SEP. 02 2023 «Sillita al sol» Joxean AGIRRE Zorionari buruzko definizio bitxien artean Octavio Pazen bat aipatu ohi da. «La felicidad es una sillita al sol», esan omen zuen, edo idatzi. Definizioak murriztailea dirudi, neguko eguzkiaz arituko zelako edo emakumeei buruz, gizonezkook eguzkitik ihesi ibiltzeko joera baitugu. Iazko beroaldi larri hura, esaterako, Gironako hondartza bipiletan harrapatu nuen, eta goiz erdiko bainuaren ondoren gizonezko gehienak mendi maldan gora sumatzen nituen pinuen itzal bila, emakumeak beren haragi mardul edo urriak lirdingatu eta, ausardia ikaragarriarekin, eguzkiari begira gelditzen ziren bitartean. Han pinupean egiten nituen gogoeta sakonen ondorioz deskubritu nuen emakumeak prestatuago daudela klima aldaketari aurre egiteko gizonezkook baino. Nik neuk urteetan definizio prosaikoago bat erabili izan nuen, zoriona kriantzarekin bazkaldu eta siesta egiteko astia izatea zela esaten bainuen. Urteak dira ohitura praktikatzen dudala eta zorion sentsazioa tamalez debaluatu egin da. Behin Wittgensteinen testu batean irakurri nuen ez dagoela sendatzen ari denarena baino zorion handiagorik, eta hori ere ezagutu berri dut. Covidak harrapatu ninduen oporretan. Bizkaiko aldaera izan behar zuen, Bermeon kutsatu bainintzen, eta auskalo zein ozeanotan, auskalo zein Alakranetan ibilia zen birus kabroia nire biriketan sartu aurretik, lehen bi egunetan sukarrak eragindako amets gaiztoetan gogorrago erasotzen ninduela sartu baitzitzaidan buruan, gipuzkoarra nintzelako. Hamar egun igaro ziren eta zin dagit ez dagoela testaren pantaila txikia zuria dagoela ikusteak ematen duen bozkarioaren parekorik. Pozak iraun egiten dit eta hasi naiz berriro kriantzarekin bazkaldu eta siesta egiten. Udazkena ere ate joka sumatzen dut, eta beharbada aulki txiki bat balkoira atera eta eguzki epelari begira tarte batzuk egiten ere has naiteke, susmatzen hasia bainaiz bizitzaren ederra zorion txikien batuketa baizik ez ote den. •