GAUR8 - mila leiho zabalik

Festak eta gaiztoak

Ilustrazioa: JONBI EGURTZEGI

Joango zara Bilbora? Baduzue planik bertaratzeko? Horiek, aste honetan Euskal Herriko txoko askotan entzun diren galderak. Egunez giroa Zazpikaleetan, ondoren txosnetara, eta batek daki gero, zulotik irten ezinik egunak pasatzen ditu batek baino gehiagok Bilbon. Itxuraz, plan ederra dirudi herri edo hiri bateko jaietara joateak. Haurrekin bazoaz, programazioa hobeto begiratu, beti plan ederren bat egongo baita. Heldu zein gazte, bakoitzak bere tartea topatzen du. Eta ez Bilbon bakarrik, bertakoak konbentzituta dauden arren munduko festarik onenak direla. Gainontzekooi irribarre egitea besterik ez zaigu geratzen hori azpimarratzen digutenean, pentsatuz: “norberak beti uste du jairik hoberenak bere herrikoak direla, baina tira...”. Baina bilbotarkeriaz trufa egitea ez da asmoa. Hori bai, behin eta berriro harritzen naute Bilboko alkateak jaiak zapuzteko hartzen dituen erabakiek.

Badakit Bilbo oso hiri kontserbadorea bihurtu dela azken hamarkadetan, hiria zahartu ahala, edadetuen artean errazago zabal daitezkeen mezuak hedatu dituztela bertako alkateek eta komunikabide nagusiek. Baina harritu egiten naute oraindik gauza batzuek. Jaiak hasiko zirela-eta, larunbatean “El Correo” egunkariak alkatearen hitzak eraman zituen lehen orrira: «Zenbat eta jende gehiago etorri jaietara, orduan eta jende gehiago dago intentzio txarrekin». Tomatxa!!

Beti pentsatu dut Azkuna jauntxo klasista zen bezala, Aburto apaiz katolikotea dela, edo XX. mendearen hasieran hauteskundeetara aurkezten ziren kanonigo haietako bat. Estereotipatutako pertsonaiak iruditzen zaizkit. Ahotsaren tonua da batetik, lehendakariaren antzekoa, baina mezua bereziki arrotza egiten zait. Beti “onak” eta “gaiztoak”, halako moralkeria desfasatu batekin. Nolatan has daitezke jaiak mezu negatiboarekin? Zein zentzu dauka herritarren artean beldurra zabaldu nahi izateak?

Inguruko elkarrizketetara adi, edukazio txarrekoa izan arren hori egitea, badakit, entzun diot jendeari Bilboko udaltzainak nagi kuadrilla direla, ez dutela hiria zaintzen. Eta atzerritarrak etortzen direla euskal herritarrei lapurtzera. Polizia gehiago eta, ahal bada, armaz hornituta. Eusko Jaurlaritzak ere atera du agindua abuztuan; hemendik aurrera udaltzain guztiek derrigorrez pistola eraman behar dute. Pistolarik nahi ez izatekotan, baimen berezia beharko dute herri txikietako udaltzainek! Lagun on batek esan ohi duen bezala, taberna batean kafea hartzen dugunean uniformedun pistoladunak agertzen diren bakoitzean gertatzen den gauza bakarra, bala batez zaurituta hiltzeko arriskua milioi bat aldiz biderkatzen dela. Ordura arte seguru geunden, baina pistoladun jendea ibilita, batek daki.

Atzerritarrak eta polizia, hori da inplizituki nabarmendu nahi zuena Aburto alkateak, Bilboko jaiei begira. Lehen egunean ere, aldarrikapenen aurkako kanpaina, presoen aldeko pankarta erretiratuta. Atzerritarrak, gaiztoak eta ezker abertzalea, horiek etsaiak, totum revolutum. Espero dut gutxienez aurten ere bilbainada fosildu horiek grabatzea, neguan euskal telebistan (euskarazkoan!!) botatzeko, berriz ere. Hori asperdura daukaguna halako jendearekin. Eskerrak gero eta gutxiago falta den aldaketarako... •