JUL. 22 2023 IKUSMIRA Apaindegien kontra egin dute orain talibanek (AFP) Ainara LERTXUNDI Talibanek apaindegiak itxi dituzte Afganistanen. Abuztuan bi urte beteko dira boterea berreskuratu zutenetik. Orduan, aditu batzuek esan zuten oraingo talibanak ez zirela lehengoak bezalakoak. Aurreikuspen horiek ez datoz bat inondik inora errealitatearekin. Boterea hartu zutenetik, pixkakana-pixkanaka emakumeen eskubideak murrizten joan dira, bata bestearen atzetik. Ezin dira parkeetara edo gimnasiora joan, ezin dute unibertsitatean ikasi edo lan egin, nazioarteko erakundeetan edo gobernuz kanpoko erakundeetan lan egitea ere debekatuta dute, etxetik erabat estalita atera behar dira... Eskubide murrizketen zerrenda luzeegia da, tamalez. Orain apaindegiak itxi ditu Bizioa Prebenitzeko eta Bertutearen Ministerioak, horietan dirutza handiak gastatzen zirela-eta hori «familia pobreentzat zama handia» zela argudiatuta. Era berean, apaindegietan, emakumeei lege islamikoa errespetatzen ez zuten zerbitzuak eskaintzen zitzaizkiela esan du. Debeku berri horren aurrean, asteazkenean emakume talde batek protesta egin zuen Kabulen. Haien kontra gas negar-eragileak jaurtiz erantzun zuten talibanek.