AUG. 26 2023 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } Ez dago soluziorik, martxan dauden indarrak baizik Mikel Zubimendi Bero sapa hauekin lan egin beharra eta kontu serioez idazteko desgogoa. Haizea atzemanezina da, inork ezin du preso hartu, baina ez dabil. Ziurra den bakarra da gauza ziurrik ez dagoela. Kantuak dioen legez, erantzunak haizean dabiltza, baina ez dabiltza. Bizitzan ez direlako soluzioak existitzen, martxan dauden indarrak baizik. Ez eskatu soluzio idatziak, eskuliburuetako konponbideak. Konponbide orokor bat egongo da noizbait, edo ez, baina konponketa asko eta asko egin beharko dira. Martxan dagoen herri bat dago hemen. Apustu bat. Apustua ez da errenta, baina. Eta politikan, gutxiago. Politikan ez dagoelako sekula esaterik, ezta betiko esaterik ere. Protagonisten mentalitate konbentzitua behar da hemen, esperantzaren bidetik saiatzea, ez erretasunaren bultzadak eraginda ala desesperantzak uzten duen aukera bakarra hautatuz. Ez dago berehalako emaitzen irrikaren itolarrian edo besteek egiten dituzten gauzen esperoan jokatzerik. Egiteko grina behar da hemen, ez eginda egotearen nahia. Eta jarrera, jarrera argi askoa. Norbere azterketa eta erabakietan uste osoa, ekintza propioaren nagusitasuna. Pronostiko ziurrik ez duen abentura bat da apustua. Aurkikuntza etengabea, martxan den unetik erabat kontrolatu ezin daitekeena. Lasaitasun sendo baten eta ezinbesteko tentsio baten arteko ezkontza. Epe motzeko erantzunak, zentzu on dosiak, eta antagonismo eta intentsitate handiari iskin ez egitea. Errealitateari pega-pega egotea, erantzun praktikoak emateko zentzu pragmatiko batez jabetzea. Eta hori, printzipio eta idealetan sendo; horiek gabe den-dena galduko baikenuke, ezerezean urtuko baikinateke. Autokonplazentzia tentazio oroz gain, herri honek aldaketa baten aukerari leihoak parez pare ireki dizkio. Ongi taxuturiko estrategia baten askatasuna eskura du, gihar herritarra eta sinesgarritasun politiko aski duena. Biziago eta eskuragarriago egiteak, beharrezko duen antolaketa eta ideologiaz hornitzeak, kultura politiko berri baten baitan goxo zaintzeak, egun ezinezko irudi lezakeena laster saihetsezin bilakatzen lagunduko du. Batzuentzat desiratu baino beranduago, baina bai, ezetzaren politikan eroso daudenak desiratzen dutena baino askoz ere azkarrago izango da. Eta lortzeko ez da hainbeste ere behar. Ez dut uste. Aski da detaileak zaintzea eta zintzo jokatzea, fidagarri. Nortasunez gogotsua izatea, eta izate horri eusteko ahalmena geure balio seguru egitea. Egiazkoa izatea, pieza bakarrekoa, urruti-urruti begiratuz, ibili gabeko bideak libre eta solte urratuz. Aski da bihotzez bihozbera izatea, gizatasuna begirunez tratatuz eta defendatuz. Gainontzekoak entzutea, ulertzen saiatuz, beren kezkak interpretatuz. Eta askatasunaren pasaporteaz ibiltzea beti, mundu berriak deskubritzea karga edo handicapa izan ez dadin. Umorez, gatz eta piperrez komunikatzea, kredo kolektiboa eginez. Arduratsu jokatzea, shock eta kommozioen aurrean beti eskua luzatuz. Lagunen minekin minduz. Etxea zaindu, etxeko izan, baina apur bat aparte kokatuta jokatuz. Herriari leial, herritar beti, bai, baina ezberdin. Diziplinatu, baina heterodoxo. Esan gabe, begi keinu soilaz, dena ulertu duzula esateko gai izanez. Mundu Guztia jaunaren lagun ez, baina mundu guztiaren lagun izateko prest. • Cuidar los detalles y ser honesto, fiable. Ser entusiasta con personalidad, de una sola pieza, mirando a