GAUR8 - mila leiho zabalik

Optimismoaren beherakada

Etxe askotan kontratatutako «streaming» zerbitzuak murrizten ari dira. (GETTY IMAGES)

Ikus-entzunezkoen sektorean daramatzadan hogei urteetan bizi den krisirik handienetakoaren erdian gaude. Ez dut horrelakorik orain artean ikusi. Beti izan da hazteko joera izan duen sektore bat, berrikuntzak bata bestearen atzetik sortzen ziren, eta optimismoa gailentzen zen lan giro bat bizi izan dut ia gehienetan. Aurretik izandako krisiei, 2007 urtekoari adibidez, ongi erantzun zion sektoreak, indartsuak izan ziren telebistako formatu berriak eta sare sozialen hasierako boom-a. Orain, aldiz, merkatuko baldintza makroekonomikoen ondorioz -inflazioaren igoera, kontsumitzaileen gastuetan eragin zuzena duena-, ezustean, hilabete amaierako fakturei begiratuz hartu behar dira erabakiak. Erresuma Batuan batez beste hiruzpalau streaming zerbitzu zituen etxe bakoitzak. Netflix, Disney+, Amazon Prime eta Sky-ren zerbitzua ziren lehenengo lau postuetan zeudenak. Aurki, egoera aldatu ezean, bi zerbitzutara jaitsiko dela aurreikusten da.

Egoera honek presio handia eragin die negozioei. Covidak distortsionatu egin zuen eskaera, eta inbertsio handiak egin ziren edukien produkzio bolumenetan; eta hori bermatzeko, behar baino kontratatazio gehiago egin ziren. Ezohiko haziera batean, diferentziazio maila batera azkar iristea zen helburua. Parentesi hori amaitu zenean, enpresa askok ez zuten kostuen kudeaketa ona egin, eta diru iturriak murrizten hasi ziren heinean, desorekak espero baino azkarrago jo zuen lurra.

Estudio global ezagunenak egoera ezegonkorrean daude: produkzio kostuak igo dira eta film bat sortzeko aurrekontuak disparatu; gidoi idazleak greban daude, adimen artifizialaren mehatxuaren itzalean, Los Angeleseko kaleetako manifestazioek garai ezberdinetan gaudela garbi adierazten dute. Errentagarritasunera iristeko helburu bakarrarekin, murrizketak bata bestearen atzetik egiten ari dira, neurri errukigabeak hartuz.

“Streaming wars” famatuaren loraldia ere amaitu da. Netflix izan ezik, beste guztiak egoera arduragarrian daude. Hasiera batean, estudio bakoitzak bere edukiak kontrolatu nahi zituen, “lehenengo leihoa“ deitzen zaion horretan: alegia, edukia hasieran beraiek bakarrik eskainiko zuten, beste inorekin partekatu gabe (Disney estudioek sortzen zuten eduki bat, Disney+ plataforman bakarrik zegoen eskuragai). Behin hasierako asteetako audientzia harrapatzen zutenean, orduan irekitzen zituzten “bigarren leihoak” besteekin. Tamalez, kostuak igo dira, bazkide haziera proiekzioak ez dira bete, eta negozioari ezin diote bueltarik eman. Leihoak apurtu dira. Netflix eta HBO negoziazioetan daude, eta inoiz imajinatuko ez genukeen plataformen artean kontsolidazioa ari da gertatzen. Amaieraren hasieran gaude.

Streaming-aren igoerak eta eragile globalen presentziak min handia egin zioten telebista publikoari. Urgentziaz erreakzionatzeko beharra ekarri zioten. Gehienek berezkoa dute erritmo geldia eta aldaketa handietarako erresistentzia, eta arrastaka daramaten makineriaren pisua traba argia bihurtu zen irabazten jarraitzeko. Lehen pausuak eman zituztenean, aipatutako testuinguru ezegonkorrean, publizitatetik zetozen onurak murriztu egin ziren, eta urgentzia oihuka ari zen arren, gehienak stand by konstante batera itzuli ziren.

Sektoreak berezkoa duen optimismo horretan sinetsi nahiko nuke. Ea opor sasoiaren ostean olatua lurreratzen hasten den. Irailean kapitulu honen bigarren zatia... •