JUN. 17 2023 VATIKANOKO NESKATOA Emanuela Orlandi, Erroman desagertua: 40 urte egiaren bila ilunpe betean 1983ko ekainaren 22an, Erroman txirula klasea hartu ondoren, Emanuela Orlandi desagertu egin zen. 15 urte zituen eta Vatikanon bizi zen, aita bertako langilea zelako. Gertatutakoak Aita Santuaren inguruan lokatza sortu bazuen ere, lau hamarkadaren ondoren, ez da ezer argitu eta ez da ikertzeko borondaterik sumatzen. Emanuela Orlandi desagertu ondoren, kartelak jarri zituzten Italiako kaleetan. (WIKIMEDIA) Alessandro RUTA Bide guztiek Erromara eramaten dutela dio esaera zaharrak. Eta bide guztiek Vatikanora garamatzate kasu honetan. Vatikanoa eta bere misterioak, Vatikanoa eta bere garrantzia; ez bakarrik fededunentzat, baita gainerakoentzat ere. Izan ere, hango sekretu batzuk ilunpean dira oraindik ere. Ezagunenetako bat da Emanuela Orlandirena. 1983ko ekainaren 22an, Erroman bertan, txirula klasea hartu eta gero etxera itzuli behar zen arratsalde partean. Baina ez zen bueltatu, desagertu egin zen. Emanuelak 15 urte zituen eta Vatikanon bizi zen. Lehenengo argipena: bai, Vatikanon pertsona «arruntak» bizi ziren (eta bizi dira gaur egun ere). Orlandi familia, esate baterako, bertan bizi zen, aitak Joan Paulo II.aren (Wojtyla) laguntzaile gisa lan egiten zuelako. Denak elkarrekin, eta beraz, egunerokotasunean Aita Santuarekiko kontaktuan. Nork bahitu zuen neska? Emanuela betiko geratu da gogoan, bere aurpegi irribarretsuarekin, desagerpenari buruzko afixetatik xalotasunez begira. Pietro, gaztearen neba, lau hamarkadaz aritu da borrokan, gertatutakoa argitzeko ahaleginean. Mota guztietako hipotesiak entzun ditu, tarteka horietako batzuk zabaltzen ditu, baina oraindik ez da ezer aurkitu. Iaz Netflixen dokumental bat -eta ez da bakarra- agertu zen, “Vatican Girl: The Disappearance of Emanuela Orlandi” izenburua duena eta kasua azaltzen duena. Gauzak horrela, Emanuela Orlandiri buruz mundu erdiak hitz egin du, baten batek aipatu du neska (orain 55 urteko emakumea izango litzateke) bizirik dagoela oraindik, beste baten batek hilda dagoela ziurtatu du... baina ezer garbirik ez. «Renatino» De Pedis Trama nahasi honetan abiapuntu bat beharko dugu, eta hori Erromako Sant’Apollinare eliza izango da. Basilika hori Italiako hiriburuko erdiguneko erdigunean dago, Piazza Navona eta Senatuaren aldean. Nahiko oharkabean pasatzen da, hala ere. XVIII. mendean eraiki zuten eta kripta bat dauka, hilerri modukoa. Atzeko aldea, alegia. Milaka eliza dauzkan hiri batean, horrelakoa baita Erroma, Sant’Apollinare ez da zerrenda turistikoetan agertzen. Gaur egun Opus Dei erakundearena da, eta 2012. urtera arte hilobi oso berezia zegoen bertan: kardinalen eta beste elizgizon batzuen artean, Enrico De Pedis jaunarena. Nor zen? Hitz gutxitan, Erromako mafiaren burua -“Banda della Magliana” zuen izena (Magliana Erromako kanpoaldeko auzo txiroa da, eta bertan sortu zen taldea)-. Beste artikulu luzeago bat mereziko luke banda horrek, baina asko laburbilduta aipa dezakegu 15-20 urtean Erroman ez zela BdM-ren baimenik gabe ezertxo ere mugitu. Maglianak “Pulp Fiction” filmeko Mister Wolf pertsonaiaren antzera egiten zuen: «arazoak konpondu». Buruzagiak nahiko faxismozaleak ziren, baina, horren gainetik, benetako botereari eusteko «goikoekin» lotura sakonak izateak berebiziko garrantzia zuela ulertzen zuten. Hau da, agintari politiko eta ekonomikoekin. Tarteka, tiro batzuk jotzen zituzten, aurkariak ezabatzeko: hori zen Maglianaren «sekretua». Are gehiago, talde horrek Italiako beste mafia talde batzuei laguntza ematen zien: beti era sotilean, baina Cosa Nostrak, adibidez, asko inbertitu zuen Erroman BdM-ri esker, merkatu hori guztiz egokia zelako. Banda della Maglianak hainbat buru zituen, edozein enpresatan bezala, bakoitza bere eremuan jaun eta jabe. Izen-abizenak eta ezizenak ere oso “erromatarrak” ziren. Hemen, zerrendatxo bat: Franco Giuseppucci ‘Er negro’ -‘Beltza’- taldearen sortzailea izan zen eta Benito Mussoliniren busto bat zuen etxeko egongelan; Maurizio Abbatino ‘Er freddo’ -‘Hotza’- sekulako hiltzailea izan zen; Danilo Abbruciati ‘Er camaleonte’-k -‘Kameleoia’-, interes asko babestu zituen, batez ere arlo ekonomikoan eta Cosa Nostraren eskutik; Nicolino Selis ‘Er sardo’ -‘Sardiniakoa’-, Napoliko Camorrarekin harremana zuena; Fulvio Lucioli ‘Er sorcio’ -‘Arratoia’-, drogaren kudeatzailea... Eta azkena, baina besteak bezain garrantzitsua, Enrico ‘Renatino’ De Pedis. Zergatik ‘Renatino’ hori? De Pedisek beste “lankide” bat asko maite zuelako: Renato Vallanzasca, duela 40-50 urte Milango krimen munduan nagusi izandakoa. Bai ‘Renatino’ bai Vallanzasca, biak oso “jatorrak” ziren, oso atseginak itxuraz. Eta luxua maite zuten. Milangoa kartzelatik hamaika aldiz ihes egin zuelako bihurtu zen ospetsu; De Pedis, aldiz, ez zen horrenbeste nabarmendu. ‘Renatino’ren espezialitatea ‘Deep State’arekin harremanak egitea zen, ‘Estatu Sakona’rekin alegia; politikariak, bankuak, benetako boterea... Vatikanoa ere bai, jakina. Joko horri eutsi zion 1990e ko otsailaren 2ra arte: egun hartan norbaitek (agian inork argitu ahal izango luke nor izan zen) tiro eman zion, Erromako erdigunean berriro ere, kasu honetan Campo de Fiori auzoan. Nor zapaldu ote zuen De Pedisek, horren modu mafiosoan bera hiltzeko? Zendu zenean ‘Renatino’-k 35 urte besterik ez zituen, baina ordurako oso aberatsa zen, jatetxe, denda eta lokal batzuen jabea, eta «presidente» esaten zioten. Horren ostean, Maglianako beste kide batzuk ere desagertu ziren bat-batean: batzuk hilda eta besteak, ihesi. «De Pedis 1990ean hil izan ez balitz, Parlamentura sartuko zen zalantzarik gabe». Horixe adierazi zuen Antonio ‘Accattone’ Mancinik, Banda della Maglianako kide ohiak. Parlamentura ez zen sartzera iritsi, baina ustekabeko omenaldia izan zuen, Sant’Apollinare elizan lurperatu baitzuten. Eta nola iritsi zen hartara honelako delitugile bat, honelako hiltzaile bat? Sant’Apollinare parean, gainera, Emanuela Orlandik txirula klaseak hartzen zituen. Mesedea Banda della Maglianaren istorioa nahiko ezaguna zen Italian, beharbada apur bat mitifikatuta “Romanzo Criminale” eleberria eta filma zabaldu ostean -2002. eta 2005, urteen artean, hain zuzen ere-. Baina inork ez zituen lotu De Pedisen taldea eta Emanuela Orlandiren kasua 2010. urteko abendura arte. Gau batean norbaitek deitu zuen, zuzenean, “Chi l'ha visto” RAI telebista publikoaren emanaldira (desagertutako pertsonei buruzko saioa da): «Hori argitu nahi baduzue, zoazte Sant’Apollinare-ra eta galdetu Poletti kardinalari nork egin zion mesedea». Hamar segundoko deia izan zen (anonimoa, noski), baina kutxa ireki zuen berriro ere. Ugo Poletti kardinal eta artzapezpiku boteretsua izan zen, 1997. urtean hil arte, eta Enrico De Pedis Sant’Apollinaren lurperatzeko baimena emana zuen. Ofizialki «diru eskaintza erraldoia» izan zen arrazoia; ‘Renatinok’ hala eskatu zuelako eta Elizaren onerako jokatu zuelako. Apur bat inozoa zirudien azalpenak. Horregatik, “Chi l'ha visto” emanaldiak sekulako eskandalua eragin zuen. Eta horren ondorioz, De Pedisen hilobia aldatu zuten, Sant’Apollinaretik beste hilerri batera eramanez. Dena den, hitz hura, «mesedea», denon belarrietan iltzaturik geratu zen. Zein mesede mota antolatu omen zuen Maglianako agintariak? Berak desagerrarazi zuen Emanuela Orlandi 1983ko egun hartan? Edo are okerrago, berak hil zuen neskatoa? Antza, inoiz ez dugu jakingo zer gertatu zitzaion Emanuelari, beharbada horrek are gauza larriagoak agerian utziko lituzkeelako. Armiarma sare baten modura, neskaren kasu honetatik abiatuta, beste hainbat piztu ziren berriz ere: adibidez, Wojtyla Aita Santuaren kontrako 1981eko atentatua eta Vatikanoko Bankuaren inguruko eskandaluak. Horiekin lotuta zegoen dena? Eta azkeneko hipotesi bat: 1983an Elizan zenbait kardinal pedofilo zeudela eta Emanuela haien biktima izan zela. Wojtyla ere barne? Edota beste izen oso handiren bat? Geroztik gero eta ahots gehiagok eskatzen diote Frantzisko egungo Aita Santuari Orlandiri buruzko behin betiko erantzuna ematea. Baina badirudi inork ez duela egiaren bila gehiegi sakondu nahi, istorio honetan ezer gardenik ez dagoelako oraindik. Albiste ofizialak kontuan hartuta bakarrik, neskaren kasuak oso itxura txarra izaten segitzen du. 2010ean RAI telebista publikora egindako dei batek Erromako mafiak Poletti kardinalari egindako «mesede» batekin lotu zuen Emanuela Orlandiren desagerpena Gero eta ahots gehiagok eskatzen diote Frantzisko gaur egungo Aita Santuari Emanuela Orlandiren kasuari buruzko behin betiko erantzuna emateko