GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Mina

Nan Goldin argazkilaria, «All the Beauty and the Bloodshed» dokumentalaren fotograma batean.

Kresala zineklubetik atera naiz halako euforia batekin, ohi bezala film ederrekin. Oraingoan “All the Beauty and the Bloodshed” izeneko dokumentalarekin gertatu zait, Veneziako Zinemaldiko Urrezko Lehoiaren saridun, 2022an. Nan Goldin argazkilari iparramerikarrak eta PAIN (Prescription Addiction Intervention Now) taldeak Sackler familiaren aurka abiarazitako istorioa kontatzen du.

Arte mezenasgoaren bitartez diru zikina disimulatu nahi duten aberats horietakoak dira Sacklertarrak. Jarduera hori, baina, postureo hutsa da, goi mailako jaietan familia kultu eta sentikor gisa ondo geratzeko. Jendearen osasunaren kontura bada ere, toperaino dirutzea da benetan inporta zaiena. Horixe egin zuten min moderatua eta handia tratatzeko “OxyContin” opioideen familiako botikarekin. Mendekotasun handia eragiten du, eta 1996. urteaz geroztik asko izan dira gaindosien ondorioz hildakoak. Izan ere AEBetan “opioideen epidemia” deritzo.

Filmak aurrera egin ahala, PAINen protesta ekintzak ausartagoak eta bisualagoak bihurtzen dira. Metropolitan Museoan "hildakoak" irudikatuz egindako manifestazio masiboetatik hasi, eta Guggenheimeko korridoreetatik eroritako errezeta faltsuen zaparradetaraino, Goldinek eta bere kide aktibistek artea eta performancea erabiltzen dituzte salaketa tresna boteretsu gisa.

Museo garrantzitsuek (Tate, Louvre, Guggenheim) Sacklertarren izena beren aretoetatik kentzea lortu ondoren, azkenean familia ikusiko dugu. Hor daude, pantaila baten aurrean, Goldin eta bere kideekin, epaiketari online begira (pandemia betea zen). Bertan, Theresa eta David Sacklerrek -soraio, mutu, sorgor- entzungo dituzte OxyContinen ondorioz senideak galdu dituzten pertsonen testigantza lazgarriak.

Goldinen hitzetan, elite dirudunak ez du inolako erantzukizunik. Aberats horiek lege ekipo masiboek babesten dituzte, eta diru kopuru harrigarriak bideratzen dituzte Estatura eta Kongresura, lege aldaketak saihesteko. Berdin dio zein alderdi politiko dagoen boterean, errepublikanoak edo demokratak izan. «Ameriketako Estatu Batuak gainbeheratzen ari dira, eta horrek beldurra ematen du».

Dokumentalak, bestalde, Nan Goldinen ibilbide humanoa eta artistikoa erakusten du. Denboran zeharreko bidaia, edertasunez kontatuta artistaren materialaren bidez: familia argazkiak, etxeko filmak, New Yorken egindako ibilbide artistikoaren argazkiak.

Eta zer gertatu zaie Sacklertarrei? Dirua ordaindu behar izan zuten, baina dirudunak izaten jarraitzen dute. Eta are okerrago, etorkizuneko auzi edo erreklamazioen aurrean babestuta daude. •