Urtzi URRUTIKOETXEA
ABORTUA AEB-ETAN

Lehen espetxe-zigorra, 17 urterekin haurdun geratu zen neska baten aurka

Adingabea zela haurdun geratu eta abortua izan zuen Celeste Burgess gazteari 90 eguneko espetxe-zigorra ezarri diote Nebraskan, eta haren amarentzat ere kartzela eskatu dute pilulak erosteagatik. Kliniken kontra bai, baina haurdun egondako emakumeen aurka egingo ez zutela ziotenek, beste marra gorri bat gainditu dute.

Celeste Burgess, uztailean egin zen epaiketan.
Celeste Burgess, uztailean egin zen epaiketan. (Austin SVEHLA | POOL - NORFOLK DAILY NEWS)

Hamalau hilabete dira AEBetako Auzitegi Gorenak abortu-eskubidearen babes konstituzionala bertan behera utzi zuenetik. Emakumeen osasunaz arduratzen ziren klinika asko ixteaz gain, bestelako mehatxu berriak ere sortu dira, besteak beste, komunikazioari eta adierazpen askatasunari dagozkienak. Orain, adingabea zela haurdun geratu eta abortua izan zuen neska bati 90 eguneko espetxe-zigorra ezarri diote Nebraskan, eta haren amarentzat ere kartzela eskatu dute.

Celeste Burgess-ek 17 urte zituen haurdun geratu zenean, eta abortatu egin zuen. Joan den uztailean, Nebraskako epaile batek 90 eguneko kartzela zigorra ezarri zion; gazteak erruduntzat jo zuen bere burua epaiketan, “legez kanpo gorpu bat ezkutatu eta abandonatzea” egozten zion akusazioaren aurrean. Haren ama ere epaitu zuten, abortua egiteko pilulak alabarentzat online erosteagatik. Bost urtera arteko espetxe-zigorra jaso lezake «legez kanpoko abortua egin, txosten faltsuak idatzi eta giza-gorpuak manipulatzeagatik».

Historikoki, abortu-eskubidearen aurkako politikariek eta elkarteek (eliza protestante aberatsen abaroan sarritan) behin baino gehiagotan azpimarratu dute abortuak eragiten dituztenen aurka joko zutela (klinikak, kasu), baina ez haurdun egondakoen aurka. Kasu honek agerian uzten du luzaroan ezarritako marra gorri hori gainditu egin dutela. «Estatuek esaten dutenean ez dutela kriminalizatzen, kasu honi begiratuko dio jende askok, eta ikusiko du emakume gazte bati kartzela-zigorra ezarri diotela bere kabuz abortatzeagatik, testuingurua eta legezko xehetasunak kontuan hartu gabe», salatu du Kaiser Fundazioko Emakumearen Osasunerako zuzendariak, TIME aldizkarian. Izan ere, «kasu hau oso tristea da, erabat etsita dagoenean jotzen baitu jendeak horrelako gauzetara» dio Greer Donley Pittsburgh-eko Zuzenbide irakasleak. «Eta jendearengan etsipena abortuari buruzko debekuek eragiten dute». Aurrerantzean ere, honen antzeko akusazio gehiago gertatuko direla uste dute adituek.

Oso ezohiko kasua da Celeste Burgessena, 28 asteko haurdunaldia baitzeukan abortua egin zuenean. 21. astetik aurrera egiten diren abortuak %1 baino ez dira KFFren arabera, fetua bideragarria ez delako edo haurdunaldian bestelako arazo batzuk sortu direlako ia beti. Berriki, horrelako egoera jasan behar izan dutenen testigantza gogorrak bildu dira Texasen: malformazio ugari zekartzan edo, jaiota ere bizitzeko aukerarik izango ez luketen haurdunaldiak ezin etetea, fetuari bihotz-taupada atzematen zitzaiolako.

Sare sozialen kontrola

Iazko udan oso sonatua izan zen Nebraskako ama-alaben kasua. Legez kanpo abortatzeko pilula eskuratu eta haurdunaldia eteteagatik auzipetu zituzten, estatu horretan abortatzeko ezarritako arau zorrotzen ondorioz. Baina kasua berezi egin zuena poliziak frogak biltzeko erabilitako modua izan zen: Facebook sare sozialean bi emakumeek izan zuten elkarrizketa bat atzeman eta bertan esandakoak baliatu zituzten, ama-alabek haurdunaldia eteteko pilulak nola eskuratu hitz egin zutela erakusteko. Senideen arteko komunikazioa pribatua izan arren, sare sozialak poliziari helarazi zion solasaldia.

Facebookek ezinbestean betearazi behar zuen poliziaren eskaera, epaileak aginduta zetorrelako (Meta enpresak emandako argibideen arabera, auzitegiko aginduak ez zuen balizko delitua aipatzen, eta ez zekarren abortuari buruzko inolako aipamenik). Eva Galperin adituaren iritziz, horrelakoak ez gertatzeko gakoa mezuak enkriptatzea da, hitz egindakoaren berri komunikazioaren mutur batean eta bestean daudenek soilik izan dezaten, eta ez bien artean dagoen plataformak.

«Whatsapp-ean esaterako, horrela da, eta hori ere Meta-rena da, Facebook-en enpresa berarena, alegia. Facebook-en ere posible da mezuak enkriptatzea, baina sare sozial honen politika ez da automatikoki egitea, norberak hala hautatutakoan baizik». Hau da, norberak joan behar du aplikazioaren ezarpenetara eta mezuen pribatutasun-modu hori ezarri. «Elkarrizketa bera Whatsappez izan balute, poliziak ez zuen esandakoaren edukia biltzerik izango, Meta-k ez lituzkeelako datu horiek edukiko».

Ohioko gobernuaren egoitzaren aurrean egindako protesta baten irudia, Columbusen. Oinarrizko eskubideen afera, abortuarena tartean, pil-pilean dago AEBetan. (Stephen ZENNER / AFP)

«Zurrumurru asko eta beldur handia dago», dio Sapna Khatri Kaliforniako UCLAko Zuzenbide Klinikoko irakasleak. Klandestinitate horrek dakarren izuaren beste arriskuetako bat da abortuari buruzko informazioa behar duenak zurrumurruak edo erdi-usteak jasotzea, informazioa zuzenean jasotzeko beldurrez: «Jendea urduri dago informazio horren bilaketaren historiak poliziaren eskuetan amai dezakeelako».

Giza eskubideak elkarri lotuta daude, eta “Roe v. Wade” erortzea ondorio arriskutsu ugariren abiapuntua da, abortatzeko eskubideetatik askoz urrunago. Hala, abortu-eskubiderako babes konstituzionala galduta, mehatxu berriak sortu dira emakumeen osasunaz arduratzen diren elkarte eta profesionalentzat. Ginekologia-klinika batzuk ixteaz gain, estatu batzuetan lan egitea ia ezinezko bihurtu baitzaie; komunikazioaren eta adierazpen-askatasunaren inguruko arrisku berriak sortu dira. Izan ere, Auzitegi Gorenaren erabakia iritsi eta berehala estatu askok abian jarri zituzten legeek emakumeei osasun-zerbitzuak ematen saiatzen dena ere kriminalizatzen dute. Azken batean, haurdunaldia eten ala ez, ugalkortasun-osasuna bera, adierazpen zabalenean ulertuta, informazioarekin lotuta dago. Abortatzeko erabakia informazioa eskuratzearekin hasten da, eta informazioa partekatzea delitutzat hartzen denean, adierazpen askea mugatzen da.

Aplikazioak

Sare sozialetako komunikazioak eta datu pertsonalak auzibide eta pertsekuzio polizialerako bide izan daitezkeela ikusita, hilerokoari buruzko aplikazioak instalatuta dauzkaten emakumeei berehala ezabatzeko aholkatu diete zenbait elkartek eta ekintzailek. Eva Galperinek ez du uste berehalako arriskua dagoenik aplikazio horiekin edo geolokalizazioa darabiltenekin: «Besteak beste, estatuek kliniken aurka eta, modu batera edo bestera, abortuan laguntzailetzat dituztenen aurka jo dute, baina ez abortua izan duen pertsonen aurka. Sarritan, muga oso lausoa da, ordea, haurdunaldia etetea norberak egiten duenean esaterako, horretarako pilulekin, adibidez».

Geolokalizazioa batuz gero hilerokoaren aplikazioari, abortua debekatuta dagoen estatu batetik irten eta hura legezkoa den beste estatu batera joan ote den ikusi ahalko litzateke, baita klinikan egon den ere. Mugitzea, bidaiatzea bera, ez dago debekatuta. Edo ez da egon, orain artean. Idahoko estatua mutur horretaraino iritsi da, adingabeen kasuan: adingabe bati gurasoen baimenik gabe estatutik kanpo abortu bat izaten laguntzen dion edonorentzat bi urtetik bost urtera arteko espetxe-zigorra izatea arautu dute.

Horren berri izateko, sarritan, datu bilketa bera bihurtzen da arazo: erabiltzaileentzat une batean baliagarri diren datuak dira, hilerokoaren edo beste edozein osasun-egoeraren gaineko kontrola izateko. Baina aplikazio hori garatu duten enpresek ere datu horiek guztiak metatuta gordetzeak etorkizuneko arriskurik ekar dezake; «horregatik, enpresa horiek datu horiek ahalik gutxien izateko moduren bat bilatu beharko lukete. Gero eta informazio eta datu gehiago metatu, are arrisku handiagoan daude erabiltzaileak». Orain bertan lehentasuna komunikazioak enkriptatzea da. Nebraskako ama-alabei gertatu zaien gisan gerta lekieke, izan ere, informazio-eske ginekologo batengana doazenei edo emakumeen osasunean diharduen edozein klinikatako arduradunei idazten dietenei; baita klinikako langileei ere.

Ezin ahaztu, gainera, abortuaren aurka gogorren diharduten estatuek herritarren salaketari bidea ireki diotela, laguntza behar duen emakumeari abortua izatea oztopatzeko. Texas izan zen lehena, 2021ean. Gizon batek, bere bikote ohiaren lagunak salatu zituen haren mugikorrean aurkitutako mezuekin (adiskideek gizona salatu zuten halaber, emakumearen pribatutasuna urratzeagatik). Aldameneko Oklahomak ere, abortua izan duenari “laguntzea” zigorgarri bihurtu du. Idaho, are urrunago joan da, eta berriki legeari helegitea jarri diote.

Adierazpen askatasuna

Nebraskako ama-alaben kasua gertatu baino lehen, Axios eta beste hedabide batzuek iragarri zuten horrelakoak gertatzeko arriskua, eta ohartarazi zuten polizia-arduradunek abortuak egin edo bilatu izanaren susmagarritzat dituzten pertsonen datuak eskatzen badituzte, Big Tech konpainiek men egingo zutela. Izan ere, abortu-eskubidearen aurkako obsesioak berriki arte pentsaezinak ziren neurriak proposatzea eta, tarteka, hartzea ere ekarri du.

Molly Duane Erreprodukzio Eskubideen Zentroaren abokatua azalpenak ematen, Austin hiriko epaitegi baten atarian, Texasen. Salatu zuenez, legedi berria nahasgarria da eta babesik gabe uzten ditu medikuak. (Suzanne CORDEIRO / AFP)

Besteak beste, gaiari buruzko informazioa kriminalizatzea izan du ondorio. Emakumeen osasunari buruzko komunikazioa bera ia galarazteko urratsak jarri dituzte mahai gainean zenbait agintarik eta abortuaren aurkako elkartek. «Oinarrizko informazioa, bizitza salba dezakeena, jopuntuan jarri dute. Arkansaseko legeak, esaterako, abortuaren inguruko ekintzak hain modu zabalean definitzen ditu, ezen hezitzaileen, aholkularien eta medikuntzatik kanpoko profesionalen aurka jo ahalko bailitzateke, aborturako baliabideei edo aukerei buruzko aholkurik emanez gero», dio PEN Americako Nadine Farid Johnsonek. Izan ere, “National Right to Life Coalition” lobby antiabortistak (Bizi-Eskubideen Aldeko Koalizio Nazionala) proposatu duen legediak, esaterako, kriminalizatu egiten du informazioa ematea «telefonoz, internetez edo beste edozein bidetatik, bai norberak egiteko abortuei buruz zein legez kanpoko abortu bat izateari buruz», eta horren barnean dago abortuari buruzko informazioa daukan webgune bat izatea. «Aborturako aukera informaziorako aukera izaten hasten da eta adierazpen-librea arriskuan jartzen da informazioa banatzea ere delitutzat hartzen denean».

Litekeena da proposamen horietako asko azkenean ez gauzatzea. Baina atzean duten helburua betetzen dute, adierazpen askatasunaren aldeko elkarteek salatzen dutenez. «Auzibide kriminal baten beldurrak, estatu batean abortua ilegala den edo izan ote daitekeen informazioa bilatzeak edo banatzeak izan ditzakeen ondorioak argi ez egoteak, aski kezka dira adierazpen librea isilarazteko». Besteak beste, abortu-eskubideen aldeko ekitaldien berri ematen duten kazetarienganaino irits liteke mehatxua. Eta zer esanik ez, justizia erreproduktiboaren mugimenduaren buru izan ohi diren emakume beltzen kasuan.

Zenbait ikerketaren arabera, 45 urte betetzerako, lau emakumetatik batek aborturen bat izaten du AEBetan. «Ugari izan arren, esperientzia horretaz hitz egitea tabua izan da. Baina azken urteotan, tabuaren inguruko estigma ezabatzeko lan egin dute ekintzaileek, eta gero eta jende gehiagok hitz egiten du bere esperientziari buruz, euren komunitatean, sare sozialetan, prentsan, baita lan artistikoen bidez ere», dio Farid Johnsonek. «Abortua kriminalizatzeak, eta hitz egiteko ere beldurra ekarriko duten legeak onartzeak, laino iluna ekarriko du abortua haien istorioaren zati den emakume askorentzat. Hori isilaraztea agian ez da hain ikusgarri edo dramatikoa, baina erabaki honen beste ondorio triste bat da. Auzitegi Gorenak ‘Roe’ baliogabetu zuenean, ez zuen abortu-eskubidea soilik atzera bota; emakumeen gorputz-autonomiaren aurkako erasoa da; gure istorioen aurkako erasoa da -eta adierazpen librerako askatasunaren aurkakoa-».

Online plataforma handiak behartzeko ahaleginak ere etor daitezke, abortuari buruzko informazioa blokeatu dezaten zenbait erabiltzailerentzat. Abortuaren aurkako ekintzaileek eta hautetsi errepublikanoek sare sozialen konpainien aurkako demandak jar ditzakete, abortuari buruzko informazio askea mugatzeko. Texasen, esaterako, HB20 legeak sare sozialetako enpresei eskatzen die «ezabatutako edukiari buruz erregularki txostenak egiteko, kexu-sistema bat eratzeko eta edukien erregulaziorako prozedurak azaltzeko». Hau da, AEBetako estatu batzuetan legezkoa izango litzateke gauza bat esatea, baina aldamenekoan debekatuta egon liteke adierazpen hori bera.