Joxean AGIRRE

Amurizak kontatua

Gogoangarriak iruditzen zaizkigun pasadizoen artean badago genero bat heriotzarekin lotura duena. Protagonistak hiltzeko zorian daudelako edo, kontakizun horiek are ederragoak iruditzen zaizkigu. Lehen ere uste dut aipatu izan ditudala, baina batzuk aipatuko ditut. Gipuzkoako EHNEko buruetako bati entzun nion, mitin batean bere aitonari buruz zioena: bizitza osoa lanean eman ondoren, hiltzeko ordua iritsi omen zitzaion eta, uda izango zen nonbait, «hainbeste lan baserrian eta beste mundura joan behar al diat?» esan omen zuen.

Aitak umetan kontatzen zigunez, Patxi Iturzaeta auzoko bertsolariak bertso sorta autobiografiko bat zuen prestatuta heriotza iristen zitzaionerako, eta larritu zenean, bere alaba Justa jarri zuen idazten. Zailtasun handiekin izan bazen ere, diktatu egin zizkion. «Elizaldetar Frantzisko Mari / Iturzaeta deritza / ofiziorik printzipalena / izan du nekazaritza» hasten dira; Googlen aurki daitezke. Udarregik antzeko zerbait egin zuen, eta Sokin (Jose Inazio Odriozola) bertsolariak ere bai, “Heriotzako orduan” izenekoa; entzuna dudanez, umorezko ale batzuk sartu zituen.

Auntxa trikitilaria Santa Luzia egun batez hil zen, eta pieza bat jotzen ari balitz bezala mugitzen omen zituen behatzak. Egun horretan Urretxuko plazan izan ohi zen Sakabi eta Elgetarekin, eta haiekin jotzen ari zela egingo zuen amets beharbada.

Xabier Amurizak orain gutxi bazkaloste batean kontatu ziguna ere gordetzeko modukoa da. Sakoneta harri-jasotzaileak (Aulestiko Zuberoa auzoko Uxarte baserrikoa zen, gerra aurretik EAJren mitinetan harriarekin ibiltzen zen) entrenatzeko harriak omen zituen ukuiluan, horietako bat inoiz jaso gabea, eta hura jasoko zuen gizonik ezagutu gabe hiltzeak pena ematen ziola esaten omen zuen. Gaixorik zegoela entzun zuen Agerre gazteak (Luis Lopetegi, izen bereko entrenatzailearen osabak) eta gizonaren kapritxoaren berri izanik, baserri horretara joan omen zen eta, aproba batzuk egin ondoren, jaso zezakeela erabaki omen zuen. Harri-jasotzaile zaharra ohetik hartu eta jaitsi omen zuten ukuilura; eta gazteak jasoaldia egin zuen. Hain egoki jaso zuenez, bigarrena ere jaso zezakeela iradoki omen zion, eta Agerre gazteak bigarrenez jaso zuen. «Orain joateko konforme gelditzen nauk» esan omen zion, eta ohera itzuli omen zuten. •