AUG. 26 2023 { KOADERNOA } Zaballan, domekaz Erika LAGOMA POMBAR Algeciras, Jaen, Puerto, Herrera de la Mancha, Alcala Meco, Estremera, Soto del Real, A Lama, Monterroso, Murcia, Murcia II… 2011n jaiotako euskaldun gutxiri egingo zaizkie ezagun izenok. Iraganeko 564 ohe hutsak egun zenbat diren zenbaitek jakingo du. Zaballan izan nintzen domekaz, bigarren aldiz. Arrotz egiten da 08.30ean jaiki eta bisita 11.00etan izatea. Arrotz, bazkalordurako etxean egotea. Izan ziren Galizak, Murtziak, Soriak… aurretik. Arrotz da Centro Penitenciario Alava / Espetxea Araba irakurtzea hormatzarrean. Arrotz, bertako funtzionario batzuekin euskaraz jardun ahal izatea. Pozteko motiboak, baina kirrinka egiten dute. Hortik aurrera, mundua ezaguna da bisitariarentzat. Arkitektura kartzelero hori. Takilla urdinak sarreran. Izenak eta abizenak. Metal detektagailua. Botoia sakatuz, ardiak zerrakuran sartzeko zabaltzen diren ate pisutsuak. Zerrakuraz zerrakura, ireki eta itxi. Espainiako kartzeletan zeharkatu zenuen barruko patio hori ere hor dago. Solastokia. Telefonoaren eta entzungailuaren artean kristala, laguna agurtzerakoan, elkar agurtzerakoan, bi aldeetatik kolpe txikiz ukitzen dena. Zaballan ere ez da sobera ongi aditzen. Erran diozu funtzionarioari. Erantzun dizu saiatu direla, baina ezin dela konpondu. 40 minutu. Hamabost urtez besarkadarik ez, gaur ere ez. Kartzela kartzela da. Euskal Herriratu dituzte Espainiako Estatuan bortxaz barreiatuta zeuden presoak, ez deportatu eta iheslariak. Urte luzez bete ditugu Bilboko kaleak aldarri honekin. Abiapuntua izan behar du, ez helmuga. Sareko bozeramaileen hitzetan, espetxeen eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzeak baldintza gizatiarragoak aplikatzea ekarri du. Diote balioa eman behar zaiola, baina salbuespen neurriak ez direla desagertu. Euskal administrazioak eta espetxeetako batzarrak 47 gradu progresio onartu ditu eskumena duenetik; aldiz, 115 bat presok betetzen dituzte hirugarren gradua eskuratzeko baldintzak. Progresio horien %75i helegitea jarri die fiskaltzak. Etxean behar luketen hamasei preso daude larriki gaixorik. 70 urtetik gorako preso gehienek hogei urte baino gehiago igaro dituzte kartzelan. Euskal presoentzat espresuki onartutako legeak ez dira indargabetu. Espetxean dauden pertsonen %40k arazo psikiatriko larriak ditu. Nolakoa da ikusten ez dena? Nolakoa izan beharko luke? Izan beharko luke? Legediaren marko orokorraz gaindi, erronka potoloa hor dago. Han egiten dituzte kartzela berriak, bizilagunik gabeko parajeetan, puntaren puntan, murruen barruan dagoena ez dezagun imajinatu. Ederragoa da itsasora begira dagoen gela bat. Presoen egoera judizialak anitzak dira, baita egoera pertsonalak ere. Espetxeratuen kopurua jaisten ari da; eta jaitsiko da. Borroka armatuaren oihartzuna lausotzen ari da denborarekin, 2011n jaiotakoek jada ez dute uhinik jasotzen, bi mila eta hamabi bi bi bi… hamahiru airu ru ru… Erosoa da itxuran, eta zilegia, zauriei ez begiratzea, bizitakoa ez geroratzea, baina arrakalak hor daude, kartzelak ere bai. Alfonbraren azpian hautsa ez da desagertzen. Euskal Herrian daude, baina presoen aferak oraindik ere erantzunak behar ditu. Azken espetxeratu politikoa etxean egon arte erabakiak hartu beharko dira. Kartzela kartzela da, baina kartzelak eta kartzelak daude. • Euskal Herrian daude, baina presoen aferak oraindik ere erantzunak behar ditu. Azken espetxeratu politikoa etxean egon arte erabakiak hartu beharko dira. Kartzela kartzela da, baina kartzelak eta kartzelak daude