SEP. 30 2023 IKUSMIRA Exodoaren biktimen eta biktimarioen trukea (Siranush SARGSYAN | AFP) Dabid Lazkanoiturburu Nagorno-Karabakhen bizi ziren 12.000 inguru armeniarrek guztia utzi dute, eta Armeniara bidean dira. 2020an Azerbaijan «44 Egunetako Gerran» gailendu zenetik, inguratuta bizi ziren. Azken hilabetean Latxineko pasabidea itxi zuen Bakuk, lurraldea guztiz blokeatuz. Aurreko astean azkenengo erasoari ekin zion, eta Karabakhekoek, inolako laguntzarik gabe, errenditu egin ziren. Sobietar Batasunak porrot egin zuenean, 90. hamarkadako gerran, armeniarrek irabazi zuten, eta armeniarrak gehiengoa ziren lurraldetik eta ingurutik 500.000-milioi bat azeriar Azerbaijanera bidali zituzten. Exodo baten buelta, mendekua. Armeniarrak eta azeriak antzinatik bizi izan dira elkarrekin eskualde horretan. Nazio Estatuaren jaiotza arte, eta batez ere, Stalinek Kaukason inposatu zituen populazio-mugimenduen eta muga ezartze xelebreen ondorioak azaleratzen hasi ziren arte, hain justu. Orain, ezin dute bata bestearen ondoan bizi.