Euskarazko uharte bat AEBetako mendebaldean, duela 25 urtetik
Euskal Herritik kanpo euskaraz murgiltzeko dagoen ikastola bakarrak mende laurdena bete du Boisen, AEBetako Idaho estatuko hiriburuan. Seme-alabek hizkuntzari eusteko helburu pertsonal gisa zenbait familiak hasitako egitasmoa handitu eta egonkortu egin da 25 urteko ibilbidean eta 27 haur dituzte gaur egun euskaraz ikasten, hartu ditzaketen guztiak.
Broadway etorbidean behera goazela, Boise hiriaren erdialderantz, AEBetako familia bakarreko ohiko etxeak ageri dira bata bestearen atzetik, solairu bat edo bikoak, lorategi eta guzti. Adreiluzko etxe baxu eta zabalak ere ez luke aparteko atentziorik emango, kanpoan belarretan ageri den seinaleagatik ez balitz: «Boise’s Basque Pre-School» dakar letra larriz, eta «Boiseko ikastola» aldamenean.
Sarrera atzeko aldean dauka ikastolak, umeek jolasteko daukaten parketxoaren aldetik, zuhaitz erraldoia erdian, eta olgetarako lekua. «Boiseko ikastola. Ezina ekinez egina» dakar ate ondoko horma koloretsuak. Barruan, isiltasuna da nagusi sartu garenean. Ikastola “usaina” dago: Euskal Herriko irudiak, figurak, marrazkiak, mapak, baita Idaho eta AEBetako mendebaldeko erreferentziak ere. Umeak bazkalosteko atsedenean daudela dioskute Sara Pinter Larrañaga eta Ander Zubillaga Idarreta irakasleek; batzuk lotan, lasai egonean beste batzuk, denak ere aldameneko gelan. Hala, haurrak itzuli arteko tartea dugu elkarrizketarako. Hilabete pasatxo da Hernanitik etorri zirenetik. «Haurrak haur dira leku guztietan. Erronka nagusia hizkuntzarekin dugu. Dena ingelesez egiten dute, eta murgiltze ikastola izanik, ahalik eta euskara gehien erabiltzen saiatzen gara».
«Egitea gehiago kostatzen zaie, baina hasi dira ulertzen. Badakite zertara etorri garen; eskatzen diegu gurekin euskaraz egin dezaten», dio Sara Pinterrek. Hasieran ingelesez «water» eskatzen badigute, «nola?» galdetzen diegu eta aldatu egiten dute, «ura» esateko. Guraso batzuek euskara pixka bat dakite, «aginduren bat euskaraz ematen diete, baina ingelesa da etxeko hizkuntza jatorri euskalduneko familietan ere», aipatu du Ander Zubillagak. «Batzuentzat bigarren urtea da, eta badakizkite kanta batzuk». Baina hasi berri direnen kasuan ere, murgiltzea hasi da euskaraz zipriztintzen. Batzuen gurasoek esaten digute, «hara, etxean eskerrik asko esan du».
Oso gustura daude Boisen bi irakasleak. «Oso jende zabala aurkitu dugu, euskal komunitatearen baitan zein kanpoan, eta herri giroa, familia sentsazio hori orokorra da. Oso eskertuta gaude egin diguten harreragatik, laguntzeko prest, goxotasun handiz denak».
Euskaraz murgildu
Umeak elkartzeko gela nagusiaz gain, beste hiru gela txikiago dituzte, adin eta proiektuen arabera banatzeko haurrak. Lehen haurrak hasi dira siesta egin duten gelatik irteten, bizkor batzuk, erdi-lo besteak. Idahoko hiriburuko sei urtera arteko 27 ume etortzen dira ikastolara. «Izan dezakegun gehieneko kopurua da», dio Sarah Artis Alegria ikastolako zuzendariak: «Oso ondo doa proiektua, komunitatearen babes handia dauka. Beteta dago ikastola, itxaron-zerrenda daukagu datorren urterako ere. Gogorra da batzuei ezetz esatea, ilusio handia daukate haien haurrak kultura honetan murgiltzeko».
Goizero zazpiak eta erdietan zabaltzen dituzte ateak eta, «bederatziak arte jolas librea izaten dute. Gero goizeko aktibazio-ariketak datoz euskal kantekin», dio Sara Pinter irakasleak. Talde handia izanik, eta 3 eta 5 urte arteko adin tartean, «bi taldetan banatu ditugu, hainbat errutina lantzeko; astelehenetan sentimenduak, astearteetan koloreak, zenbakiak, hizkiak... eta horiek guztiak euskaraz. Gero proiektu bat aurrera eramaten saiatzen gara; covid garaian egon ziren irakasleek zenbait unitate landu zituzten, eta horiek erabiltzen ditugu». Hamaiketakoa haur bati dagokio egunero. Gauza asko Euskal Herriaren antzekoak izanda ere, elikaduran aldeak daudela ikusi dute: «Han denentzat bazkari bera izan ohi da; hemen ume bakoitzak etxetik ekartzen du, filmetan bezala». Sandwicha edo pizza izan liteke, baina AEBetan ere ondo jateko aukera dagoela gogorarazi dute irakasleek eta elikadura osasuntsua herritar askoren arduren artean dagoela.
Hamaiketako eta bazkariaren artean, «kanpora ateratzen ditugu, eta gero txoko-buelta bat: matematika txoko bat, hizkuntza txoko bat, artea, jolas sinbolikoa eta eraikuntza, eta astean zehar txoko guztietatik pasatzen dira». Azken zatian, eskola publikoko edo kindergarten-eko curriculumari begira, ingelesez egiten du zuzendariak. Gainerako guztia euskaraz da. «3-5 urte arteko adin-tarte hau izugarria da, edozer harrapatzeko gai dira, eta berehala hasten dira euskaraz. Beti ez dute jakingo zer den hau edo hori, baina oso bizkor hasten dira», dio Annie Gavicak, ikastola kudeatzen duen Boiseko Euskal Museoko zuzendariak. Berak ere Bizkaiko Lea-Artibain eta Baxenabarren ditu sustraiak.
Egunotan, ikastolaren 25. urteurrenaren harira, erakusketa berezia paratu dute museoan. Hiriaren erdi-erdian dago; Basque Block-ean aldamenean ditu euskal etxe dotorea, Leku Ona, Gernika eta The Basque Market tabernak, baita Cyrus Jacobs-Uberruaga eta Anduiza ostatuak ere, Euskal Herritik mendebaldera iritsitako dozenaka euskaldunentzako lehen geltoki. Anduizak Ipar Amerikako frontoirik ikusgarrienetakoa ere badauka.
Urteurrena
«Emozioz beteta gaude, ikastola non eta nola hasi zen eta noraino iritsi den», dio Gavicak. Unibertsitatean eta St Joseph eliza katolikoaren ikastetxean lehen urteak egin ostean, ikastolak bere eraikina dauka gaur egun. «Hamahiru ikaslerekin hasi zen, eta orain ia 30 dira. Ia 300 ume pasatu dira ikastolatik 25 urteotan, eta euretako askok euskal kulturarekin jarraitu dute, era askotan. 90eko hamarkada amaierako familia batzuen amets zoroa izan zen: elkartu eta Boiseko ikastola sortu zuten. Gero proiektua handitu, etxe bat aurkitu, berritu eta ireki zuten», dio Gavicak.
Euskal Herritik kanpo euskaraz murgiltzeko ikastetxe bakarra da, «baina hasierako sortzaileen helburua pertsonalagoa zen, haien seme-alabek euskaraz jarraitu ahal izatea nahi zuten, eta gero ohartu ziren zeinen gauza berezia sortu zuten».
Nere Lete Boise Unibertsitateko euskara irakaslea izan zen sortzaile horietako bat. Honela gogorarazi du sorrera: «Senarraren kontua izan zela dut gogoan; badakizu gauza amerikar hori, zerbait nahi duzula eta pentsatzea ezer ez dela ezinezko».
Estatubatuar espiritua eta euskal burugogorkeria nahastuta abiarazi zuten ikastola, Chris Bieter-ek berak gogorarazi duenez: «Bost familia izan ginen hasieran, gero zazpi... gerokoa ametsa izan da. 25 urte dagoeneko! Gure txikienak orain 23 ditu, agian laster haietako batzuek ere haurrak eramango dituzte ikastolara». Azken hilabeteotan «museoak elkartu gaitu orduko gurasoak, ikasleak... lehengo istorioak eta orduko asmoak gogorarazteko. Zenbat irakasle pasatu diren! Oraindik haietako askorekin harremanetan gaude».
«Niretzat, etxean ginena aintzat hartzea izan zen ikastola. Haurrentzat, etxean ginen hori kanpoan ere izan zitezkeela ikusaraztea, euskara etxean egiten genuena baino gehiago zela, etxetik kanpo ere hori aintzatesteko leku bat zegoela». Nere Letek erakusketarako esandakoak dira. Haren seme Andonirenak ere jaso dituzte museoan: «Ez zen ikastea, euskaraz bizitzea zen ikastola».
James Sangroniz ikastolaren sortzaileak ere gogora ekarri duenez, «amak ahalegin handia egin zuen niri euskaraz irakasteko… Gure umeek amak gugan jarritako ahalegina gauzatzeko aukera izatea, gure kulturarekin konexio hori izatea oso garrantzitsua zen». Alex Betts ikasle ohiak, bestalde, ikastolan dauka «euskal komunitateaz daukadan lehen oroitzapena. Urteetan irauten duen askoz esperientzia handiago eta zabalago baten abiapuntua izan zen».
Obama eta euskaldunak
Ikastolak, hemezortzi urtez beste ikastetxe batzuen abaroan egon ostean, bere eraikin propioa ireki zuen 2015eko udan Boiseko ibaiaz bestaldean, Jaialdi Ipar Amerikako euskal jairik handiena hasi baino egun batzuk lehenago. Ondorengo asteetan, Idahoko hiriburuko euskal jaira iritsitako milaka euskaldunetatik batek baino gehiagok egin zioten bisita Broadway etorbideko etxeari. Komunitatetik jarritako diruarekin eta auzolanean egindako lanekin egokitu zuten, eta David Bieter orduko alkate euskalduna izan zen inaugurazio ekitaldian. Sei hilabete lehenago, alkatea Barack Obama presidentearekin batera hegazkinean itzuli zen Washingtonetik Boisera. «Lasai, ez du ezer apurtu», egin zuen txantxa Obamak unibertsitatean egindako hitzaldian, eta jarraian, Bieterrekin Air Force One-an izandako solasaldia kontatu zuen. «Istorio sinestezin bat, Euskal Herritik etorritako bere aitonari buruz, nola eman zituen bost urte artzain mendian, eta urtean bi hilabetez-edo bakarrik jaisten zela hirira».
Ingelesa jakin gabe artzain lanean hasi behar izan zuten euskaldun haien seme-alabak erabat integratu ziren AEBetako gizartean; gutxik eutsi zioten hizkuntzari, baina euskal-amerikar identitateak beste molde batzuk hartu zituen. Egun, ikastolako haur askok arbaso euskaldunak izanda ere, bi, hiru edo lau belaunaldi joan behar da, gehienetan, Bizkaitik joandako arbasoarengana iristeko. Ingelesa dute denek etxeko hizkuntza, eta gelan ere ingelesez dabiltzan arren, eskolako lehen asteak igarota hasi da euskara lekua egiten. «Non dago Mr Smith?», galdetu dio haur batek ingelesez beste bati jolasteko karta batzuk erakutsiz, eta horrek euskaraz dio «etxean» edo «ikastolan».
«Batzuen kasuan, aitonak edo amonak badaki, eta erdiko belaunaldiak galdu du; konexio hori egitea inportantea da», diote irakasleek. Egia da ikastola utzitakoan zaila dela hizkuntzari eustea, Euskal Herritik bederatzi mila kilometrora, ingelesa jaun eta jabe den ingurunean. «Batzuetan hitz batzuk baino ez dira geratuko etorkizunean, eta beste batzuek euskal kulturan murgilduta jarraituko dute. Euretako asko dantza eskoletan edo unibertsitateko irratian euskaraz aritzen dira». Eta txikitan ikasitakoa berreskuratzera Euskal Herrira joan izan direnak ere ez dira gutxi izan. Lazkaoko barnetegira, batez ere.
Pentsa litekeenaren kontra, ume guztiek ez dute euskal konexiorik. «Erdiak gutxi-asko euskal jatorriko familietatik datoz, eta beste erdiak, euskal sustrairik ez baina ikastolan interesa daukaten beste familia batzuetatik», adierazi digu Annie Gavicak.
Eta zein ote da AEBetako mendebaldean euskaraz ikasteko motibazioa? «Batzuetan gurasoek nahi dute haurrek bigarren hizkuntza bat jakitea; Boisen badira beste murgiltze eskola batzuk ere. Inportantea da euskara edo beste edozein hizkuntza gazterik ikastea, horrela, nagusitutakoan errazagoa izango baitzaie hizkuntza hori berreskuratzea edo beste hizkuntza batzuk ere ikastea. Beraz, onuragarria da; euskal konexiorik gabeko familia asko ditugu».
Ikastolako zoruan dagoen alfonbrak mundu osoko mapa ageri du: «Ez dute soilik gure kulturaz ikasten, beste kultura batzuk ere badaudela ikasten dute», dio ikastolako zuzendariak. «Zergatik euskara? Oso kultura berezia delako, eta gure proiektua ere oso berezia delako. Maitasun handia dago hemen. Eskola-barruti gehienetan ez dizute uzten haurra besoetan hartzen edo besarkatzen, edo familiaren lagun egiten. Hemen gure haurrak balira bezala hartzen ditugu, maitasun handia jasotzen dute, familia handi bat bezalakoak gara». Izan ere, «kulturarekin maitemintzea nahi dugu, eta hala, hazi ahala lotura estuagoa izatea, gure hizkuntzarekin hastea, gure istorioak ezagutzea, eta komunitateko zati bihurtzea».
Horretarako, urtero bi irakasle ekartzen dituzte Euskal Herritik, aurten Sara Pinter Larrañaga eta Ander Zubillaga Idarreta bezala beste bi maisu-maistra bilatzeko. Boiseko Museoarekin Hezkuntza Saila arduratzen da horretaz. «Proiektua gero eta ezagunagoa da Euskal Herrian eta urtero 20-30 lagun aurkezten dira», eta horietako bi hautatu behar dituzte. Hortik aurrera, AEBetako immigrazioarekin dagoen prozesu luzea hasten da, 15 hilabeterako bisatua lortzeko, eta ikasle zein irakasleentzako berebiziko esperientzia ahalbidetzeko.