AUG. 12 2023 ZABORRARI, BIZI BERRIA Merkaturatutako aluminiozko lata ia guztiak birziklatzen dituzte Brasilen Salmentan jartzen dituzten aluminiozko laten ia % 100 birziklatzen dute Brasilen. Biltzaileek zabor artetik atera eta fabriketan behar bezala prozesatu ondoren, 60 egunen buruan berriz ere supermerkatuetara itzultzen dira latak. Izan ere, etengabe birziklatu daitekeen materiala da aluminioa. Gainera, jarduera horrek pobrezia egoeran dauden familia ugari sostengatzen ditu. Shirlei Aparecida de Souza latak biltzen. (Miguel SCHINCARIOL-Nelson ALMEIDA | AFP) Nerea Lauzirika Shirlei Aparecida de Souzak Sao Pauloko periferiako kaleetan biltzen dituen lata hutsak zapaltzen ditu oinkadaka. Horrekin mantentzen du familia osoa, Brasil eredu duen birziklatze zikloaren hasieraren baitan. 38 urte ditu emakumeak eta Brasilgo milioi bat biltzaileetako bat da. Hain zuzen ere, prozesuaren funtsezko zatia egiten du; izan ere, 2022. urtean, birziklatutako materialaren kantitatea ekoiztutako lata kopuruaren parekoa izan zen, Recicla Latas Brasilgo fabrikatzaileen eta birziklatzaileen elkartearen arabera. Ingurumenari mesede egin zion joera horrek, aluminioa berrerabiltzeak berotegi efektua eragiten duten 15 milioi tona gas isurtzea saihestu baitzuen azken hamarkadan, elkartearen arabera. Gainera, jarduera hori pobrezia egoeran bizi diren pertsona askoren sostengu ekonomikoa da, hondakinen artean latak bilatzea egunerokotasunaren parte bihurtu baita herrialde osoan. «Bilketa egun bakoitzean 20 erreal inguru lortu ditzaket (3,72 euro) oinarrizko beharretarako: arroz pakete bat, frijoleak edo haragiren bat», azaldu du biltzaileak. De Souza senarrarekin eta bost alabetako batekin bizi da Jardim Lapennan, Sao Paulo ekialdeko auzoan, amaitu gabe dagoen etxe batean. Kamiseta, galtza motzak eta txankletak jantzita, goizean goiz irteten da amarekin batera. Amak 15 urterekin sartu zuen «familiako tradizio» bilakatu den jarduera honetan. De Souzak hondakinentzako poltsa beltz handi bat darama arrastaka, eta poltsa hori betetzea espero du: lata kiloko -67 unitate inguru- 6,20 erreal jasotzen ditu (1,16 euro). Kooperatibetan elkartuta edo, De Souza bezala, modu independentean aritzen dira lanean biltzaileak. Aluminioa saltzen diete txatar biltzaileei edo bilketa zentroei, eta horiek, aldi berean, birziklatzaile handiak hornitzen dituzte. Kartoia bezalako beste material batzuekin alderatuta, «latak balio handiagoa du, eta kargatzeko bolumen txikiagoa; horregatik, lehia handia dago biltzaileen artean», azaldu du Aline Sousa da Silvak, Biltzaileen Elkarte Nazionaleko (Ancat) antolatzaile sozialak. Pedro izeneko beste biltzaile batek 31 urte ditu, eta goizeko lauretan hasten da lanean, iristen lehena izateko: «Kosta egiten da eta ez dago ezer sobera, baina dirua zintzoki irabazten da». Kamioneta hondatu bateko bolantean eserita hartzen du atseden, hiriaren boterearen ikur den Paulista Etorbidearen ondoan, bildu duen poltsa piloa atzealdean duela. Errekorra Sao Pauloko beste toki batean, Latasa-Garimpeiro Urbano birziklatze enpresaren konponketa lantegi baten barruan, kamioi batek koloretako latak tonaka iraultzen ditu. Ondoren, makina batek zanpatu eta laukitan trinkotzen ditu. Ondoren, laukiak galdaketa planta batera eramaten dituzte, eta han aluminioa prest uzten dute enpresek ekoizpenerako berriz ere erabili dezaten, «atzerakako logistika atzerakoia» izeneko prozesuaren baitan. Izan ere, aluminioa behin eta berriz birziklatu daitekeen materiala da. Birziklatze ziklo berritzaile honek errekorra lortu zuen 2022an, herrialdean ekoiztutako aluminiozko ontzien % 100 birziklatu baitzuen, Brasil mundu mailan erreferente bihurtuta. «Zakarretara botatako 390.000 tona lata prozesatu zituzten biltzaileek, fabrikatzaileek merkaturatutako 31.850 milioi unitateen baliokidea dena», zehaztu du Renato Paquet Recicla Latas elkarteko idazkari exekutiboak. Gobernuak darabiltzan industriaren inguruko datuen arabera, Hego Amerikako herrialde handiena den Brasilek AEBak eta Europar Batasuna gainditzen ditu birziklatze tasari dagokionez. Izan ere, % 60 inguru eta % 73 birziklatzen dute, hurrenez hurren, Brasilen baino dezente gutxiago, alegia. Hondakinak prozesatzeko zentro bat. Supermerkatuetara 60 egunean Kontsumitzaileen esku uzten dituztenetik, latak berrituta itzultzen dira berriz ere supermerkatuetara «batez beste 60 egunean», Danilo Machado Latasa-Garimpeiro Urbanoren egoitzako logistika arduradun eta ikuskatzailearen arabera. ReciclaBR Taldearen zentro hori, bere hitzetan, «prozesatze bolumen handienetara» azken urteetan iritsi da, 11,5 milioi biztanle dituen eta Latinoamerikako hiririk handiena den Sao Paulon gero eta gehiago birziklatzen joan diren neurrian. Latak jasotzeko jarduerak 2010etik gora egin du, fabrikatzaileek agintariekin konpromiso bat sinatu zutenetik, alegia. Eta nabarmen gainditu dute hondakinen birziklatze orokorraren % 4ko tasa. Renato Paquet Recicla Latas elkarteko idazkari exekutiboaren arabera, erraza da zifra horien arrazoiak azaltzea: kontsumo handia, urtean 156 latakoa per capita; bilketa selektibo gero eta handiagoa eta bilketa zentroen egitura nazionala, munduko birziklatzaile handiena den Novelis erraldoia eta antzeko korporazioak hornitzen dituena. Ingurumen onurez gain, jarduerak urtean 6.000 milioi erreal injektatu ditu ekonomian (1.113 milioi euro inguru). Biltzaile gehienek egoera oso prekarioan lan egiten duten arren, noizbait lan baldintza hobeak izango dituztelakoan daude. Aurrekaririk gabeko ekimen batean, Lula da Silva Brasilgo presidenteak toki pribilegiatua eman zien biltzaileei aurtengo aginte hartze ekitaldian. Izan ere, presidentearen banda emateko deitutako «herriaren ordezkarien» artean tokia eskaini baitzion Aline Sousa da Silva biltzaileari, egiten duten lana aitortuta. Konpromisoa ingurumenarekin Ingurumenarekiko kezka Brasilgo kontsumo ohituretan islatzen hasi da, biztanleen % 74k ekosistemen degradazioa saihesteko ohitura jasangarriak hartzen dituela baitio, iazko azaroan zabaldutako inkestaren arabera. Industriaren Konfederazio Nazionalak 2.019 pertsonari egindako inkestak jakinarazi zuenez, hamar brasildarretik zazpik birziklatzeko ohitura dute gaur egun, eta ohitura horrek gora egin du, 2013an erregistratutako % 47tik gaur egungo % 69ra. Plastikoa da brasildarrek gehien birziklatzen duten materiala (% 76); ondoren, aluminioa (% 56), papera eta kartoia (% 53) eta beira (% 47). Gainera, ekipo elektrikoen hondakinak kudeatzeko modua hobetu dute. Ingurumen onurez gain, jarduerak urtean 6.000 milioi erreal injektatu ditu ekonomian (1.113 milioi euro inguru). Biltzaile gehienek egoera oso prekarioan lan egiten dute Ingurumenarekiko kezka Brasilgo kontsumo ohituretan islatzen hasi da, biztanleen % 74k ekosistemen degradazioa saihesteko ohitura jasangarriak hartzen dituela baitio