JUN. 24 2023 INDARKERIATIK IHESI, INDARKERIA GEHIAGO Migratzaile haur eta gazteek jasan beharrekoa; bikoitza, neska izanez gero Espainia edo Italia izaten dituzte helmuga Afrikatik ihesi doazen gazte askok. Jaioterrian bizi izandako biolentzia bezain arriskutsuak dira, ordea, bidaiak, eta helmugara iritsitakoan, esperotakorik ez, eta oztopo gehiago. Save the Children taldeak egindako ikerketatik abiatuta, zenbait gazteren bizipenen kronika laburra. Laburra bezain gogorra. Hainbatek lurretik egiten dute bidaia, irudian ageri den bezala, batetik bestera joateko astoen laguntzaz. (Wakil KOHSAR | AFP) Iraitz Mateo Afrikatik abiatu eta Espainia edo Italiara heltzeko bidaia egin duten gazteekin hitz egin du Save the Children taldeak. 2022an egin zituen elkarrizketak 9 eta 24 urte bitarteko gazteekin, eta orain eman dute txostenaren berri. Bidaia egin duten neska gazteen herenak aitortu du ibilbidean zehar biolentzia jasan duela. Beraien herrialdetik segurtasun bila ihes egin, eta segurtasun eza izan da haien aterpe milaka kilometrotan. Girls Move North Africa izeneko ikerketarako 68 neska eta 34 mutil elkarrizketatu dituzte. Gazte horiek egindako bidaiak ulertzeko, erraietara jotzeko eta ondorengo interbentzioak hobetzeko asmoa du proiektuak. Topatu zezaketena beraien herrialdean zutena baino hobea izango zela uste zuten Reinatouk, Paulinek, Amniek edo Ouidadek, baina bidaia ere gogorra izan zen. Abiatu aurreko buruko minak Erabakia hartzen dutenek egiten dute bidaia, baina nork hartzen du erabakia? Adina erabakigarria izaten da. Ikerketaren arabera, neska gazteenak (9 eta 13 urte artekoak) dira erabakiak hartzeko prozesuan kontrol gutxien dutenak. Kasu gehienetan gurasoek edo familiako beste kide nagusiren batek hartu zuten erabakia; gazteek informazio oso gutxi izaten dute egin behar duten bidaiaren inguruan. Bidaia erabakia hartu baino lehen abiatzen da. Izan ere, bizi izandakoaren ondorioz heltzen da erabakia, jaioterritik joateko beharraren eraginez. Askok etxetik ihes egin nahi izaten dute. Elkarrizketatuetako bostetik batek etxean jasotako biolentziarengatik ihes egin zuen; zazpitik batek, behartutako ezkontzatik eskapu. Hezkuntzarako sarbidearen bila, gerratik ihesi, medikuarenera joateko beharrak bultzatuta edota egoera ekonomiko hobe baten bila, beste askok. Genero indarkeria eta indarkeria sexuala dira neska gazte asko etxetik atera eta ustezko helmuga hobeen bila abiatzeko arrazoia. Genital femeninoen mutilazioa, senideek eragindako indarkeria edota bikotekidearen eraso matxistak izaten dira arrazoi nagusiak. 20 urteko Reinatouren kasuan, aitaren tratu txarrak: «Nire ahizpek etxetik ihes egin zuten eta gaur arte ez dugu haien berri izan. Aitak jakin zuenean, oinak erre zizkidan kalera irten ez nedin. Oinik ez baduzu, ezin zara irten. Burdinez erre ninduen ahizpek bezala ihes egin ez nezan… Gure herritik ihes egin nuen Dakarrera. Ez nuen nahi ni aurkitu eta ezkontzera behartzerik, harengandik urrun egon nahi nuen». Beste hainbatek diote beraien sexu orientazio edota genero identitatearengatik joan zirela ihesi. Ikasi eta lan egitearekin amets egiten zuten bidaia abiatutako gazte askok; mutilen kasuan, lanean hasi beharrak hezkuntzako zirkulutik kanporatu zituelako eta nesken kasuan, familiak ikasketak uztera behartu zituelako, ezkontzeko kasurik gehienetan, eta beste batzuetan, ekonomikoki lagundu zezaten. Asko hezkuntzarako sarbidearen bila abiatzen dira. Hori da 24 urteko Marimaren kasua: «Gure lurraldetik alde egiteko bururatzen zaidan lehen motiboa hezkuntza da. Mediku izateko ametsa bete nahi dut, eta horretarako eskolara joan nahi dut». Plangintzaren beharra Bidaia egitea erabaki ostean, nola egin pentsatzea izaten da hurrengo urratsa. Senideak eta lagunak izaten dira informazio iturri nagusiak, baita internet bidezko plataformak ere. «Lagunak ni baino lehenago etorri ziren hona (Espainiara), eta gauza onak bakarrik kontatzen dituzte. Baina hona iritsi eta errealitatea oso desberdina da», aitortu du Amniek. You Tube eta Facebook plataformak erabiltzen dituzte bidaiak antolatzen dituztenekin komunikatu eta informazioa lortzeko. Bidaia, ordea, beti ez da planifikatu bezala irteten. Gehienentzat, bidaia oso arriskutsua izaten da, hainbat mehatxu jasotzen dituztelako. Aurre egin beharreko arriskuen artean daude sexu eta genero indarkeria, eraso fisikoak edo tratu txarrak, zailtasun ekonomikoak (dirurik gabe geratzea edo lapurretak), atxiloketak, poliziaren basakeria, aterperik eza, lan esplotazioa… Baita eremu zailak zeharkatzea ere, hala nola basamortua edo itsasoa, gosearen, deshidratazioaren, lesioen eta heriotzaren mehatxupean. Bidaia abiatzear Neska gutxik egiten dute bakarrik bidaia, sarritan senide helduagoek kontrabandistak kontratatu ohi dituzte. Hori da Patriciaren kasua. 22 urte ditu eta bere gurasoek emakume bati ordaindu zioten bidaian laguntzeko; «izeba» bezala aurkeztu zioten. Marokora iritsitakoan bakarrik utzi zuen: «Izeba bihurtu zitzaidanak esan zidan bakarrik utziko ninduela eta nire bide propioa bilatu beharko nuela. Bera Marokora laguntzeko bakarrik zegoela». Beste kontrabandista askoren kasuan, aldiz, engainuak edota lapurretak gertatzen dira. Gazte asko itsasoz Italia zein Tunisiara iristen dira (Fabio SASSO / EUROPA PRESS) Elkarrizketatutako Saharaz hegoaldeko neska gehienek autobusez edo kamioiez egin zuten bidaiaren zati bat, baita autotop-a eginez edo autoa partekatuz ere. Errepide bidez bidaiatzeak arriskuak ditu: lapurretak, arazo mekanikoak, elikagai eta ur eskasia, sexu erasoak eta beste indarkeria mota batzuk. Hala ere, elkarrizketatutako nesketatik inork ez zuen kamioietan polizoi gisa bidaiatu, eta mutilen artean hori ohikoa izaten da. Indarkeria matxista bidaian Indarkeria sexistaren eraginez beren herrialdeetatik ihes egin zuten, eta elkarrizketatutako ia neska guztiek adierazi dute sexu indarkeriaren bat jasan zutela bidaian zehar. Lehen pertsonan bizi izan ez zutenak beraien kideei egindako erasoen lekuko izan ziren. Erasoen egileak kontrabandistak, trafikatzaileak, beste migratzaile batzuk, poliziak eta talde armatuetako kideak izaten direla kontatu dute. Trukerako txanpon gisa erabiliak izan ziren neska gazte asko. Beren komunitateko gizonek sexu esklabo gisa erabili zituzten mugak zeharkatzeko. «Migrazio bidaian gurekin eramango zaituztegu, bizimodu hobea eskainiko dizuegu, baina trukean, mugak zeharkatzen lagunduko diguzue», esaten zieten askori. 23 urteko neska kamerundar batek salatu du Aljeriako talde armatu batek taldean bortxatu zuela bidean zihoala. Bere kontrabandistaren eskutik iritsi zen talde armatuko kideengana. Bizirik irauteko mekanismoak Neskek biziraupenerako eta aurrera egiteko mekanismo asko erabili zituzten bidaian zehar. Asko saiatu ziren «ikusezinak» izaten eta oharkabean pasatzen; poliziaren, talde armatuen edota bidaia lagunen arriskuetatik kanpo egoteko. Batzuek beren janzkera eta itxura aldatu zuten: neska batek azaldu du bere ohiko arropa belo islamiar batengatik aldatu zuela Libian egon zen bitartean, atzerritartzat har ez zezaten. Ouidaden kasua bestelakoa da, Marokotik Espainiara joateko mutil itxurarekin jantzi baitzen. Baina itsasontziz egindako bidaian beroa jasanezin bihurtu zen eta arropa geruza batzuk kendu zituen: orduan konturatu ziren bidaiakideak neska zela. Kontatu du modu hobean tratatu zutela. Neska batzuen kasuan, hilekoa ere ezkutatu behar izan zuten. Ginean eta Gambian, esate baterako, trapuak erabiltzen zituzten bestelako higiene iturririk ez zutelako, eta gainera, beraien feminitatea salatu zezakeelako hilekoak. Dokumentaziorik gabe bidaiatzea izan zen beste neska batzuen alternatiba; adibidez, Tunisian elkarrizketatutako neska batzuek kontatu dute bidaia lurrez egin behar zutenean dokumentuak hertsapen eta abusu iturri bihur zitezkeela, kontrabandistek dokumentuak kentzen zizkietelako xantaia egiteko. Helmugan, baina irtenbide gabe Helmugara iritsitakoan, aterpea lortzea bihurtzen da hurrengo arazoa. «Tunisiara lehen aldiz iritsi ginenean, kalean egin genuen lo lehen egunetan. Hilabete batzuk pasatu genituen kalean lo egiten eta manifestatzen, baina inork ez die erantzun gure beharrei», dio 22 urteko Zainabek. Ikastea zen bidaia abiatu zuten beste askoren ametsa. Josephinek ez du lortu: «Benetan askatasuna nahi dut, eskolara itzuli. Medikua izan nahi dut. Estatuaren laguntza eskatu nuen, baina eskolan sartzea eskatzen dudan bakoitzean, paperak falta zaizkidala esaten didate. Batzuetan uste dut izango banitu, errazagoa izango litzatekeela hemen gauza batzuk lortzea». Medikuarenera heltzea da beste batzuen helburua, baina ez da horren erraza. Farah Libiatik abiatu zen: «Gaixo nengoen, ospitalera joan nintzen eta botikaren errezeta eman zidaten, baina ezin izan nuen ezer egin, botikak erosteko dirurik ez nuen eta». Indarkeria matxista izaten da neska gazte asko etxetik atera eta ustezko helmuga hobeen bila abiatzeko arrazoia: etxekoek egindako erasoak eta ezkontza behartua, batez ere Bidaian zehar mugak zeharkatzeko trukerako txanpon gisa erabiliak izan ziren neska gazte asko. Beraiekin bidaiatzen ari ziren gizonek sexu esklabo gisa erabili zituzten bidaian