Gorka ETXEBARRIA DUEÑAS
Historialaria
3 BEGIRADA:

Arreta bila

Ilustrazioa: JONBI EGURTZEGI
Ilustrazioa: JONBI EGURTZEGI

Gogoan duzue nazio foralarena? Ba horixe, aireak eramana, beste hainbat proposamen bideraezin bezala. 1978ko Konstituzioaren markoa erabat bidegabea dela urte luzez salatu dutenei aurpegiratu izan zaie: utopikoak, irrazionalak, iraganean iltzatuak... Egia esan, denboraren poderioz, irrazionala zena Gernikako (barkatu, Moncloako) Estatutua beteko zela uste izatea zen, edo Nafarroarako espainiar Konstituzioak aurreikusten zuen xedapena martxan jar zitekeela pentsatzea. Edo gartsuki Puerto Rico forala proposatu zutenean bezala, gero ikurrinaren koloreekin aterkien kontzentrazioa egiten bukatzeko...

Independentzia aldarrikatzea ez da separatismoa eta bazterketa. Monzonek esaten zuen bezala, separatistak, izatekotan besteak dira, euskaldunak banatu nahi gaituztelako. Independentzia aldarrikatzeak esan nahi du presente edukitzea Pirinioen bi aldeetan bizi garela euskal herritarrak eta benetako gure herentzia historikoa horixe dela, euskaldunak izateak ematen digun senidetasuna, jatorriak jatorri eta testuinguru politikoa dena delakoa izanik. Ez XIX. mendeko legeria batera begiratu beharra. Jakin behar baitugu bai XIX. mendearen erdialdea bai Kontzertu Ekonomikoen lehen garaia burgesiaren eta oligarkiaren urrezko aroa izan zirela. Foruek ez zituzten langileak babestu; aberatsen errentak eta aberastasuna zaindu zituzten eta, are gehiago, Pariseko Komunaren garaian euskaldunak Aita Santuaren aldeko gurutzadara bidali zituzten. Galdetzen didatenean karlistaldien garaian zein aukera egingo nukeen, zer pentsatua ematen dit 1871n Donostian argitaratzen zen aldizkari internazionalista ere bazegoela jakiteak (El Libre Vasco-Navarro).

Digresio historikoak alde batera utzita, berriro jarri dute mahai gainean foruen asuntoa, lehendakariaren konbentzio konstituzionala delakoarekin. Legea aldatu gabe legea aldatzeko proposamena, markoa zabaldu gabe marko zabalagoa egitekoa. Harrituta nauka hitz askorekin ezer ez esateko Urkulluren erraztasunak. Baita une honetan Euskal Herriko gizartea ulertzeko bere zailtasunak ere. Norbaiti gaizki jokatzen ari denean arreta ematen diozunean bezala gertatzen da: pertsona horrek, bere buruari begiratu beharrean, okurritzen zaion edozein gauzarekin erantzuten dizu.

Jeltzaleen aurreikuspen elektoralak uste baino eskasagoak direla? Ba, konspirazio bat dago. Jendea konturatu dela kudeaketa ona diru publikoarekin txiringitoak sortzean oinarritzen zela? Errua langileena eta sindikatuena da. EH Bildu gero eta sektore zabalagoentzat erakargarria dela? Ba, Eitb Jaurlaritzaren kontra dago. Nafarroan aldaketaren aldeko posizioak indartzen ari direla? Ba, Urkullu indartuko duen konbentzio konstituzionala egin beharko da. Espainian bipartidismoa zartatu zenean, jeltzaleen bozak puztu ziren modu berean, espainiartasuna indartu denean lekurik gabe geratzen ari dira. Pintxoen eta argazki politen autonomia erkidegoak ez die soluziorik eskaintzen langile eta herritarrei. Pote eta pote artean, laneko tarteetan edo familian, etengabe zer egin daitekeen, zein akats egin ditugun, zein aukera ikusten ditugun... eztabaidatu eta eztabaidatuko dugunok aurrera begira ari gara eta foru autonomiak gainezka egin behar du jada. •