Juantxo EGAÑA

Euskal espedizio bat Peruko andeetan, 1967an

(JUAN MARI FELIU DORD)

1967ko apirilean, Peruko Andeetara zihoan euskal espedizio bat itsasontziz abiatu zen Santurtzitik Limako Callao porturaino. 24 egun behar izan zituzten helmugara iristeko. Euskal espedizioaren asmoa Andeetako gailurrik garrantzitsuenetako batzuetara iristea zen. Juan Mari Feliu Iruñeko espediziokide batek ikurrina zeraman ekipajean. Euskal espedizioak ordura arte zapaldu gabeko hiru tontor igo zituen: Uchuraju, Ayukuraju eta Atunrraju (5.987 metro). Azken horretan ikurrina jarri zuten eta Feliuk bere kamerarekin, Kodak Retinette batekin, gerorako geratu den argazkia atera zuen.

Euskal Herrira itzuli zenean, Juan Mari Feliuk, Espainiako poliziak ikurrina konfiskatu egingo zuela aurreikusita, Baionan zegoen Eusko Jaurlaritzaren egoitzan utzi zuen, eta Manuel Irujok hartu zuen haren ardura. Aste batzuk geroago, Angel Landa espediziokideetako baten eskutik Basaurin ematen ari zen proiekzio batean, akats bat tarteko, Atunrrajuko gailurreko argazki batzuk erakutsi ziren. Bertan ikurrina ikusten zen, eta publikoak txalo artean hartu zuen euskal ikurraren presentzia. Proiekzioa egin eta egun batzuetara, poliziari egindako txibatazoak espedizioko kide guztiak atxilotzea eragin zuen. Atxiloketak eta miaketak izan ziren eta polizia ikurrinaren eta diapositiben bila ibili zen han eta hemen. Euskal Mendizale Federazioko orduko presidente Pedro Otegik ere komisariatik pasatu behar izan zuen.

Argazkien egile eta ikurrinaren eramaile Juan Mari Feliu atxilotu egin zuen Guardia Zibilak, eta bere etxea miatzean, espedizioko beste kideei bezala, Andeetan ateratako irudi asko konfiskatu zizkioten, besteak beste, Atunrrajuko gailurreko ikurrinarenak. Feliuk bi hilabete eman zituen Iruñeko espetxean. Goian ageri den argazkian Andeetako euskal espedizioko kideak agerti dira: Angel Landa, Paco Lusarreta, Angel Rosen, Juan Ignacio Lorente eta Juan Mari Feliu (zutik) eta Rodolfo Kirch eta Luis Mari Saez Olazagoitia (makurtuta).