Alemaniako gerrilla feminista; gorputza erdigunean, armak eskuan
Mendebaldeko Alemanian, 1974an, gerrilla urbano feminista bat sortu zen piztiaren bihotzean. Justizia lortzeko bidean, emakumeen askapenaren eta antiinperialismoaren alde jardun zuen borrokan. Armak eskuan hartu zituen gerrilla bakarra ez izan arren, ezezagunenetariko bat da, ziurrenik.
Ez dago beraien argazkirik, ez dago apenas izenik, sigla bat besterik ez, RZ. Rote Zora. Mendebaldeko Alemanian, naziak armaz garaituak izan ziren arren, haien sakoneko pentsamoldea eta praktikak bizirik zeuden. Orduan sortu zen emakumezkoen gerrilla urbanoa: Rote Zora. Euskaraz lehenbizikoz Katakraken eskutik jakin dugu «bidelapur» hauen historia: 20 urtez anonimatuan egon den taldearen eta hark egindako 45 erasoen ibilbidea.
Dabid Lindemannek itzuli ditu “Rote Zora, hiri-gerrilla feminista piztiaren bihotzean (1974-1995)” liburuan euskaraz jasotako testuak. Antologia laburra da, militanteei egindako elkarrizketak, ekintzen osteko komunikatuak eta emakumezkoen kongresuetarako idatzitako txostenak jasotzen dituena.
Alemaniako 1967ko gazteen errebolten biharamun luzearen elementuetako bat izan ziren gerrilla urbanoak. RZk, ordea, bazuen berezitasun bat: 25 eta 50 urte bitarteko emakume eta lesbianek soilik osatutakoa zen. Inperialismoaren eta kapitalismoaren kontrako iraultza, emakumeen askapena, gorputzaren inguruko esperimentazioa (izan drogaren, sexuaren zein dietaren bidez), eta musika genero berriak aldarrikatzen zituzten; finean, «bizitza antolatzeko unitate eta molde berriak» mahaigaineratu zituzten.
1974an sortu zen; hasieran Zelula Iraultzaileen baitan kokatzen zuten taldea eta haren jarduna, baina ondoren, modu autonomoan borrokan hasi ziren, nahiz eta haiekin oinarriak partekatu. Izenak ere badu esanahia, izan ere, Kurt Held idazlearen gazteentzako liburu batetik sortu zuten. “Zora Gorria eta bere taldea” du izenburu, eta aberatsei lapurtu eta behartsuenei ondasuna banatzen zien taldeari egiten dio erreferentzia.
Interesgarriak bezain gaur egungoak dira gerrillaren hausnarketak. Izan ere, gizarte justuagoa eraikitzeko bidean, arazoen erroetara jo eta analisi zehatzak egiten zituzten, posizio etikoetan geratu gabe, eta borroka ezberdinak elkar loturik zeudela ulertuta. Hausnarketa bakoitza ñabardurez josten zuten, eta hartutako erabakietan konpromiso irmoa erakutsi arren, kritikoak ere izaten ziren beraien erabakiekin, eta sarri azaleratzen zuten beste posizio interesgarriren bat ere. Feminismoa oinarri hartzea zen beraien premisa: «Feminismotik aldatu nahi dugu dena», zioten.
Aldarrien aniztasunak deskribatzen du egokien Rote Zoraren estrategia politikoa. Horrela jasotzen du Katakraken hitzaurreak: «RZk Alemanian abortatzeko eskubidea aldarrikatu zuen, eta aldi berean, kontenplatu zuen munduko toki askotan industria farmakologikoa emakume indigenak antzutzeko masa-programak martxan jartzen ari zela. Sexuaz gozatzea aldarrikatu zuen, eta, aldi berean, emakumea sexu objektu bilatzen zuten tokiak mehatxatu zituen. Manipulazio genetikoari gerra deklaratu zion: ikerketatik hasi eta hura sustatzen zuten enpresen kontra jo zuen. Ulertu zuen emakumeen askapenaren barruan sartzen zirela antiinperialismoa eta kartzelen kontrako borroka, eta kapitalismoari gerra deklaratu zion».
Mugimendu feminista ardatz
Mugimendu Feministaren parte zirela zioten, baina beti aldarrikatu zuten ez zirela «emakumeen arazoei» irtenbideak bilatzera mugatuko: «Emakumeok emakume-kontuetan adituak eta gizonak, berriz, kontu politiko orokorren erantzule? Ez dugu nahi horrelako lan-banaketarik, ezta ezker politikoan ere». Mugimendu Feministak egitura patriarkal guztiei heltzen zien beraien arabera, eta kimu gaizto batzuk erauziz ez zela desagertuko zioten, baizik eta iraultza sozialaren prozesu luze baten ondorioz.
Militantzia ereduarekiko ikuspegi propioa ere bazuten. Izan ere, talde militantea ez zen ehuneko ehunean militantziara mugatu. Asteko ordu batzuetako eginkizuntzat zuten, baina milita zezaketen beste talde batzuetan ere; lan egiten zuen jendea zen, jendea zaintzen zuena. Militatzeko moduak ere bereizten zituen beste gerrilla urbano batzuetatik, eta batez ere gizon armatu militanteari kritika egiten zioten horren bidez.
Aldi berean, armak hartzearen inguruan gainontzekoek eginiko kritikari ere erantzun argia eman zioten Emma aldizkarian egindako elkarrizketan: «Zergatik ez du izurik eragiten gizon batek emakumeak erosi eta saltzeak, eta bai, aldiz, gizon horren autoari su emateak? Horren atzeko pentsamoldea hau da: gizarteak bidezkotzat hartzen duen biolentzia onartu egiten da, eta aldiz, baztertu egiten da haren kontrako defentsa». Emma aldizkaria Alemaniako emakume feministen erreferentziazko argitalpena zen, eta Rote Zorak sarri erabiltzen zuen bere ideien berri emateko.
Dena den, ekintza armatuekiko ikuspegi zorrotza zuten, eta ez zuten inor zauritu haien bidez, erregistratuta dagoenaren arabera, behintzat. Emma aldizkarian aitortu zuten ekintzarekin zerikusirik ez zuten pertsonen bizia arriskuan jartzeko aukerak erantzukizun berezi batera eramaten zituela, eta ekintza asko alde batera utzi zituztela jendearentzako arriskutsuak izan zitezkeelako.
Gorputzak abiapuntu
Rote Zorako kideen ustez, erresistentziak agerian uzten zuen zapalkuntza. Eta hori zela-eta sabotatu, boikotatu eta hondatzen zituzten zenbait jabetza. «Erantzuleei eraso egiten diegu, jasandako indarkeria eta umiliazioengatik mendekua hartzeko».
Gorputzari lotutako borroka izan zen gerrillariena; hori defendatzen zuten beraiek. Feminismoaren bidetik ekarritako «pertsonala dena politikoa da» esloganarekin eta antzeko ideia politiko erradikalekin bat egiten zuten. Eta aldi berean, beraien ohiko ikuspegi zorrotzaz, kritika egin: subjektibotasunaren politika introspekzio bihurtzeko arriskua jartzen zuten mahaigainean, eta gizarte aldaketarik gabeko aldaketa pertsonala gerta zitekeenaren beldurra azaleratu.
Inperialismoa kapitalismoaren garaiko fasetzat definitzen zuten. Eta estatua erorarazteko beraien estrategia haren zutabeak eraistetik igarotzen zen. Bestela esanda, uste zuten ez zegoela estatua eroraraziko zuen jopuntu zehatzik, eta mugimendu iraultzailearen arrakasta gobernu zentralak ezarritako bizi-baldintza guztiei eraso eginda etorriko zela zioten. «Txakur amets» gisa jotzen zuten aldarrikapen iraultzaile guztiak jomuga bakarrarekin lotzea. Eta horregatik, zapalkuntzak ez mailakatzearen aldekoak ziren, zapalkuntzen muin eta ertz guztiak aztertu eta erasotzearen aldekoak. Aldi berean, baldintza ekonomikoek sexismoa eta arrazakeria betikotzen zituztela argudiatu zuten.
Emakumeen aurkako indarkeria eta indarkeria orokorra batera ulertzea defendatzen zuten. Horregatik, bi aldeak nabarmentzen zituzten. Zapalkuntza kapitalista amaitzea aski ez zela, batetik. Eta «gizon arauemailea» nor den ez aztertzeak emakumeak beren burua babesteko sortutako egitasmoetara mugatzea zekarrela bestetik, arazoari aurre egin beharrean.
“Hirugarren mundu” gisa izendatutakoarekin harreman estua izan zuten. Sistemarekiko lotura eten nahi zuten, eta horretarako beste herrialde batzuetako emakumeekin batera zituzten loturak bilatu zituzten. Ekintzak egiterakoan ere, emakume horiek zer pairatuko zuten edo beraien bizitzak hobetuko ziren galdetzen zioten beraien buruari. Esaterako, arropa dendetan sabotajeak egiteak ez zuen emakume horien bizitzarik aldatuko, eta ondorioz nahiago zituzten beste bide batzuk arakatu. Kurdistango herriarekiko elkartasunez eta Alemanian kurdu migratzaileak babesteko ekintzak ere egin izan zituzten. Kurduen aurka erabiliko ziren armak egiten zituzten Turkia eta Alemaniak, horien aurka jo zuten, eta Alemanian bertan arrazagatik kriminalizatu eta jazarritako kurduei babesa helarazi zieten.
Abortua eskubide izan zedin
Egindako ekintzetatik asko abortuaren erreformaren aurkakoak eta emakumeen eskubideen aldekoak izan ziren. Lindemannek liburuan jaso ditu Abortu Legearen Erreformaren aurka eginiko bi.
1975. urtean izan zen lehendabizikoa: Mendebaldeko Alemaniako Auzitegi Konstituzionalari eraso zioten, abortuaren debekua legezkotzat jo zenean. Rote Zorak erasoaren egunean bertan argitaratutako komunikatuaren bitartez, hain zuzen ere, ekintza «Konstituzioaren aurka, gure buruak defendatzeko» egin zuela adierazi zuen.
«Abortuaren Legeak ez du aborturik ekiditen, eta hori ongi dakite lege horren alde Jainkoa eta Polizia nahasten dituztenek», salatu zuten, eta gaineratu medikuek etekin ekonomiko handia ateratzen jarraitzen zutela abortuaren eskaintza modu pribatuan eta ez legezkoan eginez.
Bigarren erasoa 1977ko maiatzaren 1ean egin zuten. Mendebaldeko Alemania osoko emakumeak kalera irten ziren sexu-indarkeriaren aurka borrokatzera. Abortuaren Legearen Erreforma zela-eta hartu zituzten kaleak; izan ere «medikuen menpe» egotera behartzen zituztela salatu zuten. Batetik, medikuen bi herenek abortuari «boikota» egiten ziotelako; bigarrenik, adituen txostenak ez zituztelako aintzat hartzen, eta hirugarrenik, amatasun-laguntzari zegozkion gastuak eta Aborturen Legeak sortutakoak gutxitzea erabaki zutelako.
RZren komunikatuetan, estilo zuzena eta zehatza ohikoa izaten zen arren, aipaturikoan mehatxu zuzenak egin zizkioten Severingi. Garai hartan Mediku Elkargo Federaleko lehendakaria zen, baita nazi ohia ere -SSetako kidea- eta Batasun Sozial Kristauko kidea. «Rote Zorako kideok entrenatu egingo gara, eta ederto jipoituko zaitugu. Zure autoa erreko dugu, zure lorategia suntsitu eta zure txaleta eraitsi».
Genetika laborategien aurka
Munsterreko Giza Genetikaren Institutura egindako bisitan, bestalde, artxiboa suntsitzea lortu zuten 1987. urteko abuztuan Rote Zorako militanteek. Bi ikuspegirengatik eraso zioten, batez ere. Batetik, emakumezkoak «seme-alaba produktiboak» izatera bultzatzen zituelako sistemak, eta ondorioz, jaio aurretik elbarri gisa identifikatutako haurrak ez izatera bultzatu, eta bigarrenik, «arraza-higienea» zaindu nahi zuelako aipatutako institutuak.
Berlingo elbarrituek giza genetikako kontsultategiak ixteko eskatu zuten hilabete luzez, 1987an, instalazio horiek «kontrolgunetzat» hartzen baitzituzten ahalik eta gizaki gehien erregistratzeko, eta «nahi diren zein nahi ez diren seme-alabak hautatzeko». Rote Zorak, abuztuan, protestekin bat egin eta artxibategiaren zati bat lapurtzea lortu zuen, eta beste zati bat erre egin zuen. Urtarrilean argitaratutako hausnarketa batean salatu zuten, halako institutuen arabera, gizartearen arazo guztiak biologikoak zirela eta medikuntzaren bidez konpon zitezkeela, izan alkoholismoa, alergiak, kriminalitatea edota ezgaitasunak. Eta horrekin plazaratu zuten «sistemarentzat produktiboak diren haurrak» izatera bultzatzen zuela institutuak. Horrez gain, garaiko Alemanian, herentzia genetikoa Europako demografia zaintzeko eta «arraza-higienea» zuzentzeko erabiltzen zutela ere mahaigaineratu zuten. Institutuko zuzendarien hitzetan, «herri alemaniarra» desagertzeko arriskuan zegoen, eta ondorioz, bikote alemaniarrek soilik izan behar zituzten haurrak.
Presoen eskubideen alde
Preso izateko mehatxuak gero eta jende gehiagori eragiten ziola zioen RZ kolektiboak. Izan ere, jarrera, pentsamendu eta ekintza egokien baitako zigor-sari paradigmaren baitan kokatzen bazuten ere, beraiek espetxea ez zuten errepresio-katearen azken katebegi gisa ulertzen, sistema kapitalista-inperialistaren berezko atal gisa baizik.
Espetxeetako sari eta zigorrek, eguneroko agenda zehatz eta zurrunak eta urteak bertan igarotzeak presoen nortasuna hausten zuten, gerrilla urbano feministaren ustez. Eta horrez gain, espetxe barruan lan egiten zuten enpresek etekinak ateratzen zituzten, presoen esplotazioaz baliatuta.
Hori zela eta, gutxienez bi ekintza egin zituen Rote Zorak afera horri lotuta. Beraien ohiko zuhurtasunez, espetxean bertan ekintzarik ez egitea erabaki zuten, kaltetuenak presoak izan zitezkeela jakitun. 1984ko abuztuan Kreuzer enpresaren kamioi bat erre zuten, kartzelan su bonbak ekoizten zituelako. Eta 1985. urteko apirilean Koch enpresaren aurkako lehergailua jarri zuten Gütersen, kartzeletako langileen esplotazioa salatzeko. Bi enpresak presoen eskulanaz baliatzen ziren etekinak biderkatzeko.
Amaieretan hasteko deia
Rote Zorak argi zuen nola egin behar zitzaion aurre hamaika buru zeuzkan inperialismoaren eta patriarkatuaren herensugeari: herriz herri taldeak sortuz eta borrokarako antolatuz. Komunikatu, hausnarketa edota helarazten zuten dokumentu bakoitzak amaiera berezia zuen; bertan suma zitekeen beraien borrokarako gogoa, samurtasuna eta maitasuna. Baina, batez ere, konbikzioa.
«Sortu taldeak han eta hemen. Agur eta musu bat», «Emakumeen arteko loturen alde, nazioarteko emakume-taldeen alde!», «Erresistentzia posible da!», dira Katakrakek argitaratutako liburuko komunikatuetan jasotzen diren amaieretako batzuk. Beti esperantzarako bezainbat lanerako deia eginez: «Emakumeok altxatuko garen eguna etorriko da… Baina, horretarako, gaur bertan hasi behar dugu mugitzen».