SEP. 09 2023 Pablo ahanzturan eror ez dadin Koldo SAGASTI Epe labur samarrean egingo zaio Pablo Gonzalezi dagokion epaiketa», iragarri zuen Zbigniew Rau Poloniako Atzerri ministroak NATOko segurtasun aferen inguruko batzar baten osteko prentsa agerraldian, iragan maiatzaren 24an. Dagoeneko ia lau hilabete pasatu dira zorioneko adierazpenetik, eta kazetari gatibuaren aurkako epaiketaz arrastorik ez. 2022ko otsailaren 28an atxilotu zuten Poloniako segurtasun indarrek berriemaile busturiarra, Ukrainarekiko mugan, zegokion prentsa-akreditazioa zeramala eta errefuxiatuen ihesaren berri jasotzen ari zela, eta urte eta erdi geroago Radomeko kartzelako ziega batean jarraitzen du leporatzen zaizkion balizko delituak ezagutu gabe. Pentsa genezake kazetariaren egoera Espainiako diplomaziaren makineria guztia martxan jartzeko bezain larria dela, eta egunero prentsako hedabide guztietako azalera ekartzeko bezain garrantzitsua, baina ez, Jose Manuel Albares buru duen Atzerri Ministerio espainolak ez du hatz bat bera ere mugitu 18 hilabete hauetan berri emaile atxilotuaren egoera argitu dadin, eta auziak, sare sozialetako mintegietatik harago, komunikabide espezializatu gutxi batzuetan baino ez du oihartzuna. Akaso bizkaitarraren zoria bestelakoa zatekeen, kazetari free lance eta gerra zibilean Sobietar Batasunera erbesteratutako iheslari baten ondorengoa izan beharrean, aktore famatu baten seme bihurria izan balitz eta turista bat erail eta gorpua zatikatu izan balu. Beharbada zorionekoagoa zatekeen bahitu duen erregimena Espainiako estatu aliatu batena izan ez balitz eta kontakizun hegemonikoaren alderdi egokian izan balitz. Nolanahi ere, nago Gonzalezen aferak ez duela merezi duen erantzunik izan, ez administrazioaren, ez prentsaren eta ez gizartearen partetik, eta eskumen diplomatikoak eta mediatikoak dauzkatenek egoerak eskatzen duen bezala jokatzen ez duten bitartean gu guztion esku dagoela Pablo ahanzturan ez erortzea. •