GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Zenbat etxe?

La Coll Arquitectes-ek egindako «La Borda» etxebizitza kooperatiboa. (Lluc MIRALLES)

XX. mende hasieran, industrializazioak gorena jo zuenean, langile klasearen pilaketa eta horren osasun baldintza negargarriak ziren Europako hirien arazo nagusiak. Egoerari aurre egiteko, Mugimendu Modernoaren baitan, Existenzminimum-aren (bizitzeko logela minimoa) inguruko eztabaida garatu zen. Helburua gizakiaren duintasuna bermatuko zuten eta, industrializazioaren teknologia erabiliz, modu masiboan ekoitz zitezkeen etxebizitza ereduak lortzea zen. Eztabaida teorikoaz gain, praktikan ere oparoa izan zen mugimendu hori. Modernitatearen hastapena zen.

Arkitekturaren teoria ia guztiz abandonatuta dugun garai honetan, dela estetikaren arloan, dela etikarenean, etxebizitzaren inguruko eztabaidak inoiz baino gaurkotasun handiagoa du. Eztabaida hau, baina, haren prezioan zentratu ohi da, subjektuari, hau da, bizitokiari eta haren ezaugarriei arreta handiegirik eskaini gabe. Hala, badirudi ontzat jotzen dugula gaur egungo etxebizitza kanona. Estalpea bilatu beharrak estalpea nolakoa den ahaztera garamatza.

Kanonaren arabera, etxebizitza bat 80-85 metro karratu erabilgarri, hiru logela eta garajea dituen hormigoizko kutxa bat da. Tipologia hori, baina, familia eredu klasiko gero eta urriago eta gero eta berantiar batentzat dago pentsatuta, eta bitartean, gazte, bakarrik bizi nahi duten pertsona, seme-alabarik gabeko bikote edo beste edonorentzat ez dago ia etxebizitza alternatibarik. Gure herri gehienetan, gaur, ezinezkoa da soldata bakar batekin, alokairuan bizitzera joatea, eta etxea erostea ere gero eta zailagoa da. Horrek, derrigorrez, bizilekua partekatzera edota aurrezteko gaitasuna guztiz sakrifikatzera garamatza.

Administrazio publikoek azken urteetan alokairu babestua sustatzeko ahalegina egin dute, baina hemen ere, orain arte gutxienez, tipologiaren tranpan erori direla esango nuke. 2022an Etxebizitza Legea aldatu zen etxe txikiagoak (logela bat edo bi) sustatzeko, ordura arte eraikitzen ziren etxe handien (hiruzpalau logela) ordez. Neurriak, baina, hemendik aurrera eraikiko diren etxebizitza babestuei eragingo die, eta hortaz, oso toki gutxitan nabarituko da.

Merkatu librearen baitan arazo horri konponbidea aurkitzea are zailagoa da. Eskasak izateaz gain, etxe txikiak beti erabili izan dira errenta altuagoak eskuratzeko. Loft eta estudioen prestigioaz baliatuz, bizigarritasun minimoa betetzen ez duten zuloak urrezko prezioan jarri izan dira, espazio ireki eta malguaren erretorika espazio falta ezkutatzeko erabilita.

Bizimodu edo bizitzako fase konkretu batzuetarako, etxe txikiak behar dira bai, baina egokiak, duinak eta eskuragarriak izan behar dute.

Etxebizitza parkea familia eredu berriei egokitzearekin batera, krisi klimatikoari aurre egiteko eraikuntza teknika eta lehengaien erabilera arrazoizkoagoak egin behar dira. Hau serio hartzeak egungo etxebizitza produkzioan aldaketa sakona suposa dezake. Katalunia aldean, bereziki, etxebizitza kooperatibo proiektuak loratzen ari dira; besteak beste, Sostre Civic erakundea bezalakoen eskutik. Merkatu espekulatibotik kanpo eta bizimodu eredu berrien bila, jabetza partekatua, zaintza eta elkarlana dira proiektu horien ardatza. Etxebizitza bakoitzaren tamaina txikiagoa izan ohi da, eta trukean, auzokide guztiek partekatutako espazioak eta zerbitzuak izaten dituzte: garbitokiak, jolas eremuak, txokoa, gonbidatuen logelak, terraza partekatua... Aldaketa funtzionalaz gain, tipologia arkitektoniko interesgarri eta material jasangarriak erabili ohi dituzte sarritan, krisi ekosozialari osorik erantzuten saiatzeko.

Duela 100 urte, testuinguru industrial gogorraren baitan, etxebizitza duinaren inguruko eztabaida egin zen moduan, gizarte postindustrial gero eta prekarioago honetan, etxebizitza unibertsalaren erronkari heltzeko kapaz izango gara? Zenbat etxe behar du bakoitzak, denontzako adina etxe egon dadin? •