Gorka ETXEBARRIA DUEÑAS
Historialaria

Maitasuna, disidente

Aldarrikapenen urteroko agendan leku berezia izaten du oraindik ekainaren 28ak.
Aldarrikapenen urteroko agendan leku berezia izaten du oraindik ekainaren 28ak. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Baditugu luzez musika ikasten aritu garen pertsonok halako mania batzuk, entzuten dugun oro kritikatzera eramaten gaituztenak, onerako zein txarrerako. Ezinezkoa egiten zaigu ez konturatzea grabazio batean ahotsa altuegi dagoela, tronpetak azken nota ez duela bere zehatzean jo, zuzendariak ez duela orkestra ondo bideratu pasarte horretan, zein kanta eskasa den talde honen azkena... Lagunei gogaikarri egiten zaie. Joe, beti purrustaka. Zurekin ezin da kontzerturik ikusi! Gainera, arrazoia dute, kar, kar, kar...

Musikariak gure gustukoak direnean kontrakora jotzen dugu: hori teknika duena, nola afinatzen duen, zein solo ederra, zein ondo enpastatuta doan taldea... Begira-begira geratzen gara abeslari edo instrumentista bati, artea eta sexualitatea lotzen dituen lurrunezko mugan murgilduta. «Maitemindu zaitezke antzinako greziar estatua batekin?», idatzi diot aurten lagun bati Atenasetik. Erdi broma zen, baina galdera erretorikoa ere bazen. Ez dizuet esango zein den estatua, jeloskorkeria pixka bat gorde nahi baitut niretzat uda honetan. Maitasun pixka bat nire golkorako, aizu.

Joan den astean, maitasun eta identitate disidenteak ere borroka antikapitalistaren parte direla aldarrikatuz ehunka pertsona batu ginen euskal hiriburuetan, munduan zehar beste leku askotan bezala. Aldarrikapenen urteroko agendan leku berezia izaten du oraindik ekainaren 28ak, kostatzen baita jende asko hurbiltzea, bai norbere burua aldarrikatzera, bai disidentzia sexual eta identitarioari erabateko sostengua eskaintzera.

Berriro gora egiten ari den faxismoak bere jopuntuan ezarri baititu kalean identifikatzen dituen disidentziak. Behinolako ordena berrezarri nahi omen dute. Jakin gabe behinolako ordena hori ez dela inoiz egon. Zaila da historialariontzat iraganera proiektatzea gaur egungo identitate eta ideiak: homosexuala, queer-a, transexuala... Baina disidentziak egon egon dira historia guztian zehar, kontserbadoreek halakoak ukatzen dituzten arren. Are gehiago, beti egon da noizean behin esnatzen den olatu erreakzionarioa ere, mendez mende errealitate anitza ukatu eta heteropatriarkatuaren araua inposatu nahi diona norbanakoen bizitzari.

XIII. mendean filosofia aristotelikoaren berpizkundearekin egon zen halako bat, Errenazimentuaren sektorerik zurrunenarekin beste bat (milaka emakume sutan erre zituena), XIX. mendearen erdialdean ondorengoa (emakume aktiboak eta homosexualak gaixo bezala definitu zituena), XX. mendeko 1930eko hamarkadan berriro ere, faxismoari eta amatasunaren ideologia zehatz bati lotuta...

Bulkada gris eta homogeneizatzaile horiek behin ere zalantzan jarri ez dutena elitearen pribilegioa da. Horiekin ez dute ausart eta matxito jokatzen. Maskulinitatea gehiegi nabarmentzen den emakumearen aurka erabiltzen dute, altuegi barre egiten duenaren kontra, hitz egitean gehiegi mugitzen den mutikoaren kontra, bere izena aldatzeko erabakia hartu duen haurraren kontra... Horregatik, klase pribilegioen mundua gehiengoaren eskubideen munduaren alde aldatzeko erabakimena dugunok beti egongo gara ekainaren 28an kalean. •