Irailak 11
Irailaren 11n 50 urte beteko dira Augusto Pinochet Ugartek Salvador Allenderen gobernu demokratikoaren kontra estatu kolpea burutu zuenetik. Izugarriak eta bi egin zituen bere diktadura faxistak. 50 urte beranduago, Txilek gobernu progresista dauka. Egia da ez dagoela bere onenean, egia da konstituzioa berrizteko prozesua krisi larrian dagoela, baina egia da baita ere Pinochet Ugarteren porrotaren adierazle dela 50 urte beranduago Boric izatea Txileko presidentea. 1973an norbaitek horrelakorik gertatuko zela esan balie, nekez sinetsiko lukete. Faxistak ez dira desagertu, Estatu espainiarrean eta Europako hainbat tokitan bezala, ate joka daude Txilen ere, baina momentuz, oposizioan. Eta luzaroan horrela izan dadila; betiko, posible bada.
Txile ez da salbuespena. Kuba, Venezuela, Mexiko, Kolonbia, Argentina, Bolivia, Brasil… Kolore diferente askotariko gobernu progresistak daude Amerikan. Kontinentean badago ezkerrerako joera orokor bat. Ez da lehen aldia, baina oraingoan lehen aro horren esperientzia daukate, bere gauza on eta txar guztiekin. Kontinentearen integrazio prozesua eta kontinentearen rol globala izango dira, nire ustez, aro berri honen bi gai garrantzitsu. Mugimendu Bolivartarrak hamarkadak daramatza amerikar integrazioaren inguruan teorizatzen, eta baita bide eta esperientzia diferenteen bidez praktikara eramaten ere. Momento honetan martxan dago integrazio horren mesedetan aurrerapauso nabarmenak egingo dituen prozesu bat. Pepe Mujica prozesuaren motorrean dago, eta hori bada garantia bat.
Planeta trantsizio sistemiko baten erdian dago: aldaketa klimatikoa, digitalizazioa, inteligentzia artifiziala, demografia, migrazio fluxuak… Mundua gobernatzeko sortu ziren nazioarteko instituzioak krisi larrian daude. Horrelako trantsizioak modu baketsu, justu eta adostuan burutu daitezke. Edo ez. Arau orokor adosturik gabe, gobernantza instituzio eraginkor eta adosturik gabe, oso zaila da. Kontuan hartu beharra dago Nazio Batuak eta, oro har, munduaren gobernantzarako sortu diren instituzio gehienak, guztiak ez esatearren, XX. mendeko indar geoestrategikoen arabera sortu zirela. Mundu hori honezkero ez da existitzen. 40ko, 50eko eta 60ko hamarkadetan nazioarteko harremanetan aritzen ziren estatuek, haien indarrak, eta gaur egungoak ez daukate zerikusirik. Nazioartean aritzen diren aktoreak biderkatu dira. Estatuekin batera, hiriak, erregioak, enpresak, markak, kirol taldeak… Izaera anitzeko aktoreak ibiltzen dira diplomazian egun, eta beraien indarra guztiz aldatu da. Planeta diferente batean bizi gara. XXI. mendean gaude, eta nazioarteko instituzioak egoera berri horretara moldatu beharko dira, edo irrelebantziara kondenatuta daude. Nazio Batuetako Sekuritate Kontseiluan, esaterako, Erresuma Batuek edo Frantziak eserleku permanentea izateak, eta Indiak edo Hego Afrikak ez izateak ez dauka zentzu askorik. Barne arauek, burokraziak, beto eskubideek... aldaketak ezinezko bihurtzen dituzte. Eta trantsizio sistemikoa guztiz beharrezkoa da nazioarteko instituzio eraginkorretan. Bataren eta bestearen arteko tentsiotik etor daiteke konponbide baten aldeko interesa. Oso zaila dirudi. Eta bide horretan, Hego Amerikak, Brasilen gidaritzapean, dagokiona eskatzen du. Lulak presidente izendatu eta gero egin duen nazioarteko tourrean nabarmenki ikusi da hori. BRICS osatzen duten herrialdeek erabaki globalen parte izan nahi dute.
50 urte dira Pinochet jatorri euskalduneko faxista militarrak boterea eskuratu zuenetik. 50 urte beranduago, Victor Jararen abestiak entzuten eta abesten dira Santiagon, La Habanan, Belfasten, Bilbon, Oslon eta beste hainbat tokitan. •