Juantxo EGAÑA

Iruñeko erraldoiak, 1930eko sanferminetan

(JOSE BELZUNCE GONZALEZ. NAFARROAKO ARTXIBO NAGUSIA.)

Ikerketa batzuen arabera, XVII. mendetik erraldoien konpartsa bat dago Iruñean, baina gaur egungoak 1860koak dira eta Tadeo Amorenak sortu zituen. Artikulu honetan agertzen diren argazkiak 1930ekoak dira, eta sanferminetako uneren batean erraldoi eta buruhandien konpartsa Iruñeko Alde Zaharreko kaleetan dabil. Lehenengo argazkian San Frantzisko plaza ikus daiteke. Lehen planoan zaldiko bat eta atzean, Asiako, Afrikako eta Amerikako erraldoiak, Kale Berrian. Irudiaren atzealdean, Gran Hotelaren fatxada ikusten da. Beste irudian, Ahumadako Dukea eta Espoz y Mina kaleak ikusten dira. Jendearen artean erraldoiak, erregina europarra eta errege asiarrak nahastuta. Eta atzealdean, Espoz y Mina kalean ia desenfokatuta, Gazteluko Plaza agerian uzten duten errege afrikarrak. Argazki horien egilea Jose Belzunce Gonzalez izan zen, Andosillako militarra eta argazkilari afizionatua. Jose Belzunce Gonzalezen funtsa Nafarroako Artxibo Orokorrak erosi zuen 2017an.

JOSE BELZUNCE GONZALEZ. NAFARROAKO ARTXIBO NAGUSIA.