JUN. 17 2023 IN FRAGANTI ION MARTINEZ «Txiki» Hogei urte daramatza antzerkian eta komedian. Euskarazko stand up-a apenas zegoen garaian hasi zen bidea egiten eta orain, aparraldi betean, oholtzatik jaitsiko da. Ekarpena egin izanaren sentipenak eta bide bakartiaren nekeak izan dute partea erabakian. Azken bira batekin itxiko du bidea, pozik beste batzuek erreleboa hartua dutelako. Ion Martinez «Txiki» donostiarrak hogei urteko bidea egin du antzerkian eta komedian. (Andoni CANELLADA | FOKU) Amagoia Mujika Donostiarra da Ion Martinez “Txiki”. Baina euskalkiak ez du salatzen, hango eta hemengo euskalkietatik hartutako txatalekin josten baitu berea propioa. «Horrela mintzatzen naiz nahita. ‘Amets zirkoa’ izeneko antzezlan bat izan genuen aspaldi eta bertan Euskal Herriko euskalkiak erabiltzen genituen. Uste dut euskalkien aberastasun hori ezin dugula galdu eta nik nire ekarpentxo horiek sartzen ditut. Tokiaren edo pertsonen arabera, gustatzen zait haien euskalkiko detaileren bat sartzea». Horrela argitu digu euskalkiak sortu digun zalantza. Askotan saiatzen baikara euskal hiztunaren hitzen tolesturetan nongotarra den asmatzen. Baina hori ez da izan elkartzeko aitzakia. Txikik hogei urte daramatza antzezle eta komiko lanetan Euskal Herrian barna, areto dotoreetan zein garaje batean palet baten gainean igota. Euskal Herriak kolore eta tamaina desberdinak baititu. «Bidea oso polita izan da, maitasun istorio eder bat. Leku eta jende pilo bat ezagutu ditut, Euskal Herriak motor indartsu bat daukala ikusi dut, jende asko musu-truk lan egiten duena. Euskal Herria bizi-bizirik dagoela ikusi dut eta jende asko Lizarran, Maulen edo Balmasedan lanean kulturaren eta euskararen alde. Horrekin geratzen naiz. Lagunak egin ditut toki guztietan». Antzezlea eta komikoa da, hogei urteko ibilbidea osatu du antzerkian eta bakarrizketetan. «Azken bira honetarako prestatu dudan emanaldian bi alderdiak landu nahi ditut, antzerkiarena eta bakarrizketarena. Hain justu, Estatu frantsesean bakarrizketagile asko aktoreak dira, bakarrizketak egitera salto egin duten aktoreak. Nire azken bira honetan aktore eta bakarrizketagile lanak uztartu nahi izan ditut, hori izan da asmoa. Bi bide dira, oso desberdinak, baina uztartu daitezkeela uste dut». Lanbidez, Basque Culinary Centerreko mantentze-lanetan aritzen da. «Goizean lan egin eta arratsaldez bakarrizketak, Euskal Herriko bazter guztietan. Hogei urte daramatzat horrela eta oso aberatsa izan da, baina geratzeko ordua iritsi dela uste dut». Geratzeko ordua, noiz eta euskal komediak aparraldia bizi duenean, euskarazko stand up komedia martxa hartzen ari denean. «Ni hasi nintzenean ez zen ohikoa euskaraz umorea egitea. Telebistan ‘El Club de la Comedia’ saioa boladan zegoen eta bakarrizketen kodeak barneratzen hasia zen jendea. Kode horiek oso garrantzitsuak dira, stand up komedia ikusteko jarrera bat behar da. Eta, are gehiago, euskaraz denean. Hor kode partekatu batzuk beharrezkoak dira. Eta gaur egun gero eta jende gehiago ari da euskaraz komedia egiten eta plazak ere ugaritzen ari dira. Oraintxe Antiguako Dokan Karkar Stand Up Probalekua jarri dute martxan. Horrelako ekimenak oso interesgarriak dira». Olatua goitik dator orain. “Txiki” hasi zenean, dena zegoen egiteko. «Hasieran, batzuetan gazteleraz egiten nituen bakarrizketak. Osaba Orendaingo baserri batekoa da eta esaten zidan, ‘zu oso euskalduna eta borrokalaria, baina bakarrizketak gazteleraz egiten dituzu’. Eta arrazoia zuen. Hasieran ez neukan sentsibilitate hori lortu nuen antzerkiari esker, Euskal Herrian euskararen alde lanean zenbat jende ari den ikusi nuenean. Eta ni ere horretara jarri nintzen, euskarari eta herriari diedan maitasuna bakarrizketetara ekarri eta euskaraz egiten. Denoi kostatu zaigu pixka bat euskarak denerako balio duela konturatzea». Umorea, edozein tokitan Ander Lipusi ikasi dio antzerkia edonora eramateko modukoa dela eta bertsolariei ikasi die bertsoa edozein tokitan abestu daitekeela. «Nik printzipio bera izan dut. Edozein tokitan egin daiteke umorea euskaraz. Egin izan dut Kursaalean, areto dotore batean, eta palet baten gainean, Zuberoan. Eta euskaraz egin dut. Nik beti esaten dut euskara dela euskaldunak lotzen gaituena. Willis Drummondekin, adibidez, euskarak lotzen gaitu. Frantsesez abestuko balute, ez genituzke ezagutuko». Komedia euskaraz, duela hogei urte. Bidea urratzea egokitu zaio, zalantzarik gabe. «Hasieran toki batzuetan jendeari kostatu egiten zitzaion ulertzea tontakeriak esaten zituen tipo bat nintzela, esaten nuena fikzioa zela, Abaltzisketara joan eta bertakoak zirikatu egiten nituela... Gaur egun jendeak hori guztia ulertzen du, kode horiek barneratuta ditu, komediak bide bat egin duelako eta etengabeko presentzia duelako telebistan eta sare sozialetan. Baina hasiera hartan bat baino gehiago haserretu egin zitzaidan». Urteen joanean, samurrago topatzen du konexioa jendearekin. «Finean, umoregile batek jendea konkistatu behar du, jendearekin konektatu behar du. Hori ere ikasi egiten da. Emanaldia hasi eta lehen hamar minutuetan dagoeneko sumatzen dut ondo edo gaizki joango den. Nik dantza egin behar dut ikuslearekin, pausoa koordinatu behar dugu, baina horretarako nik eta berak, biok dantzatzeko gogoa izan behar dugu». Dantza pausoak aldatu egin dira hogei urtean. «Nire umorea egiteko modua aldatu da eta umorea jasotzeko jendearen modua ere bai. Baina ‘mortadela’ txisteek, txiste merke eta sinpleek, funtzionatzen jarraitzen dute. Urteen joanean saiatu naiz umorea janzten. Batzuetan, gaiak eta proposamenak oso sinpleak izan arren, umore sakonagoa egin daiteke. Edo horretan saiatu naiz behintzat». Umorearen marra gorriez hitz egiteak ez dio espanturik sortzen. Inoren azala mintzeak baino kezka handiagoa sortzen dio betiko estereotipoetan erortzeak. Horietatik aparte, denari buruz barre egin daitekeela uste du. «Nire ustez, orain umorea egitea ez da lehen baino zailagoa. Pentsa, orain ETAz ere umorea egin daiteke. Hitz egiteko askatasuna dagoela uste dut. Nik EAJ kritikatzen dut eta Arnaldo Otegi ere zirikatzen dut. Ez daukat arazorik». “Txiki”-k bere azken emanaldian Euskal Herriko jainkoen eskailera osatzen du, behetik gora: Xabier Euzkitze, Eñaut Elorrieta, Arnaldo Otegi eta Fermin Muguruza. «Jendeak barre egiten du eta azken zehaztapena egiten dut: ‘y la policía’». «Nik denei barre egiten diet, baina baita nire buruari ere. Ni ikustera etortzen direnen artean adinkideak ikusten ditut, bikotekide eta familiarekin. Eta ni bakar-bakarrik mikrofono baten aurrean, larunbat gauez, txorakeriak esaten auskalo zein herri galdutan. Nire buruaz ere barre egiten dut. Lasai asko». Oholtzatik jaitsiko da Hogei urteko bidearen ondoren, ezer ez zegoen tokian bidea egiten saiatu ondoren, euskarazko komedia loralditxoa bizitzen ari denean, erretiratu. Zergatik? «Ni oso Oteizazalea naiz. Hainbeste sari eta errekonozimendu jaso eta gizarteari ezer emateko ez zuela sentitu zuenean, utzi egin zuen. Nik ere hori sentitzen dut. ‘Birritan bortxatua’ antzezlanarekin plaza mordoa egin dut eta sentitzen dut ez dudala lortuko hori baino hobea egitea. Eta nire azken bakarrizketarekin berdin, uste dut ez dudala hori hobetzea lortuko. Artista bezala hori sentitzen dut. Eta, bestetik, nekatuta nago. Nire kasa ibili naiz hogei urtean, nik lotu ditut nire plazak, nik daramat nire agenda... Oso interesgarria da, baina oso neketsua. Urtean 40 bat plaza egiten ditut eta nekatuta dago. Oso lanbide bakartia da, gainera. Ia beti bakarrik joaten naiz auskalo zein herritara, lana egin eta gero, kafeak hartuz bidean logura menderatzeko...». Azken bira “Euskaldunen jatorria, historia eta irria” izena du azken birarako prestatu duen bakarrizketak. Big bangetik gaur arte, euskaldunen historian barnako bidaia proposatzen du, euskaldunaren garapena umoretik. Imitazioak ere egiten ditu; Oteiza, Xalbador, Evaristo, Laboa, Maurizia eta Lujanbio. «Niretzat oso garrantzitsuak diren pertsonak dira, ikonoak. Miresten ditudan pertsonak dira denak. Azken antzezlan hau oso pertsonala dela uste dut; nire burutazioak, garrantzia daukaten balioak, ideiak, pertsonak... nire maitasun eta gorroto guztiak ikusten dira azken lan honetan». Sortzaile txikia den aldetik, sortzaile txikien aldeko aldarri bat ere bada bere azken lana. «Sortzaile txiki mordo bat gaude eta sistemak beti handienak bultzatzen ditu. Horrek kezka sortzen dit, artista asko geratzen direlako bidean». Oholtzatik jaitsita, beste aldean euskal kulturaz gozatzen jarraituko du, «euskal sorkuntzen militantea» sentitzen delako. Uztailaren 1ean EHZ festibalean egongo da, Irisarrin. Uztailaren 25ean, Errenterian eta abuztuaren 13an, Gaztelun. Oraingoz plaza horiek ditu lotuak, baina gehiago izatea espero du. • Lipusi ikasi dio antzerkia edonora eramateko modukoa dela eta bertsolariei ikasi die bertsoa edozein tokitan abestu daitekeela. «Nik uste dut edozein tokitan egin daitekeela umorea» «Nire ustez, orain umorea egitea ez da lehen baino zailagoa. Pentsa, orain ETAz ere umorea egin daiteke. Hitz egiteko askatasuna dagoela uste dut»