Ainara LERTXUNDI
IKUSMIRA

Postaletako Londresen beste aurpegia

(Justin TAILS | AFP)

Argazkian azaltzen den etxerik gabeko pertsonak Londresko kaleetan egin du lo. Udalak berak aste honetan aditzera eman dituen datuen arabera, 3.272 pertsonek, gehienak gizonezkoak eta erdiak britainiarrak, kalean egin zuten lo apiriletik ekainera bitartean; iazko epe berarekin alderatuta, %9 gehiago. Etxerik gabekoen ia erdiak, %49, ez zuen lehenagotik kalean lo egiten; %13ak, berriz, modu iraunkorrean egiten du. Datorren urterako etxerik gabeko pertsona guztientzat irtenbide bat bilatuko zuela hitzeman zuen Gobernu britainiarrak, baina inflazioaren, pobreziaren eta alokairuen garestitzearen ondorioz, egoerak okerrera egin du, bereziki Londresen. «Agindutakoa betetzetik oso urrun dago. Ezingo du bere hitza bete. Eskuragarriak diren etxebizitzak falta dira, alokairuek gora egin dute eta etxerik gabekoei bideratutako gizarte zerbitzuak gainezka daude», ohartarazi du Homeless Link gobernuz kanpoko erakundeko Rick Hendersonek.