AUG. 19 2023 { KOADERNOA } Margu lili artean kaka mehe, tirano arrotzen ohiltzeko Xabier Izaga Cancionero popular vasco de D. Resurrección Mª de Azkue, director de la Academia de la Lengua Vasca, premiado con el primer premio en concurso abierto por las cuatro diputaciones vascas y dedicado a su amigo D. Ramón de la Sota y Llano” kantutegian, lo-kanten atalean, “Margu lili artean” kanta ageri da. Robles-Arangiztarrek sortutako Aritzak taldeak “Hamar urte” diskoan grabatu zuen 1995ean. Abestiaren bigarren ahapaldia honela hasten da: «Oil, oil erle kuek/ kartxeritik gain kartra». Iragan igandean Leire Casamajou Elkegaraik Jean-Louis Davanti egin zion elkarrizketa jakingarria irakurri nuen “Berria” egunkarian. “Matalaz” kantaz eta XVII. mendean Mitikileko erretorearen gidaritzapean Zuberoan izan zen matxinadaz ari zen Ürrüstoi-Larrabileko idazlea. Besteak beste, joan den uztailean “Enbata” aldizkarian idatzi zuena kontatu zuen, Benito Lertxundik famatu zuen kantaren hitzak berak egin zituela, alegia, eta kanta horretako egiazko zuberotarrak, egiazko eüskaldunak, ez direla jaikiko tirano arrotzen hiltzeko, ohiltzeko baizik (lau euskal aldundiak ere jaikiko ote dira?). Horiek izan omen ziren Bernard Goihenetxeren azken hitzak eta halaxe idatzi Davantek; ‘hiltzeko’ adierazi nahi izan balu, «ehaiteko» idatziko omen zukeen. Eta Azkueren kantutegiko sehaska-kanta ekarri zidan gogora. Ohiltü (‘ohildu’) Zuberoan erabiltzen den aditza da, baita Erronkaribarren ere (oiltu), edo erabiltzen zen, hango hizkera desagertu baino lehen. Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, Zuberoako eta Erronkaribarreko egileetan dago dokumentatuta XVII. mendetik, XIX.aren amaieratik mendebalderagoko zenbait testutan ere ageri da eta XX.ean hegoaldeko egile kultistetan. Bernardo Estornesen “Diccionario español-uskera roncalés” hiztegian espantar sarreran ez da agertzen, baina bai beste batzuetan, hala nola ahuyentar, expulsar edo desterrar sarreretan, ‘uxatu’ zabalduagoarekin eta horren zenbait aldaerarekin batera. Horixe da Azkueren kantutegiko sehaska-kantako oil hitza. Erronkaribarreko kanta horren hitzak, baina, ez dira jatorrizkoak. Jatorrizkoak ez zitzaizkion atseginak iruditu «folkloristari», nonbait: «La letra original, además de ser chabacana, hiede». Eta aldatu egin zuen: «El folklorista [Azkuek], que siempre que extirpa una letra ha creído verse obligado a substituirla con otra del mismo dialecto o variedad dialectal, trazó en puro y difícil roncalés este poemita, procurando dar al acompañamiento de la melodía este mismo carácter de rareza y acritud del dialecto en cuestión». Bide batez esanda, bistan da ondo ezagutzen zuela euskalkia eta bertsogile trebea zela. Edonola ere, euskalari handiaren kantutegian jatorrizko hitzak ere irakurgai daude, Mariano Mendigatxa bidankoztarraren ahotik jasota: «Botto ninak bolunte/ loak artu nai noke/ suge utsuak boluntate;/ abadejo xatan dion apezak/ eginen du kaka me./ Boto ninak bolunte,/ loak artu nai noke». Hitz horiek ez ziren egokiak abade lekeitiarraren ustez eta tranpa txiki erraldoi bat egin zuen. Abadejo xatan dion apezak eginen du kaka me esaldiak asaldatu bide zuen bereziki. Bakailaoa jan osteko esperientzia deserosoren bat gogoraraziko ote zion? • Erronkaribarreko kantaren hitzak ez ziren egokiak abade lekeitiarraren ustez eta tranpa txiki erraldoi bat egin zuen. «Abadejo xatan dion apezak eginen du kaka me» esaldiak asaldatu bide zuen