Gorka ELEJABARRIETA
{ DATORRENA }

Irlandaz

Azken hamarkada luzeetan Sinn Feinek bi helburu politiko estrategiko nagusi izan ditu. Batetik, Irlandaren eta Erresuma Batuaren arteko gatazka politiko eta militarraren konponbide elkarrizketatu eta negoziatua eta, bestetik, Irlanda osoaren independentzia eta batasuna. Gatazka politikoaren konponbidea egun bateko gertakizuna baino gehiago prozesu luzea izan da, oraindik ere aurrera doan prozesu luzea, eta besteak beste Irlandaren batasuna eskuratzeko mekanismo eta protokoloa zehaztu duena.

Gerry Adams eta Martin McGuinness izan dira, gatazkaren konponbidearen eta irlaren batasunaren aldarriak altxatuz, Sinn Fein eta Irlanda bera egoera berri eta itxaropentsu batera eraman dutenak. McGuinness 2017an zendu zen eta Sinn Feinek 2018an Mary Lou McDonald eta Michele O’Neil alderdiaren buru berri izendatu zituen. SFk lidergo trantsizio eredugarria egitea lortu zuen. Gerry eta Martin karisma handiko liderrak izan ziren, Irlandan ez ezik mundu zabalean aski ezagunak, eta barne mailan oso errespetatuak. Urte luzez mugimendu errepublikanoa gidatu zuten. Horrelako lidergoak ordezkatzea oso prozesu zaila eta konplikatua da. Ez dut uste Rafael Correaren eta Lenin Morenoren arteko harremana oso ona izango denik, eta ez naiz ziur Pablo Iglesiasek berriz ere Yolanda Diaz aukeratuko zuela bere ordezko gisa. Bi adibide besterik ez dira, baina mundua eta historia oso gaizki atera diren adibidez beterik daude. Horretan ere errepublikanoak, eredu.

Azken urteetan Mary Louren eta Micheleren lidergoaren eskutik Sinn Feinek gorakada elektoral nabarmena egin du. Alderdi bozkatuena bilakatu da ipar zein hegoaldean. Betiko aldarriei aldarri berriak gehitu zaizkie eta Sinn Fein berri horrek babes handiagoa eskuratzea lortu du. Brexitaren kontrako botoa eman zuen Irlandako iparraldearen jendartearen gehiengoak eta, aldiz, Brexitaren alde agertu ziren alderdi unionista guztiak. Jendarte eta alderdi arteko haustura horrek Brexitaren kontra agertu zen Sinn Fein indartu zuen. Euskal Herrian azken hilabeteetan horrenbesteko eztabaida piztu duen etxebizitza politiken inguruko debatea Irlandako hegoaldeko agenda politikoan gai zentraletako bat izan da modu iraunkorrean azken urteetan. Eoin O’Broin da Sinn Feineko etxebizitza politika arduraduna. Bide batez etxebizitza inguruan idatzi duen “Home” liburua gomendatu nahi dizuet. Nire kintako euskal “gazte” militante politikoentzat pertsona ezaguna da Eoin, Euskal Herrian askotan egondakoa, “Matxinada” liburuaren idazlea besteak beste. Eoin eta Sinn Feinek etxebizitza politikaren inguruan luzatu duten proposamenak eta egiten ari diren lanketa etengabeak jende asko Sinn Feinera hurbildu dute. Ez nuke esango hori Sinn Fein hegoaldean alderdi bozkatuena bilakatzeko arrazoi bakarra denik. Baina arrazoi garrantzitsua izan da, duda barik. Gurean ere antzeko zeozer gerta daitekeelakoan nago. Sinn Feinen gorakada elektoral horrek irlaren batasunaren aukera parez pare ireki du. Batasuna nola gauzatu Ostiral Santuko akordioak zehaztu zuen. Bi erreferendum: bat iparraldean eta bestea, hegoaldean. Bietan gehiengoa lortzea beharrezkoa da batasuna eskuratzeko. 25 urte geroago zergatik ez da mekanismo hori erabili?

Mekanismoa aktibatzeko beharrezkoa da ipar zein hegoaldean hori egin nahi lukeen gobernua egotea. Orain arte ez da gertatu. Agian ez da sekula gertatuko. Inoiz gertatuko bada, orain izan daitekeela dirudi. Sinn Feinek gidaturiko gobernuak lortzen badira ipar eta hegoaldean, Irlandak botoa emango du. Duela egun gutxi Mary Lou McDonaldekin afaltzeko aukera izan nuen. Irlanda eta Euskal Herriaz aritu ginen bereziki. Sinn Feinen eta EH Bilduren arteko harremana eta berdintasun nabariak izan genituen hizpide. EH Bilduk antzeko bidea egin du azken urteetan eta nabarmena da egiten ari den gorakada elektorala. Aurrerantzean zer gertatuko den ez dago erabakita, baina gure solasaldiaren momentu batean eta Irlandaren aukerez ari ginela, zuekin konpartitu nahi dudan ideia bat bota zidan Mary Louk. Euskal Herriak ere bere etorkizuna erabakiko du. Noiz? Erabakitze mekanismoa aktibatzea EH Bilduren esku dagoenean, Irlandan bezala. •