AUG. 12 2023 { KOADERNOA } Ondorengoak, konforme uztetik haragoko ardura Iker BARANDIARAN Kezkatzen nau seme-alaben heziketak; hala nola, bizitzan aurrera egiteko ikasiko eta barneratuko dituzten erremintak lortzeak, nahiz eta gero ez erabili. Ez horrenbeste -neurri batean, bai- ogibide bat aurkitzeko egingo duten ikasketa aukerak. Hori ere etorriko da, eta asmatuko dute edo ez; zeinek daki! Ez baitirudi mundu atsegina eta erraza utziko diegunik. Gehiago kezkatzen naute balioek eta nahi dutena lortzeko zailtasuna eta (batzuetan) ezintasuna barneratu eta kudeatzen jakiteak. Guztia eta orain izaten ohitzen badira, ez diote ezeri balioa emango, berekoiak bihurtuko dira eta -ziur!- etorkizunean gaizki pasatuko dute. Eta hori da askotan gurasoak garenon erru edo akats handienetako bat: orain gustura, pozik edo -hobeto esanda- konforme egon daitezen denetik eman eta erraztea, pentsatuta haiek ohartarazi gabe ez dela beti horrela izango. Tamalez haiek eta guk askotan ispilu gisa erabiltzen ditugu beste guraso eta familiak. «Haiek jada badute, guk ere eman beharko diegu!», ondorioztatzen dugu askotan errazenera jota. Eta, berez, “neurtzeko” erreminta horrek ez dauka hausnarketarik ezta mugarik ere. Gurasoon jarrera horrekin, eta are eta zailago banatutako gurasoak garenokin, gaur egungo umeek gero eta azkarrago egiten dute guztia, eta niri horrek bertigo handia sortzen dit. Ez dut uste joera horrek gauza on askorik ekarriko dienik. Umeek gero eta gehiago dakite; hobeto esanda, gero eta informazio gehiago eskuratzeko aukera dute, baina horrek ez du esan nahi jasotako informazioaz ondo jabetzeko gai direnik. Internetek ematen die ozeano erraldoi batera sarbidea, eta adin horretarako behar duten filtrorik gabe auskalo zer patroi, balore eta eredu. Kontua da haiek bakarrik ez direla gai beraien kabuz informazio uholde horren irakurketa egokia egiteko. Egokia diot testuinguru asko falta zaielako: zer den egiazkoa, zer den txantxetakoa eta zer maltzurkeria bereizten ez dakitelako. Eta haiek, “dakitela” konbentzituta, edozein gairi buruz iritzia eraikitzen dabiltzala uste dute. Egin proba gai jakin batzuei buruz galdetzen! Sorpresa itzelak hartuko dituzue! Hain zuzen ere, pentsa youtuber, hainbeste maite duten futbolaren ‘izar’ edo Instagram-eko ez dakit zer fashion modelorengan bizitzarako zer balore eta lehentasun ari diren jasotzen. Horren aurrean garrantzitsua deritzot Internet-en ikusten dutena behatzea, mugatzea eta ahal den guztietan horretaz beraiekin hitz egitea. Nahiz eta batzuetan haiei “batallitak” kontatzen ari natzaien sentsazioa izan, nolabaiteko jakin-minez entzuten didate. Duela gutxi oparitu didate bere garaian adibide gisa aipatu nien jokalari afrikar baten kromoa sakelakoan gorde dezadan. Jokalari horrek luxuaz bizi gabe aberastasunaren zati handi bat Afrikan eskolak egiteko ematen du. Eta plano geopolitiko batera joanda, gogoan dut behin semeek etxera etorritakoan errusiarrak akabatu behar zirela esan zidatela. Ba seguruenik guraso txoro bakarrenetarikoa izango naiz halako umemokoei AEBek zenbat herrialde inbaditu dituztela azaldu diena. Beste batzuetan, aldiz, haiek erakusten didate niri: esaterako, pandemiaren bueltan, bizi naizen herrian asteburuetan edukiontziak erretzeko ohitura hartu zuten batzuek. Eta bi semeen arteko elkarrizketa, hauxe: «Edukiontziak zergatik erretzen dituzte… por la guerra?», txikiak. Eta nagusiak, «Ez, da por la droga». • Umeek gero eta gehiago dakite; hobeto esanda, gero eta informazio gehiago jasotzeko aukera dute. Horrek ez du esan nahi jasotakoaz ondo jabetzeko gai direnik