Asier Aiestaran
{ GERTUKO PLANAK } GIPUZKOA / AIA

Iturraran,Pagoetako atean naturarekin bat egiteko hamaika proposamen

Iturraran parketxea da Pagoeta Natura Parkearen ate nagusia, eta ez dago bertara inguratzea bezalakorik eguneroko bizitzan ohikoa bilakatu den burrunbatik ihes egin eta naturak eskaintzen duen lasaitasun eta patxadan murgiltzeko. Bertan ibilalditxo bat egitea bada nahikoa arrazoi goiz- edo arratsalde-pasa eder baterako, baina ingurua hobeto ezagutu nahi duenak parketxean aurkituko du beharrezko informazio guztia, baita astero-astero antolatzen dituzten jarduerei buruzkoa ere.

«Pagoetako Natura Parkeak 3.000 hektarea inguru ditu eta Aia udalerriari dagozkion lurretan dago zatirik handiena. Askotan 3.000 hektarea esanda ez dugu ongi ulertzen zer dimentsiori buruz ari garen: hektarea bakoitza futbol zelai bat dela esango dugu gutxi gora-behera. Hektarea horietan parkeak aukera asko ematen dizkigu, eta gomendagarriena da Iturraran parketxera gerturatzea. Baserri eder bat da, inguruan dagoen lorategi botanikoari ere izena ematen diona. Hemen daukagu informazio puntua: mendi ibilaldiak, Iturraran lorategia, Agorregiko burdinola eta errota, erlauntzak, antolatzen diren bisita eta ekintzak... Gustukoena duzuna aukeratu eta hura egin», azaldu digu Amaia Agote ingurumen hezitzaileak.

Bisitariak uda partean ugaritzen diren arren, neguan ere lan handia izaten dute Iturraranen ikasle taldeekin. «Urte osoan gaude zabalik, ixten den garai bakarra gabonetako inguru hori izaten da. Guk bi lan ildo nagusi izaten ditugu. Batetik, ikasturteak irauten duen eskola garaia, eta bestetik, asteburuak, jai egunak eta uda partea. Ingurumen hezkuntza lantzen dugu, pedagogia berdea. Jendea naturara gertura dadin eta natura bere etxea bezala har dezan. Natura maitatzen ez bada zaintzea zaila da, eta prisma horrekin egiten dugu lan bai eskolei bideratutako ekintzetan bai publiko orokorrari bideratutakoetan», gehitu du Amaiak.

Gure iragana ezagutzeko aukera

Baina naturaz gozatzearekin batera, Iturraranek eta bere inguruek euskaldunon iraganaz asko ikasteko aukera eskaintzen dute, parketxe bilakatu den baserri ederretik hasita, non museo etnografikoa bisitatu daitekeen.

«Lehen datuak XV. mendekoak dira. Badakigu 1711. urtean sute bat izan zela eta berreraiki egin zutela. Horixe, ziur dakiguna. Baina hemen izan diren hainbat etnografok aipatu izan digute baserria erabat suntsitu izan balitz barruko egitura beste bat izango litzatekeela. Hemen, oraindik baserriari eusten dioten lau zutabe nagusiak pieza bakarrekoak dira, zuhaitz bakarra erabiliz egindakoak. Berreraiki zen garaian, XVIII. mendean, mota horretako haritzak desagertuta zeuden Euskal Herrian. Galeoiak, baserriak... egiteko erabiliak izan zirelako. Horren ordez beheko solairua harrizkoa egiten zuten eta goikoa, egurrarekin. Edo bi zuhaitz elkar lotu, enborrak motzagoak zirelako, eta horrela egin eraikin guztia. Hemen pieza bakarrekoak dira goitik behera. 300 bat haritz erabiltzen ziren tamaina honetako baserri bat egiteko eta dena haritza da».

Mendian apur bat behera eginez, baso ibilaldi eder bat tarteko, Agorregiko burdinola eta errotak aurkituko ditugu. Urte osoko asteburu guztietan antolatzen dira bisita gidatuak, doan, aldez aurretik izena emanda -euskaraz 11.15ean eta gazteleraz 12.00etan-. Irailaren 16an, esaterako, errotak ikusi ostean, bisitariek bertan ogia egiten ikasteko aukera ere izango dute, antzinako langintzak berreskuratuta.

«Iturraran eta burdinola beti oso lotuak egon dira, jabe berarenak zirelako Aldundiak erosi aurretik. Euskal Herrian ohitura zen jabetza gehienak ahaide nagusi moduan ezagutzen ziren familia gutxi batzuen esku egotea. Botere handia zuten eta ekonomia apur bat mugitzen zuen guztiaren jabe ziren: baserriak, lursailak, errotak... Horietako baten jatorria, Laurgain, hementxe daukagu; dorretxea oraindik zutik dago, eta bereak ziren Iturraran eta burdinola. Burdinola handiak eta txikiak bereizten ziren, eta Agorregi burdinola nagusia da, burdina lortzeko erabiltzen den lantegia. Burdinezko lingoteak egiten zituzten bertan. Burdinola txikiak forma ematen die lingote horiei. Sistema oso antzekoa da, baina tamaina aldatzen da. Agorregiko mailuak 700 kilo pisatzen ditu. Hori altxatu egin behar da, baina behera erortzerakoan hartzen duen indarra 2.500 kilokoa da. Sekulako zartakoa da; horrek ez du balio tresneria egiteko. Bisitarekin batera bai errota bai burdinola funtzionamenduan ikusteko aukera dago eta sekulakoa da», nabarmendu du Amaia Agotek.

Erlauntzak, altxorraren bila...

Haurrentzat bereziki dibertigarria suertatzen den “Altxorraren bila” orientazio jarduerarekin batera -galdera batzuk erantzunez ingurua hobeto ezagutzeko aukera ematen du-, erlauntzak dira parketxeko beste elementu esanguratsuenetako bat. Erleak naturaren garrantzi eta hauskortasunaren erakusgarri bikainak diren heinean, erlauntza baten irekiera ikusteko aukera eskaintzen du Iturraranek eta erleen inguruan asko ikastekoa, “Galdutako erlearen bila” jolasaren bitartez. «Erleak produktu emaile bezala ikusten ditugu askotan, baina azaltzen dugunean erleak desagertuko balira gizakiok bost urteko biziraupena izango genukeela beste modu batera pentsatzen hasten gara. Polinizatzaileak dira, polinizaziorik ez balego inguruan daukagun berdetasunik ez genuke edukiko», gogoratu du Amaiak.

Eta ohiko jarduera horiez gain, egun jakin batzuetan proposamen bereziak ere egiten ditu Iturraranek. Uztailean baso-bainua antolatu zuten, lehen aldiz gauez, eta gaurko astronomia gaua dute antolatua, eguraldiak laguntzen badu pertseida edo izar-malkoak paraje ezin hobean ikusteko. Merezi du agendari adi egoteak hurrengoan parte hartzeko.

Jakin beharrekoak

Iturraran parketxea asteartetik igandera zabalik egoten da 10.00etatik 14.00etara (abuztuan 16.30etik 18.30era ere bai). Zudugarai gainetik Aiara doan errepidean dago eta autobusez ere irits daiteke.

Hainbat bisita eta jarduera antolatzen dituzte, eta batzuetan izena eman behar da aurretik. Informazioa, www.gipuzkoanatura.eus webgunean (943835389).