GAUR8 - mila leiho zabalik
GENEROA ETA OSASUNA

Animo-egoera baxua duten nesken kopuruak bikoiztu egiten du mutilena

Katalunian 12 eta 18 urte bitarteko nerabeekin egindako ikerketa batek erakutsi du animo-egoera baxua dutela dioten nesken kopuruak (%25,1) bikoiztu egiten duela mutilena (%11,6). Generoen arteko desberdintasun hori ulertzeko neskek jasaten duten sexu-indarkeria da faktore garrantzitsuena, baina ez da bakarra.

Animo-egoera baxua dutela dioten nesken kopurua mutilena baino askoz altuagoa da, Kataluniako nerabeen artean egin duten ikerketa baten arabera. (GETTY IMAGES)

Nerabeen %18,6k animo-egoera baxua dutela diote, Epi4Health unibertsitate-arteko taldearen ikerketa baten arabera. Ikerketa horretan Universitat Oberta de Catalunya (UOC), Vic-Universitat Central de Catalunya (UVic-UCC) eta Universitat Autonoma de Barcelona (UAB) aritu dira.

Katalunia erdialdean eskolatutako nerabeen osasuna eta portaerak aztertzen dituen DESKcohort proiektuaren datuetan oinarrituta, ikertzaileek ikusi dute gogo-egoera baxuaren prebalentziak desberdintasun-osagai argia duela: mutiletan %11,6ri eragiten dion bitartean, nesken artean %25,1era igotzen da kopurua.

Ikerketa “Journal of Affective Disorders” aldizkarian argitaratu da modu irekian, eta Helena Gonzalez-Casals UManresako irakaslea eta UVic-UCCko ikertzailea izan da buru, Marina Bosque Epi4Health taldeko ikertzaile nagusiaren eta UABeko Albert Espelten zuzendaritzapean.

DESKcohort proiektuaren oinarria Katalunia erdialdeko institutu publiko eta pribatuetan bi urtean behin errepikatzen den osasun-portaerei buruzko inkesta da. Programa 2019-2020 ikasturtean hasi zen, eta 12 eta 18 urte bitarteko 6.428 nerabe galdekatu zituen.

«Egiaztatu dugu nerabeen artean genero-desberdintasunak daudela osasun mentalean. Nesken artean mutilen artean baino 2,2 aldiz ohikoagoa da gogo-aldarte baxua edukitzea, eta alde horren %36 baldintzatzaile sozialek eta osasunarekin lotutako portaerek azaltzen dute», baieztatu du Marina Bosque medikuak.

Nola azaltzen da aldea?

Generoen arteko desberdintasun horiek, batez ere, testuinguru-faktoreek azaltzen dituzte, eta faktore horiek gogo-aldartearekin ere lotzen dira. Neskek jasaten duten sexu-indarkeriak du garrantzi handiena horretan, ikerketan argi ikusi denez, baina beste faktore batzuk ere aipatzen dira: mutilek baino denbora gutxiago ematen dute jarduera fisikoa egiten, adibidez ( %57k ez ditu betetzen OMEk ezarritako gutxieneko baldintzak). Etorkina izatea, dieta egitea eta tabakoa egunero erretzea ere nesken gogo-aldarte baxuarekin lotzen dira. Alkoholaren kontsumo arriskutsua, aldiz, mutilen kasuan bakarrik aipatzen da.

Esposizioaren aldagai sozialei dagokienez, aldarte baxuaren prebalentzia handiagoa ikusi dute egoera sozioekonomiko ahuleko mutilen eta nesken artean. Nota txarrak ateratzea, telefono mugikorraren gehiegizko erabilera edo bullyinga jasatea dira genero-desberdintasunik ez duten beste faktore batzuk.

Prebenitzeko erabilgarria

Egileen arabera, emaitza horiek baliagarriak izan daitezke prebentzio-lana egiteko eta ondoezak eta sintomatologia detektatzeko, okerrera egin edo kronifikatu aurretik eta gogo-aldarte batetik nahasmendu larriagoetara igaro aurretik, hala nola antsietatea edo depresioa.

«Orain, nerabeen osasun mentalari buruzko egungo egoera ezagutu dezakegu, eta horrekin zer faktore lotzen diren ikusi. Horri esker, kolektibo horren osasun mentala hobetzeko prebentzio-ekintzak pentsatu eta garatu ditzakegu, askoz osatuagoak izan daitezen eta inpaktu handiagoa izan dezaten», adierazi du Helena Gonzalez-Casalsek.

Ikerlariek diote, lurraldearen ezaugarriak direla eta, laginak aldakortasun handia duela, Manresa edo Igualada hirietako nerabeek parte hartzen baitute, baina baita herri txikiagoetakoek ere. «Beraz, beste herri batzuetan gertatzen denaren gutxi gorabeherako ideia bat egin dezakegu, eta azterlan honen emaitzak Kataluniako gainerako nerabeengana estrapolatu», gehitu du Gonzalez-Casalsek, nahiz eta ohartarazi duen Bartzelona bezalako hiri handi batean emaitzak desberdinak izan daitezkeela, auzoen eta maila sozioekonomikoen artean alde handiak daudelako.

Ikerketa honetarako datuak 2019-2020 ikasturtean jaso ziren, Covid-19ak eragindako konfinamenduak landa-lana etetera behartu zuen arte. Pandemiak nerabeen osasun mentalean eragin argia izan duela dirudi-eta, gaur egun Epi4Healtheko taldea DESKcohort proiektuaren bigarren olatuaren datuak aztertzen ari da (2021-2022 ikasturtean bildutakoak), pandemiaren ondorioz kolektibo horren osasun mentalean izan diren aldaketak aztertzeko. Gainera, hiri- edo landa-inguruneak horretan eragina duen ere baloratu nahi da, ekintza espezifikoak edo prebentzio-esku-hartze are zehatzagoak taxutzeko.