Asier AIESTARAN

Opariak

Antza denez, ikasturte amaieran irakasleei opariak egiteko ohitura hedatzen ari da. Agian ez da moda berria, baina nik orain izan dut horren berri. Irakaslearen lan fina eskertzeko gurasoek oparitxo bat egiten diote. Izan daiteke lore sorta bat, lepoko bat... Beste lanbide batzuetan ere ikusi izan dira antzekoak, goxo artatu gaituen sendagilearekin detailetxo bat izatea, adibidez. Eta apur bat urrunago joanda, enpresa munduan ohikoak diren gabonsariak ere aipatu litezke, hornitzaile batek bezero on batekin izan dezakeen keinua, esaterako.

Azken adibide horretan, ordea, konturatuko zen irakurlea marra bat gainditu dugula. Hornitzaile batek bezero on bati oparia egiten badio mezua argia da: “Eskerrik asko fideltasunagatik eta jarraitu urte askoan guri erosten”. Hain zuzen ere horretara noa: irakasle edo sendagile bati oparia egitean ez al gara mezu inplizitu bat bidaltzen ari?

Ez dezala inork gaizki hartu. Ziur nago opari horiek egiten dituzten guraso edo pazienteen %99k bihotz onez egiten dituztela, trukean inolako mesederik espero gabe. Baina, bai, uste dut fede onez egiten den keinu horrek egoera deserosoak sor ditzakeela besteengan, oparia jaso duenarengan edo ingurukoengan; jaso ez duenarengan, adibidez.

Eman dezagun irakasle batek oparia jaso duela, baina albokoak, ez. Zer pentsatu behar du jaso ez duenak? Zerbait gaizki egin duela? Edo irakasle batek urte batean oparia jaso duela baina ondorengoan ez. Urte horretan bere lana eskasagoa izan al da? Eta oparia norbanako batek egina baldin bada, ez al du sentituko nahigabe ere irakasle edo sendagile horrek nolabaiteko zorra ikasle edo paziente horrekiko etorkizunean? Adi jarraituko dut joera. •