Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
PANTAILA TXIKIAN

Oporretan ikusteko 2023ko telesail laburrak

Hamar urte inguru dira telesail gomendioak ematen hasi nintzela, eta bide desberdinetatik zuengandik jasotzen ditudan iruzkinei esker ondoriozta dezaket, argi eta garbi, gomendioen zerrenda-proposamenak bereziki oporretan zaudetenean eskertzen dituzuela. Baliteke bidaia luzerik egin behar ez izatea, baina oporrak igaro behar dituzuen kokaleku horretan -etxean bertan agian-, afalostean lasai-lasai ikusteko zerbaiten bila ariko zarete agian. Ez duzue telesail luzerik nahi, oporrek irauten duten denbora-tarte horretan hasi eta amaitzeko moduko zerbait nahi duzue, eta telesaila berria bada hobe, ezta? Honatx 2023ko telesail labur interesgarri batzuk.

Ez da telesail luzerik nahi izaten, oporrek irauten duten denbora-tarte horretan hasi eta amaitzeko moduko zerbait baizik.
Ez da telesail luzerik nahi izaten, oporrek irauten duten denbora-tarte horretan hasi eta amaitzeko moduko zerbait baizik. (GAUR8)

Le buone madri

DISNEY +

“Ndrangheta”: Italia hegoaldeko Calabriako erakunde kriminal bat da. Siziliako mafia edo Cosa Nostraren eta Napoliko Camorra erakundeen nolabaiteko parekidea litzateke. Euskarara ekarrita, gizontasun adoretsua bezala uler genezake. Benetako gertaeretan oinarritzen den telesail italiar honek klan horretako kide diren hiru emakumeren istorioa azaltzen du: emakumeek Alessandra Cerreti izeneko fiskalarekin bat egingo dute, inperio kriminal hori barrutik akabatzeko. Hiru emakumeren istorio zirraragarria da “Le buone madri” (Ama onak), eta mafiaren mundu patriarkala emakumeen ikuspegitik azaltzen du. Tentsioz betea, iluna eta interpretazio sendoez lagundutako telesaila da. Poliziaren eta mafiaren arteko gerra azaldu baino, familia horietan sakontzen du, baina ez ditu mafiako klanak osatzen dituzten gizonezkoen ohiko traizioak, borrokak eta mendekuak azaltzen, gizon horiek klan horietako emakumeei eragindako guztia baizik. Hautemangarria den unibertsoa da mafiarena, bereziki zineman eta telebistan sarri ikusi dugulako ( “Godfather”, “Gomorra”, “Goodfellas”, “Romanzo criminale”…), baina telesail honek mundu hori beharrezkoa den beste ikuspegi batetik aztertzeko aukera ematen du: femeninoa eta feminista. Mafiari buruzko fikzioetan -beste askotan bezala- emakumeak izan baitira ahaztutakoak.

Beef

NETFLIX

Beef hitzak ingelesez haragia esan nahi duen arren, azken urteotan beste erabilera batekin erabiltzen den terminoa da. Bereziki hip-hop edo trap munduan zabaldu den hitza da, eta musikaren industrian bi artisten arteko eztabaida edo liskarra adierazteko erabiltzen da. C. Tangana vs Los Chikos del Maíz, Katy Perry vs. Taylor Swift edo, urrutira joan gabe, orain gutxi gurean gertatu zen Kai Nakai eta Chill Mafiaren artekoa.

Beef hitza, kasu honetan, ikus-entzunezkoen mundura eraman dute, gomendatzen ari naizen telesailari izenburua emateko. Zergatik? Bi protagonista zoragarrien -Steven Yeun eta Ali Wong, Amy Lau eta Danny Cho gorpuzten- arteko liskarrari izenburu ezin aproposagoa eskaini diotelako. Borroka, liskarra, eztabaida… hori da telesailaren metxa piztuko duen sua.

Bi ezezagunen arteko trafiko-gorabehera-istilu batek bien alderdirik ilunena azaleratuko duen gatazka bat sortuko du. Danny Cho bere kabuz lan egiten duen gizona da, kontratatzen duten etxeetan era guztietako konponketak egiten dituena. Bizitza nahiko bakartia eta prekarioa dauka. Amy Lau, aldiz, arrakasta handiko enpresaria da, diruduna, eta ustez behintzat, ametsetako bizitza duen emakumea. Txikikeria dirudien gorabehera arrunt hori tsunami bat eragingo duen ur tanta izango da. Bi pertsona oso desberdinek bizi duten krisi existentzialari buruzko kontakizuna da, eta arazo pertsonal hori da, gertaera “txiki” horrekin uztartuz, geldiezina izango den eztanda nola eragiten duen azaltzen duena.

Era oso desberdinetan bada ere, gizarte-klaseen bi aldeetan sufritzen dena erakusten du telesailak. Aparta iruditu zait: umore beltzez jositako telesail bizia, nahiko basatia, oso entretenigarria eta bisualki nortasun handikoa. Hori guztia, eta gainera, gizarte kritika zabaltzeko era oso burutsua landu dutela uste dut.

Hijack

APPLE TV+

Zazpi ataletan banatuta dagoen akziozko thriller dramatiko honek (ia) denbora errealean azaltzen ditu ekintza guztiak. Dubaitik Londresera doan hegazkin baten bahiketari buruzko istorioa da honakoa. Zazpi ordu irauten dituen hegaldia da, eta telesailak zazpi ordu irauten ditu. Pertsonaia ugari dauden arren, protagonista nagusia Idris Elba aktore ezagunak gorpuzten duen Sam da, bidaiariak hegalditik salbatzeko bere abilezia eta adimena erabiliko duen “negozio-gizon” misteriotsua. Ez da urteko telesaila inondik inora ere, eta ez nuke esango telesail bikaina denik ere, baina genero honetako proposamenak maite badituzu, hemen osagarri guztiak topatuko dituzu. Akatsak dituen telesaila da -gidoitik hasita, adibidez-, eta sinesgaitzak diren hainbat egoeraz josita dago, baina udan gozatzeko telesail aproposa iruditzen zait; oso entretenigarria delako, bizia eta denbora-pasa paregabea.

Division Palermo

NETFLIX

Inklusibitatea fikzioan txertatzea gehien eztabaidatzen den gaietako bat izaten ari da azken boladan; horregatik, gai hori ezbaian jartzen duen telesaila sortzearen ideia bikaina iruditu zait. Buenos Aires hiriko poliziaren irudi kaskarra garbitzeko asmoz, beste azpitalde bat sortzea erabakitzen du gobernuak, “Division Palermo” izenekoa. Gutxiengo diskriminatuek osatutako taldea da. Hiriko guardia inklusibo bat, segurtasun-indarren irudia hobetzeko marketin-eragiketa gisa. Umore beltza, deserosoa eta batez ere lotsagabea erabiliz, hori da “Divison Palermo”-k planteatzen duen gatazka nagusia. Felipe Rozenfeld izeneko gaztea da protagonista; bikotekideak utzi egin du berriki, eta gainera, lanetik kaleratu egin dute. Hori gutxi ez, eta egun horretan bertan lapurreta bat pairatuko du; polizia-etxera lapurretagatik salaketa bat egitera joan den unean, ordea, “Division Palermo” taldearen hautagaia dela uste dute bertakoek, eta kontratatu egingo dute. Kolektibo bakar bat ere iraindu gabe uzten ez duen telesail zirikatzailea da.

Best Interests

BBC

Une honetan Hego Euskal Herrian inongo plataforma digitaletan ez dagoen arren, aurten gehien hunkitu nauen proposamena partekatzera nator. BBC-k ekoitzia, lau atalez osaturiko miniserie gogor honek, bere bi protagonista nagusien antzezpen lan bikainez baliatuz (Michael Sheen eta Sharon Horgan), eztabaida sutsuak eragin ditzakeen gaiari heltzen dio.

Bi aktoreek Nicci eta Andrew gorpuzten dituzte, 17 urteko Katie eta 12 urte inguruko Marnie izeneko gazteen gurasoak. Katie gaixotasun neuromuskular batekin jaio da; jaiotzen den unean, medikuek etorkizun nahiko beltza izango duela aurreikusten dute, apurka bizi kalitatea murriztu eta osasunak, oro har, okerrera egingo baitu. Istorioak iraganera eta etorkizunera jauzi txikiak egiten dituen arren, kontakizun nagusia Katiek 12 urte inguru dituenean girotzen da, gaixotasunaren unerik latzenean, zehazki. Testuinguru horretan, hartu beharreko erabaki latz eta dramatiko baten eraginez, eta familia egitura pitzatu eta desegina tarteko, epaiketa dramatiko batekin amaituko da telesaila.

Swarm

PRIME VIDEO

Donald «Childish Gambino» Glover-en (Atlanta) ekoizpen berria da. “Copenhagen Cowboy”-ekin batera, 2023ko telesailik deskribaezinena eta ausartena iruditu zait. Lau dira telesail horrekin bereziki partekatzen dituen ezaugarriak: atmosfera itogarria duen estetika txundigarria, biolentzia maila nahiko altua, emakumezko pertsonaia ezohikoa eta oso berezia, eta batez ere, guztiz nitxozkoa den generozko proposamena dela. Protagonista Dre izeneko neska da, Ni’Jah izeneko pop izar batekin guztiz obsesionatuta bizi den gaztea. Ni’Jah afro-amerikarra da, eta esango nuke sortzaileek Beyoncé-ri egindako keinu nabarmena dela. Ahizparen ustekabeko heriotzak eta musikari horrekiko duen obsesio neurrigabeak norabide oso ilunera zuzenduko dute neska, eta hilketez jositako bidaia bat egitera bultzatuko dute. Gutxika ezagutuko dugun iragan zaila medio, neskaren egonkortasun emozional ahula erabat hautsiko da, eta Ni’Jah-ren irudian are gehiago babesten hasiko da. Ez pentsa, ordea, Dre ohiko serial-killer horietako bat denik, biktima nagusiak sare sozialetan topatzen dituen Ni’Jah-ren haterrak baitira. Pertsona ospetsuek sortzen duten fanatismoari buruzko telesail basatia eta deserosoa iruditu zait. Atal batzuk irregularragoak iruditu zaizkidan arren, zenbat eskertzen ditudan era honetako proposamen ausartak eta originalak.

Somewhere Boy

FILMIN

BAFTA sarietan lau izendapen jaso zituen telesail honek. Harpidetza bat justifikatzen duen telesaila da. Danny da protagonista nagusia. Umea zen ama auto-istripu batean hil zenean. Oinazeak gaindituta eta hau ere galtzeko beldurrez, umea etxean giltzapetuta uztea erabakiko du aitak. Kanpoan munstroak daudela, mundua arriskutsua dela… haurraren burua beldurrez eta izu-ikaraz betetzeko helburuz, etxetik sekula ez ateratzeko araua ezarri dio. Hala, telesaila hasierako haur hori 18 urteko nerabea denean girotzen da, eta bere aitak bere buruaz beste egiten duen unean. Danny gaztea bere izeba Sueren etxean hartu dute. Amaitu dira aitaren isolamendua eta gehiegizko babesa, baina benetako erronka orain hasiko da berarentzat. Pixkanaka, ia estralurtar bat balitz bezala, Dannyk kanpoko mundua deskubritu beharko du. Argumentua irakurri ostean, ez pentsa misterioz beteriko thriller dramatiko bat ikusiko duzunik, telesailaren helburua eta tonua bestelakoak baitira. Gogorra da oso, eta baita hunkigarria ere, baina bereziki maitasunari, doluari eta ukazioari buruzko erretratu zoragarria da. Lewis Gribben-en antzezpen lan itzelaren bidez, kanpoko mundutik ezagutzen ez dituen gauzen aurrean duen nahasmen orokorra ezin hobeki islatzen da telesailean.

Questo mondo non mi rendera cattivo

NETFLIX

2021. urtean Zerocalcare komikigile italiarrak “Strappare lungo i bordi” telesail zoragarria estreinatu zuen. Komikigilearen bizipenetan oinarritzen den helduentzako animaziozko telesaila zen hura. Gizarte-kontzientzia oso sakona duen Erromako marrazkilari gazte batek, kontzientziatzat armadilo erraldoi bat duenak, tartean pertsonaia desberdinak sartzen direlarik, bere bizitza-ibilbideaz eta maitasunaz hausnartzen du, hiritik kanpo bidaiatzen ari den bitartean. 2023an “Questo mondo non mi rendera cattivo”-rekin itzuli da. Protagonista eta unibertso bera -armadiloa barne, noski- , baina istorio eta egoera desberdinekin. Gazte bat bere jaioterrira itzultzen da eta ohartzen da jada ez duela ezagutzen, ezer ez dela lehen bezalakoa. Zerocalcarek, bera laguntzeko prest dagoen arren, hainbat zalantza eta dilemari aurre egin beharko die.

Auzoan aterpe bat ireki dute, etorkin arabiar eta musulmanentzat bereziki, eta bizilagun batzuei ez zaie gehiegi gustatzen. Honek gatazka eragingo du bertan. 2021eko telesailaren mezu nagusian, garun-osasuna edo depresioa bezalako gaiak jorratzen ziren; bada, honetan, ultraeskuinaren gorakadaz dihardu, eta egiten duguna egiten dugula, mundua kaka bat dela eta pikutara doala dio.

Ia mirarizkoa iruditzen zait plataforma digitaletako ditxosozko algoritmoek guztia markatzen duten garaiotan, eta ekoizpenak gero eta errepikakorragoak direnean, nortasun eta arima hain berezia duten era honetako harribitxiak azaltzea. Nortasun horren erantzule nagusia istorioa bera den arren, hots, gidoiak duen indarra eta komikigile italiarrak erabili duen gizarte kritika bortitza, ezin daiteke albo batera utzi serie honek duen alderdi tekniko eta artistiko bikaina.

Animazio-estilo aldetik duen sinpletasun horrek, mezu nagusiari garrantzi handia ematen laguntzen dio, eta gidoia edozein pertsonak identifikatuta sentitzeko moduko egoerez beteta dago. Girotze lana biribiltzeko eta garaiko esentzia hori ezin hobeto pantailaratzeko helburuz, bigarren telesail honetan ere soinu bandak indar berezia du; The Clash, The Cure, Counting Crows, Oasis eta Lou Reed bezalako artisten kanta ezagunak aurki daitezke.

Animazioa mezu garrantzitsuak zabaltzeko erreminta oso eraginkorra izan daitekeela frogatzen duen unibertsoa sortu du Zerocalcarek. Umorea helduleku gisa erabiliz, ekoizpen oso irudimentsua sortu du oraingoan ere, eta gogoeta sorta zoragarriez baliatuz, hunkiberatasunerako tartea ere eskaintzen du.