Amador Tolosa bildumagilearen 80 bizikleta ikusgai, San Telmo Museoan
Bizikletak garraiobide moduan azken mende eta erdian izan duen bilakaera ulertzeko aukera paregabea eskaintzen du San Telmo Museoan ikusgai dagoen «Bizikletak. 150 urte» erakusketak. Amador Tolosa bildumagile gipuzkoarraren bizikletak dira denak, mimoz gordeak, eta atzetik istorio ederrak dituztenak.
"Bizikletak. 150 urte” erakusketa ikusgai dago egun hauetan Donostiako San Telmo Museoan. Tourrak Euskal Herrian izan duen irteera aitzakiatzat hartuta, Amador Tolosa (San Pedro, 1940) bildumagilearen 80 bizikleta ipini dituzte museoko elizan; datorren abuztuaren 6ra arte egongo dira.
Erakusketa bost ataletan banatuta dago: ofizioena -lanbide ezberdinetan erabilitako 7 bizikleta, postari eta suhiltzaileek erabilitakoak, adibidez-, historikoa -1860an ekoiztutako bizikleta batetik hasi eta XXI. mendean Estatu Batuetan sortutako batera arteko 26 bizikleta-, kirol arlokoa -XX. mendeko lehen Tourretan erabilitakoak, nahiz ziklista ezagunenak, 16 guztira-, Euskal Herrikoak -BH, GAC, Orbea edo Razesa marketako 16 bizikleta- eta haurrentzako bizikletak -guztira 15, tartean XIX. mende bukaerako egurrezko belozipedo bat-.
Esan bezala, erakusketaren atzean, Amador Tolosa pasaiarra dago, txirrindularitzazale amorratua den bildumagilea. Berak kontatu digu zaletasun hori nondik datorkion: «Ni gaztetxotan ibili nintzen bizikletan pixka bat, ez oso maila altuan. Bazegoen afizionatuen azpitik bigarren maila moduko bat, eta Pedro Matxainek taldea atera zuen. Ez pentsa, ez zen gaur egun bezala: ez geneukan ez maillot, ez uniforme eta ez ezer. Baina lasterketa pare bat korritu nituen. Gogoan dut Legorretan jokatu zen Gipuzkoako Txapelketa bat, Jaizkibel eta Mandubia igoz, 140 kilometrokoa. Aurreneko bostak Espainiako Txapelketara sailkatzen ziren, baina eroriko bat izan nuen eta azkenean zazpigarren amaitu nuen. Argi ikusi nuen txirrindularitza ez zela niretzat. Bizikleta trenean sartu nuen eta Pedro Matxaini itzuli nion», oroitu du Tolosak.
Baina bere zaletasuna ez zen itzali, eta beste bide bat hartu zuen urte batzuk geroago: «Nik Errenterian egiten nuen lan, laborategi batean, eta San Pedroko plazan bizi nintzen, Azkuenen. Autobusa eta tranbia hartzeak bost pezeta balio zituen, baina garai hartan ez geneuzkan. Eta horregatik, hasieran oinez eta gero bizikletan joaten nintzen. Hor itzuli nintzen bizikletarekiko zaletasunera. Txirrindulari izateko talenturik ez nuenez, beste bide batetik jarraitu dut txirrindularitzari lotuta», onartu du.
Altxor bat Lekunberrin
San Telmo Museoko erakusketan bizikleta oso bereziak ikus daitezke. Aipagarrienetako bat 1860an egindakoa da, bildumako zaharrena. Amador Tolosaren eskuetan nola amaitu zuen ere kuriosoa da: «Ni Iruñetik Donostiara nindoan, eta garai hartan oraindik ez zegoen autobiarik. Lekunberrin geratu nintzen Ainhoa izeneko taberna batean ogitarteko bat jatera, eta bertan nengoela, pareko dendan bizikleta eder bat ikusi nuen eskaparatean jarrita, lorez inguratuta. Barrura sartu nintzen eta bertako andreari galdetu nion ea bizikleta hori norena zen. Inauteriak zirela-eta inguruko baserritarren batek ekarri omen zion, bosgarren edo seigarren belaunaldikoa zela esanez, eta baserrian bazter batean utzita zegoela. Emakume hark apur bat txukundu zuen dendan jartzeko. Ea saltzeko prest zegoen galdetu nion eta hark baietz esan zidan. Saldu ez, oparitu egingo zidala. Baina nik ezetz, ordainduko niola. Azkenean, 100 pezeta ordaindu nituen», azaldu du bildumagileak.
Kirol arlokoei dagokienez, bizikleten bilakaerak txirrindularitzaren bilakaera erakusten du, eta alderantziz. «Marotiasen bat daukat, Samuel Sanchezena, Escartinena, Perurenaren bat... Badaude interesgarri batzuk. Tourreko aurrenetarikoak daude, adibidez. 1903 eta 1910 arteko zazpi edo zortzi bizikleta daude, pinoi finkokoak. Ez zeukaten balaztarik, hankarekin frenatzen zen, heldulekuaren azpian eraginez. Baina, hala ere, sekulako abiadan jaisten zituzten mendateak. Batzuk argiarekin eta beste batzuk argirik gabe. Orduan Tourrean 24 orduko etapak korritzen ziren, eta askotan mendateak gauez argirik gabe jaisten zituzten. Pentsa ze eroriko izaten zituzten. Argia egiteko karburoa zuten bizikletak ere baziren, baina gehiago pisatzen zuten», jakinarazi digu.
Erakusketa honekin bildumagileak batez ere bi ideia nabarmendu nahi ditu. Batetik, euskal jendartearen eguneroko bizitzan bizikletak hamarkada askotan izan duen garrantzia: «Orduan jende guztia bizikletan joaten zen lanera. Ni ere egunero-egunero bizikletan joaten nintzen lanera. Lehenik, oinez, eta gero, bizikletan. Beranduago hasi ziren autobusa eta tranbia indarra hartzen. Orduan autobusa eta tranbia hartzeak bost pezeta balio zituen, eta hilabeteko soldata 500 pezeta ingurukoa izango zen», gogoratu du, 1950eko hamarkadaz.
Eta bestetik, Euskal Herriko bizikleta enpresek, halabeharrez, armagintzatik egindako eraldaketaren ondoren, sekulako indarra eta ospea izan zutela, baita nazioartera begira ere. «Gerrak amaitu zirenean, zerbait egin beharra zegoen, eta garai horretan gure industria, beste gauza askoren artean, bizikletak egiten hasi zen. Horren adibide ona da Orbea, urte mordoa daramana bizikletak egiten, edo Beistegi Hermanos (BH). Ez da ahaztu behar Espainiako bizikleta enpresa onenak Euskal Herrian izan ditugula, Europako onenetakoak. Tourreko ziklistek hemen egindako bizikletak erabiltzen zituzten. Baloratu beharra dago».
Askotan opariak dira
Bere bilduma osatzeko bizikletak nola aurkitzen dituen galdetuta, Amador Tolosak kontatu du denetarik izaten dela. «Garai batean Biarritz eta Baiona inguruan azoka txiki asko egoten ziren, nik txantxetan "txatarra" deitzen diodanarekin: antigoaleko objektuak, bizikletak, autoak... Autoekin ere beti ibili izan naiz. Michaux-enak (XIX. mendekoak) Parisen erosi nituen, erakusketa bat ikustera joan nintzen bidaia batean. Batzuk erosi egin ditut, beste batzuk oparitu egin dizkidate, beste batzuk trukatu...»
Oso ohikoa omen da, adibidez, jendeak bere berri izandakoan, etxean gordeta dituen objektuak eskaintzea. «Orain gutxi toreatzaile izandako bat etorri zitzaidan esanez 1930eko bizikleta bat zeukala, Holandako txirrindulari batena omen zena, eta oparitu egin nahi zidala. Ba oso ongi. Escartinenarekin ere beraiek etorri ziren niregana bizikleta ekartzera. Samuel Sanchezena ere beraiek ekarri zidaten, Tourrean bigarren egin zuenekoa, baina hor klubak kopuru bat ordainarazi zidan. Ez ditut sekulako dirutzak ordaindu, baina urte asko daramatzat honetan, eta azkenean, dirua kostatzen da. Eta alderantziz, urteekin gordeta ditudan bizikletek balorea hartzen dute, gero eta gehiago balio dute, nahiz eta nire helburua ez den honekin dirua egitea».
Beste arlo batzuetako bildumak ere baditu Tolosak, auto eta moto historikoena adibidez. Garrantzia kentzen dion arren, sari batzuk irabazi izan ditu, eta berak kontatu digu nola hasi zen horretan: «Urteak pasa ahala, lanera joateko 73 zentimetroko moto txiki bat erosi nuen, Eibarren egina, eboluzionatzen joan behar zen-eta. Beranduago, Pasaian lagun batzuk aipatu zidaten antigoaleko auto bat enkantean jartzekoa zela. 500 pezeta baino gutxiagoan atera zuten, eta erosi egin nuen. Esan nahi dut, diru kopuru izugarrietara joan gabe gauzatxoak egin daitezkeela».
Bildumagintzarako zaletasunak beste objektu eta dokumentu asko eraman ditu Tolosaren eskuetara, askotan modu oso arraroetan. «Pabiloi txiki bat daukat, "txatarra" apur bat gordetzeko; liburuak ere bai... Adibidez, orain San Telmo Museoan bertan jarri behar duten kartel erakusketa baterako hiru kartel utzi ditut. Lasarteko zirkuituko bat, 1932 edo 1933ko Gipuzkoako Itzuliaren bigarren edizioaren bat... Beti izan dut zaletasun hori. Euskal Herriko industriaren dokumentazio handia daukat, batzuetan erosia, beste batzuetan jendeak eskaini didana. Egunkariak ere bai: Kataluniakoaren 100 urteak ditut, eta ABCren 70ak. Ez da ezer bereziagatik. Nire senide batek bilduma egina zuen eta niri eskaini zidan gordetzeko. Pariseko lagun batek deitu zidan Lady Di-ren omenez ateratako zigilu bilduma bat zuela esanez: “gonbidatu soziedadean bazkaltzera eta oparituko dizut”. Ba aurrera, eta gaur egunetik begiratuta, ba oso bilduma interesgarria da», azpimarratu du.
Kontrakoa ere gertatu izan zaio behin baino gehiagotan, zehaztu duenez: «Beste batzuetan, alderantziz gertatzen da: sekulako balioa duelakoan zerbait eskaintzen dizute, dirutza bat eskatuz, eta daukaten horrek ez du inondik inora horrelako baliorik».
Berari zerbait eskatzen diotenean ere saiatzen da besteei laguntzen. «Iaz, esaterako, Aldunditik deitu zidaten Errenterian haurrentzako bizikleten inguruko erakusketa bat egin nahi zutela esanez. Nik banituen bizikleta batzuk bildumatik apur bat kanpoan geratzen zirenak, errepikatuta zeudelako adibidez, eta 50 bizikleta inguru dohaintzan eman nizkien. Eta pieza batzuk ere bai. Helburuetako bat haurrek bizikletak montatzen eta konpontzen ikastea zen, beti gurasoen atzetik ibili behar ez izateko», oroitu du.