GAUR8 - mila leiho zabalik

Eguraldiaz


Ez baduzu eguraldiaz hitz egiteko gogorik, begiratu puntu gorri honi». Horixe irakurri nuen behin igogailu batean. Izan ere, igogailuetan eguraldiaz hitz egiten da. Beste toki batzuetan ere hitz egiten da eguraldiaz; harategian, arrandegian, ile-apaindegian, tabernan... Isiluneak pisuak egiten diren tokietan hitz egiten da eguraldiaz (honi lotuta, uste dut gero eta lasaiago egoten direla bi ezezagun elkarren ondoan hitzik egin gabe. Garai batean solasaldiak ez ote ziren errazago pizten...).

Tira, eguraldira bueltatuz, sentsazioa daukat azkenaldian toki guztietan hitz egiten dela eguraldiaz. Ez dakit adina izango ote den, agian gazteagotan ez genion hainbeste garrantzi ematen. Baina eguraldia bada gure gai bat, janaria eta edaria diren bezala. Oporretara joan, etxekoei deitu eta betiko galdera, «zer eguraldi daukazue hor?». «Eta zuek hor?», bueltan.

Gure auzoan bazen emakume bat udan herritik ateratzen ez zena. Gaztetan dezente bidaiatutakoa zen, baina zahartzaroak ekarritako nekeekin nahiago zuen uda zein negu etxe bueltan gelditu. Ingurukoren bat oporretan joana zela jakin orduko altxatzen zuen telefonoa, «zer eguraldi daukazue hor?». Eta gero auzo osoari kontatzen zion bazter bakoitzean zein eguraldi zegoen, batek eta besteak kontatuta. Bere bidaiatzeko modua bilakatu zen hori, bazter desberdinetan zein eguraldi zegoen deskubritzea.

Beroa, hotza, haizea, sargoria, hezetasuna, euria... orain dena da albiste. Eguraldia albiste, herritarrentzat alpiste. Horri begira gauden artean, beste gauza batzuk ez ditugulako ikusten. Akaso gure baserritarrei jaso diegu zerura begira bizitzeko jarrera. Hobe genuke haiek eguraldiarekin batera bizitzeko daukaten jakintza eta patxada ere jaso bagenitu. Dagoenean, bonbon. •