Arantxa Urbe - @arantxaurbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Ebaluazioa ikasteko aukera balitz

Ebaluazioa aldatu beharko genuke, erabat inklusiboa izateko.
Ebaluazioa aldatu beharko genuke, erabat inklusiboa izateko. (GAUR8)

Notarik ez balego ikasiko ote lukete gure ikasleek? Frogatu gabeko ustea da ikasleek ez dutela ikasten notarik ez badago.

Galderak zalantza sortu badizu, zortekoa zara. Izan ere, zalantza oso interesgarria da ikuspegi pedagogikotik, dena egiazkotzat ez ematea. Beste mundu ikuskera litzateke, kritikotasunarekin zerikusia duena. Zalantza saiakera-akatsa ekiteko eraren oinarria da. Akatsa, beraz, ikasteko aukera gisa hartu beharko genuke, ikasten laguntzen baitigu. Ondorioz, duen balioa eman beharko genioke hezkuntzan.

Askotan, ordea, ebaluazioaren zioa akatsak aurkitu eta zenbatzea bilakatzen da. Baina ebaluazioa ez da erabaki teknikoa soilik, badu inplikazio etikoa, pertsonen bizitzekin jolasten dugulako. Etika da hezi eta doktrinatzearen arteko marra fina. Nola adierazi akatsa epaitu gabe, nola ebaluatu, finean, epaitu gabe, gure helburua ikaslea/pertsona salbatzea bada eta ez hura suntsitzea?

Eskoletan ikaslea benetan ardatz eta protagonista izango duen metodologia nahi badugu, lehenik Ebaluazioa aztertu beharko dugu. Ebaluazioa ikaskuntza gisa ikusi eta ikasleek aldaketa horren balioa senti dezaten; prozesuak eskola komunitate osoaren egitasmoa izan beharko du, ezinbestez.

Ebaluazioa aldatu beharko genuke erabat inklusiboa izateko. Errotik aldatu beharko genituzke, era berean, etxekoekin ditugun harremanak. Hala, etxeetara ebaluazio gisa bidaltzen ditugun txostenentzat “informe” ordez beste hitz bat asmatu beharko genuke, “partekatzearekin” zerikusi handiagoa duena. Beharrezkoa da “etxekoak informatzea” ikuspegitik “etxekoekin partekatzea” ikuspegira pasatzea. Aldaketak oinarri sendoa izan dezan, haiekin oso ongi lan egin beharko dugu; guk gelako lanarekin soilik ezingo dugu aldatu. Praktika interesgarriak garatu zituzten eskola gehienek pandemia garaian; bidean ahaztu ditugunak, gehienak, zoritxarrez.

Ebaluazioa bera jopuntuan jarriz, ez luke zentzu handirik ikasle guztiek egun eta une berean beren burua proban jartzeak, ez dago-eta une finalistarik. Horrek zerikusi handiagoa du gure antolaketarekin beren beharrekin baino. Bestalde, ikasturtean zehar egin ohi diren hiru ebaluazioek ez lukete zertan helburu bera izan.

Lehenengo hiruhileko ebaluazioa diagnosi gisakoa izan daiteke; ikaskuntzaren oinarriekin zerikusia duten alderdiak azter ditzakegu etxekoekin. Ebaluazioa, batez ere, kualitatiboa izanik.

Bigarren hiruhilekoan, ikasleen parte-hartzearekin osatutako txostena izan daiteke, azpimarra jarrita ordura arte zer ikasi den eta zer eta nola hobetu daitekeen.

Hirugarren hiruhilekoan, kalifikazioak jaso daitezke. Lortutako ikasketa maila jasoko lukeen hezitzailearen txostena, ikaslearekin adostua. Ez da esanguratsua jada ez dagoelako aldaketa aukerarik.

Komunikazio horietan guztietan, “baina” betiere eraikitzaileagoa den “eta”-ren ordez aldatuko bagenu, are sakonagoa litzateke gure ekarpena.

Koka dezagun orain gure burua ebaluazioan, ebalua dezagun gure jarduna: zer egin dezaket nik haurrak bere buruari artean egin ez dizkion galderak egin diezazkion?

Ebaluazioa horrela ikusita, oro har, tresna bat baino gehiago ikasleentzat eta hezitzaileentzat hazteko aukera bat da. Balia gaitezen ebaluazioaz, bada, denek ikasteko. •