langile mugimendua ikertzera hurbildu zirenean, ordura arte nabarmendu ez ziren alorrak azpimarratu zituzten. Azaldu zuten nolako zailtasunak izan zituzten langileen ordezkariek haien burua errespetagarri aurkezteko burgesen aurrean. Izan ere, XIX. mendeko burgesek langileak erdi-animalia bezala irudikatzen zituzten. Zer nolako jendilajea zen emakume eta haurrekin batera fabriketan lan egiten zuen hura? Emaztea etxean mantentzeko gaitasunik ez zuen gizona?

Burgesiaren ikuspegian, gizontasuna errespetagarritasunarekin erabat lotuta zegoen. Gizonezko langileak, haien familian aitaren botere ekonomikoa ziurtatzeko gai ez zirenak, ez ziren gizon errespetagarriak. Are gehiago, emakumeen eta haurren lana mugatzea irudikatu zen, urteetan zehar, langile mugimenduaren lehen arrakasta bezala.

Klase borrokak egunerokotasunean etengabe egin behar duen negoziazio kulturalean, gizonezko langileen soldata duinak bermatzeko modua izan zen hura. Burgesiaren termino kulturaletan aritu beharra. Bidenabar, jakin badakigu emakumeek jarraitu zutela lanean XIX. mendearen bukaeraz geroztik ere. Izan sektore industrial feminizatuetan edo lantegietarako etxetik egiten zituzten enkarguetan (noski, etxeko lanen zama ere beren gain hartuta).

Azken hauteskundeen aurretik eta ostean ere jeltzaleek errespetagarritasunaren mezua erabili dute, errespetagarri ez omen direnen aurrean. «Son los de la mani, aunque se vistan de Armani». Haiekin hitz egin daitekeen arren, jarraitzen dute, finean, erdi-animaliak izaten. EH Bilduko emakumeen aurka ere mezu esplizituak erabili dituzte: kopeta-ilea motozerraz mozten dutela, Gasteizko alkatetzarako hautagaia batek dakiela nor den...

Non eta errespetagarri ez omen diren horiek, lehenago langile mugimenduarekin gertatu bezala, herritarren zati zabalaren babesa eskuratu duten. Errespetagarritasunaren izenean zenbait aldaketa egin arren, egia baita lehen begiradan EH Bilduk ez dirudiela gainontzeko hautagaitzen oso-oso ezberdina, benetan norbait errespetagarri egiten duena bere lana delako. Ezkerreko subiranistek haien identitatearen oinarrian ondo egindako lana dute eta lanean tinko jarraitzeko konpromisoa. EH Bilduren hautagaitzek langile auzoetan izan duten babes zabala oso esanguratsua da.

Jeltzaleek eztabaida maila kulturalera mugatu nahi izan izan duten arren, errespetagarritasuna eguneroko bizitzaren hobetzean eta etorkizuneko ortzi-mugan beste modu bateko gizartea posible dela barneratzean baitago. Hauteskundeen ondoren, errua hain zuzen ere, langileei bota baitiete. Nola izango da herrialde bat errespetagarria langileak etengabe protestetan ari badira? Eskerrak ez duten sektore pribatizatuetan ere greba egunetako zerbitzu minimoak %100era igotzeko aukera. Baina, azkenean, errespetagarritasuna lanaren eta duintasunaren aldera pasatzen ari da. •