Juantxo EGAÑA

Gasteizko buruhandien konpartsa, 1931ko jaietan

(CEFERINO YANGUAS. GASTEIZKO UDAL ARTXIBOA.)

1931ko abuztuaren 4a da. Egun horretan, greban zeuden Gasteizko okinen gatazka konpondu egin da. Arratsaldeko hiruretan hasten dira Gasteizko jaiak suzirien jaurtiketarekin eta erraldoi eta buruhandien konpartsaren irteerarekin, musika bandek lagunduta. Beste urte batzuetan bezala, jai-egitarauak bizikleta-lasterketa, pilota-partidak eta kontzertuak hartzen ditu; besteak beste, Gasteizko Orfeoiarena, Errepublika pasealekuan, Udal Bandarekin batera. Garai hartako prentsak lehen egun horretan kaleetan dagoen animazio handia jasotzen du, nahiz eta arratsaldeko zortzietatik aurrera, euri-jasen ondorioz, ekitaldi batzuk bertan behera geratzen diren. "El Dia" arratsaldeko egunkarian Arrosarioko prozesioa bertan behera geratu dela jakinarazten da, lehen aldiz, udalaren dirulaguntzarik ez duelako. Gasteizen bizi zen Ceferino Yanguas Alfaro Fiteroko (Nafarroa) argazkilariak bere argazki dendaren aurrean egindako irudian, buruhandien konpartsako kide batzuk azaltzen dira.