Normalizatutako galera
Tarteka entzuten ditut umeak inguruan txiste arrazistak (txiste gisa) axolagabeki egiten baita emakumeek eskubideak berreskuratzeari txantxaz iskin egiten ere. Umeak dira eta bromatan dabiltza, baina kezkatzen nau gai larri hauekin erakusten duten arinkeriak.
Bai, Euskal Herrian eskumak behera egin du botoetan eta, ondorioz, ahultzen doa horien aginte boterea. Ezin dute gauza bera esan beste erkidego eta herrialde batzuetan bizi direnek. Baina ez dezagun fokua galdu, ez gaude inola ere salbu. Gure gizartea ere gero eta blaituago dago eskumak eta ultraeskuinak luzaroan zabaltzen diharduten mezuekin. Lehen pentsatzea eta are gehiago esatea larritzat hartzen genituen hainbat baieztapen normaltzat -edo ez hain larritzat- hartzen ditugu askotan. Eta hori da, finean, eskumaren garaipena bermatuko duena, orain ez bada, laster. Izan ere, ez ote da agintean nor dagoen bezain garrantzitsua zein politika eramango diren aurrera? Eta nola poliki-poliki eskuma lortzen ari den gizartearen benetako ardurak ez ziren asko eta asko, ahalegin handia eginez, normalizatu eta erdian jartzea? Gezurrekin, manipulazioarekin, ezjakintasunarekin eta, batez ere, gure norberekeriekin eta beldurrekin jokatuta, askoz gizarte kontserbadoreagoa bilakatzen ari gara; desengainatua, beldurtia eta mesfidatia. Eta nork egiten du, bada, arrantza halako itsaso nahaspilatsuan? Denok ezagutzen dugu erantzuna, baina, tamalez, ez dugu konfort edo babesgune faltsu horretatik irteteko ausardiarik, eta olatuak ez dauka etenik.
Gizarteak -arrazoi handiz- alderdietan eta sistema politikoan gero eta gutxiago sinesten duen garai honetan eskumak indarkeria itzelez, gezurrean eta irainean oinarrituta, apurtzaile eta sistema irauliko duen alternatiba gisa erakusten du bere burua. Eta erabat kontrajarria badirudi ere, zailtasunekin bizi diren eta egoeraz erabat nazkatuta dauden horien babesa jasotzen dute; bai, hain justu, lehen elkartasunean eta ezkerreko baloreetan sinesten zuten haiena. Antisistema mozorroarekin, sistema gordinena izanik, sisteman langileek, ezkerrak, erdietsitako lorpenak ezabatuko ditu eta babesa emango dioten horiek guztiak gupidagabeki zanpatuko ditu.
Eskumaren argudio oso eraginkorra eta arrakastatsua da gizartea bi multzotan banatzea: gu eta haiek. Alde batetik, patroi zehatz bat -haiek ezarritakoa- jarraitzen dutenak: zuriak, gizonak, kristautasunarekin talka egiten ez dutenak, desberdintasunik erakusten ez dutenak, berekoiak, mesfidatiak eta, batez ere, beldurtuak. Eta, bestetik, “desberdinak” direnak: emakumeak, genero nagusikoak ez direnak, ezkerrekoak, desberdintasuna aldarrikatzen dutenak, kristautasunetik at hazitako kulturetakoak, zaurgarritasun egoeran daudenak… “Produktiboak” direnen eta “produktiboak ez diren”-en arteko muga gaindiezina eraiki eta betikotu nahi dute. Horretarako, ezjakintasunaz, gezurrez eta beldurraz baliatzen dira. Eta emaitzak begi bistan daude: gure artean elkartu eta lortutako eskubideak deuseztatu nahi dituztenen kontra egin beharrean, “desberdina” den horrekiko gero eta gezur gehiago sinetsi, aurreiritzi guztiak barneratu eta “ahulagoaren” kontra egiten dugu horrek “gure” egoera hobetuko duelakoan. Izan ere, faxismoa gizateriaren ahultasun batez baliatzen da: gure sufrimenduari aurre egin ahal izaten diogu betiere gorroto ditugun horiek guk baino gehiago sufritzen badute. •