GAUR8 - mila leiho zabalik
2 BEGIRADA:

Eskaparatearena

Mapan egon beharra dago gaur egun, eskaparatean. Baina zer ikusten da eskaparatetan? (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Eskaparateak badaki ispilu izatea zer den. Nerabe garaian kaleko erakusleihoen paretik pasatutakoan zure buruaren islari begira geratuko zinen behin baino gehiagotan. Sartuko zenuen zure sabela barrura, sorbaldak harrotuko eta kokotsa altxatuko eta, nahi gabe, zure inguruko gorputzekin alderatuko zenuen zurea. Eta, agian, ohartuko zinen ez zinela bakarra, zure inguru nerabeko begirada zalantzatiak eskaparate hartara itsatsi zirela euliak bonbilla batera bezala, bakoitzak gorputz barruan ustez ondo ezkutatutako konplexuak erakusgai jarrita. Eta taldea are taldeago bihurtuko zen, kolpe batzuk bizkarrean eta bultzada batzuk, taldeak ematen duen laineza, periferiako zure auzo galdutik iritsi eta hiriko kaleak hartzeko prest. Uda zen, gerora izango zinen gizon hura antzezteko garai aproposa.

Udarik ez da heldu oraindik, baina ba omen dator Tourra. Frantziako Tourra, alegia. Aspaldi abiatu zen hona. Hilabete asko dira jada. Auskalo zenbat prentsaurreko, aurkezpen, argazki, titular eta milioiren ondoren, pare bat aste barru iritsiko omen dira txirrindulariak Bilbora. Txirrindulariak dira gutxienekoa, ordea. Publizitate karabana, Gaztelugatxeko helikoptero bidezko irudiak, kosta, zalez betetako errepide bazterrak, bisitariak... Mapetan kokatuko gaituen hori, eskaparatean jarriko gaituena. Lehendik ere gure “cote basque”-ak, gure Guggenheim-ak, gure kultur hiriburuak, gure sanferminak eta Green Capitalak mapan ez baleude bezala, hortxe, atzerriko bidaia agentzietako pakete berezietan, Ezpeletako piperrak eta Getariako txakolina, bi baten prezioan. Aireportu bat Miarritzen, beste bat Noainen, beste bat Forondan, beste bat Hondarribian eta beste bat Loiun, denak munduari begira, denak ederki konektatuta, elkarrekin lehian, donuts formako gure hiriburuak turistaz ondo hornitzeko prest: jolas parke bilakatutako parte zahar eta erdiguneak eta gero eta kanpotarrago sentitzen diren bertakoz gainezka dauden periferiak.

Mapan egon beharra dago gaur egun, eskaparatean. Berdin da Osakidetza eta Osasunbideko langileak ezin iritsita badabiltza, berdin da legez babestu ezinik gabiltzan hizkuntza bat baldin badaukagu, itotako baserriek utzitako lurrak haize errotaz eta eguzki plakaz bete nahi baditugu, berdin da. Ertzainen greba bat, horixe da Tourraren etorrera zalantzan jar dezakeen gertakari bakarra. Herri irekia baita gurea, Larrainetik Itzaltzura igaro nahi duenak Macroni baimena eskatu behar badio ere.

Bitartean, gure herrian hain ondo errotutako enpresa bat kolono juduak Jerusalemdik lurralde okupatuetara eramango dituen tren bat eraikitzekoa omen da. Eta nik ez dakit bada, Palestinarentzat lekurik ez daukan mundu honek Euskal Herririk mapan ikusiko ote duen. •